euskaraespañol

Rijken familiak UPV/EHUko liburutegia bisitatu du hizkuntzalari holandarraren omenez

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2023/05/08

Irudia
Ezkerretik eskumara Tim Lew, Miren Azkarate, Cindy Lew, Itziar San Martin eta Junkal Gutierrez | Argazkia: Mitxi. UPV/EHU

Gaur, maiatzaren 5a, Rudolf de Rijk liburutegia bisitatu dute Tim Lew eta bere emazte Cindy Lew jaun-andreek. Seattletik etorriak, Bilboko egonaldi laburrean osabaren liburu-ondarea gordetzen duen liburutegia ezagutu nahi izan dute. Izan ere, Rudolf de Rijken emaztearen, Virginiaren iloba da Tim Lew eta, Euskal Herrira zetozela jakinik, de Rijk liburutegia ezagutzera bultzatu zuen izebak.

“I am very proud of my aunt's and uncle’s work and passion for the Basque Country and people” esan zigun Tim Lew jaunak. Baina, aldi berean, aitortu digu gehiago jakin nahi dutela, hobeto ulertu zergatik maite zuten horrenbeste Euskal Herria izena-osabek. Eta zergatik ditugun hain gogoan oraindik ere:

“We are humbled by your interest and gracious welcome for our upcoming visit.  This just shows the lasting impact my aunt and uncle have on you and your country.  Our decision to visit evolved over time and has become a "special purpose" as well.  My Aunt Virginia, (aka Junny) and Uncle Rudolf have been a source of inspiration to read and travel throughout our lives.  During a visit to their home in Amsterdam many years ago, I regret not fully comprehending their contributions to the Basque country at the time.  My aunt and uncle were more interested learning about  our busy lives than to talk about their own.  As I’ve become older and now retired, I am amazed at the stories and accomplishments of my family.  It’s better to be late than never to learn more about them and especially experience first hand through travel and meeting you.  It has been twenty years since my uncle’s passing; what better way to honor his life than to visit the country he so admired.”

Horixe azaldu nahi izan diegu Lew senar-emazteei gaurko bisitan: nolakoa izan zen Rudolf de Rijken ekarpena. Bi iturri aipatu dizkiegu bereziki: Bidegileak bildumak eskaini zion alea, Patxi Goenagak idatzia, eta Pello Salaburuk Euskara Instituaren webgunean, Rudolf de Rijk liburutegian eskainitako testua. Patxi Goenagak idatzi bezala, Rudolfek mundu honetan hiru maitasun nagusi izan zituen: emaztea, euskara eta xake jokoa. Lehenbizi, Virginia, emaztea. Gure bisitariek ondo baino hobeto dakiten arren, gogorarazi dugu nolako lekua zuen Virginiak de Rijken bizitzan. Berari esker lortu zen Rudolfek, hiltzean, amaitzeke utzitako A progressive Grammar of Standard Basque liburukote sendoko materialak behar bezala atontzea, eskuizkribuen artean utzitako lits solteak lotzea eta abar. Asko zor dio liburutegiak berak ere Virginia de Rijk-i.

“Eta hirugarren amodioa: euskara. Euskara bizi-beteko zaletasuna izan zen de Rijk-entzat, hil arte iraun zion maitasuna”, Patxi Goenagaren hitzak hauek ere. Hemengoak eta hangoak ezagutzen zituen, oraingo idazleak eta lehenagokoak (batez ere lehenagokoak) eta arras eroso sentitzen zen zubererazko nahiz bizkaierazko adibideen artean. Liburutegiko funtsak dira horren lekuko.

Ez zen, ordea, euskal autoreak ezagutu eta irakurtzera mugatu. Ekarpen benetan garrantzitsuak egin zizkion euskal hizkuntzalaritzari, doktore-tesitik hasita, 1972an MIT prestigiotsuan defendatu zuen Studies in Basque Syntax: Relative Clauses ikerlana.

Ama hizkuntza, jakina, nederlandera zuen, baina ingelesa, alemana eta frantsesa ere oso ongi menderatzen zituen, baita gaztelania, italiera eta serbokroaziera ere. Txinera irakurtzeko ere gai zen. Txinatar kultura biziki erakargarri zitzaion,  hizkuntza, musika eta sukaldaritza barne. Kantonera hiztegiño bat prestatzen ere hasia zen, denbora-pasa modura edo. Zazpi mila sarrera inguru ditu. Zaletasun horiek ere berehala ikusten dira de Rijk liburutegian.

Euskal Herriko Unibertsitateak ere izan du de Rijk-en lankidetza. Letren fakultatea eratu zenez geroztik, tesi epaimahaietako kide maiz izan zen de Rijk. Zenbait tesiren zuzendari ere bai. Bazuen irizpidea eta fidagarria zen edozein arlotan. Lan horren guztiaren esker onez, artikulu bilduma bikaina argitaratzeaz gain –1998an kaleratu zen De Linguae Vasconum: Selected Writings–,  lankideek, ikasleek eta adiskideek, gure Unibertsitateko eta beste leku askotako lagunek, aitortza gisa, de Rijk irakaslea erramuz koroatzea erabaki genuen bere erretiroa zela eta. Artikulu bilduma bat eskaini genion, hogeita hemeretzi lan mamitsuk osatutako liburukia: Erramu Boneta: Festchrift for Rudolf P.G. de Rijk.

Unibertsitateak eskain dezakeen ohore handiena ere jaso zuen Rudolf de
Rijk-ek, nazioarteko euskalari nagusitzat aitortu eta Doctor Honoris Causa izendatu baitzuen 2002an. Zoritxarrez, ezinezkoa gertatu zen jendaurreko ekitaldi akademiko jendetsu eta dotore bat egitea unibertsitatean bertan. Oso eri zen ordurako eta bere Amsterdameko etxean jaso zituen izendapenaren agiria eta gainerako ezaugarriak, familia giroko ekitaldi batean.