Dekanoaren Agurra
Ongi etorri UPV/EHUko Bilboko Hezkuntza Fakultatearen webgunera. Fakultateko unibertsitate-komunitatea osatzen dugun guztion helburua da kalitatezko fakultate iraunkor eta atsegin bat elkarlanean eraikitzea.
Webguneak egunez egun egiten dugun jarduera guztia zabaltzeko lekua izan nahi du, Fakultateari, Fakultatea osatzen duten Sailei eta Euskal Herriko Unibertsitateari buruzko informazio iturri garrantzitsuaz gain.
Bilboko Hezkuntza Fakultatean (UPV/EHU), gaur egun, Lehen Hezkuntzako Gradua, Lehen Hezkuntzako Gradu Hirueleduna, Haur Hezkuntzako Gradua, Haur Hezkuntzako Gradu Hirueleduna eta Gizarte Hezkuntzako Graduak ematen dira. Gainera, masterren eta graduondokoen eskaintza zabala dago, etorkizuneko hezkuntza-arloetako ikertzaileen prestakuntza eta garapena sustatzen dutenak, baita profesionalen etengabeko prestakuntza ere.
Gure funtsezko ardatzetako bat ikasleak, irakasleak, ikertzaileak eta ikerketa-taldeak nazioartekotzea da. Hori dela eta, mugikortasun-programa erakargarri bat dugu, Eramus, Sicue eta antzeko programen esparruan erakunde arteko akordioak biltzen dituena.
Irakaskuntza eta ikerketa garatzeko, hezkuntza berriztatzeko eta kalitatezko hezkuntza garatzeko azpiegiturak ditugu. Horien artean nabarmentzekoak dira zientzietako laborategiak, eskola baratza, 0-3 urte bitarteko Laborategia eta MakerLab-a, Hezkuntza Fakultate bateko lehen Hezkuntza Maker gunea.
Fakultate bizia eta erreferentea da hezkuntza-ikerketaren eta ezagutzaren transferentziaren hainbat arlotan. Irakasleek eta ikertzaileek zenbait ikerketa-talde osatzen dituzte, Hezkuntzaren jakintza-arloak barne hartzen dituztenak, eta eragin handiko ikerketak eta argitalpenak egiten dituzte zientzia- eta hezkuntza-komunitatearen barruan. Era berean, hainbat hedapen- eta prestakuntza-lan egiten dira sortutako ezagutza hezkuntza-komunitateari eta gizarteari transferitzeko.
Bilboko Hezkuntza Fakultatetik (UPV/EHU) hezkuntza garatzen lagundu nahi dugu, eta arlo horretan adituak diren profesionalak prestatzeko helburuarekin lan egiten dugu. Gure nahia konpromisoa hartzen duten eta egungo eta etorkizuneko hezkuntzak izango dituen erronkei modu eraginkor eta berritzailean erantzuteko gai diren irakasleak, hezitzaileak eta ikertzaileak formatzea. Fakultatea hezkuntza arloko gogoetarako topalekua eta ikerketa dinamikoa eta kalitatezkoa egiten den gunea da. Baita, Gizarte- eta erakunde-eragileekin lankidetza-sinergiak eraikitzeko tokia, kalitatezko hezkuntza iraunkorra eta ebidentzia zientifikoan oinarritutakoa, beti ere justiziaren, errespetuaren eta elkartasunaren printzipio argiekin.
Urtza Garay Ruiz
Dekanoa