Masterraren gakoak
Filosofia, Zientzia eta Balioak Unibertsitate arteko Masterrean, filosofiaren alor nagusiak aztertzen dira, hala filosofia praktikoa –etika eta filosofia sozial eta politikoa– nola epistemologia eta zientziaren historia eta filosofia, eta zientziari eta teknologiari buruzko azterketa sozialen (ESCT) ikerkuntza aplikatuarekin konbinatzen da ikerkuntza oinarrizkoena.
Master honen bidez, ezagutzaren gizarteetan gertatzen diren egungo eraldaketa sozial, axiologiko, politiko eta kulturalak kritikoki aztertzeko eta ulertzeko askotariko metodoak, tresna kontzeptualak eta ikuspegi irmoak –filosofikoak, historikoak eta sozialak– landuko dituzu. Programa burutzen duzunerako, beharrezko ezagutza, konpetentziak eta ikuspegiak izango dituzu ulermen sistematiko bat erakusteko eta zeure kabuz nahiz taldean ikerketa akademiko bat egiteko filosofiaren eta ESCTen alorrean. Horrez gain, gai izango zara ezagutza intentsiboan oinarritutako jarduerak ulertzeko eta kudeatzeko ezagutza espezializatu eta garatua behar duten gizarteko postuetan jarduteko, bai eta filosofiaren arloko doktorego tesi bat prestatzeko ere.
UPV/EHUko Logika eta Zientziaren Filosofia Sailak eta Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Sailak antolatzen dute programa, Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoko (UNAM) Zientziaren Filosofiako Graduondo Programarekin batera.