euskaraespañol

1.720 ikasle aurkeztuko dira Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioaren ezohiko deialdira UPV/EHUn

  • News

First publication date: 01/07/2024

Image

Euskal Autonomia Erkidegoko Batxilergoko 1.201 ikasle eta Lanbide Heziketako goi mailako heziketa ziklo bat egin duten beste 91 matrikulatu dira, Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioaren (USE) ezohiko deialdiarako. Horietaz gain, 428 ikasle emaitza hobetzera aurkeztuko dira. Azterketak uztailaren 3an hasiko dira. Guztizkoa (1.720) iazkoa baino pixka bat handiagoa da: 2023an 1.535 ikasle matrikulatu ziren ezohiko USEra. Aurten, beraz, % 12,5 igo da matrikula. USE hiru egunetan zehar egingo da, ostiralera arte, hilak 5, UPV/EHUren hiru campusetan.

Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioak bi fase ditu: sarbidea eta onarpena. Sarbide faseak helburu hau du: ikasleek graduko unibertsitate-ikasketa ofizialak egiteko heldutasuna eta oinarrizko trebetasunak neurtzea. Honako bost azterketez osatuta dago: Gaztelania eta literatura; Euskara eta literatura (asteazkenean 2024ko USE irekiko duen azterketa); Espainiako historia ala Filosofiaren historia (ikasleek bietatik bat aukeratu dezakete); Lehenengo atzerriko hizkuntza; eta Batxilergoko 2. mailako modalitateko derrigorrezko gaia. Gai bakoitzak 0 eta 10 bitarteko nota jasoko du, eta fase honetan gehienez 10 atera daiteke.

Batxilergoko notaren eta fase orokorreko kalifikazioaren artean egindako batez besteko nota haztatuan (% 60 Batxilergoari edo Heziketa Zikloari dagokio eta % 40 fase orokorrari) 5 puntu edo gehiago lortuz gero proba gainditutzat joko da, baldin eta ikasleak fase orokorrean gutxienez 4 puntu lortu baditu.

Onarpen fasea borondatezkoa da. Ikasleak edozein irakasgai aukeratu ahal du Batxilergoko bigarren mailako enborreko aukerazko irakasgaien artean, gehienez, lau. Nota igotzeko ere balio ahal dute sarbide fasean egindako irakasgaietako batzuek. Azterketei dagokienez, pandemian sortutako egitura malgua mantendu da.

Proben emaitzak uztailaren 10ean, 12:00etan, argitaratuko dira.

USEri buruzko informazio guztia: https://www.ehu.eus/eu/web/unibertsitaterako-sarbidea/2024-use-ezohiko-deialdia

2024ko USEREN EZOHIKO DEIALDIA EGINGO DUTEN IKASLEEN DATU XEHATUAK:

BATXILERGOA GAZTELERA EUSKARA GUZTIRA SEXUKA GUZTIRA CAMPUSKA
ARABA Emakumeak 37 52 89 180
Gizonak 39 53 91
BIZKAIA Emakumeak 92 200 292 558
Gizonak 71 195 266
GIPUZKOA Emakumeak 42 166 208 432
Gizonak 71 177 224
*CAMPUSERA ATXIKI GABE Emakumeak 16 5 21 31
Gizonak 3 7 10
GUZTIRA   347 854   1.201

* Campusetara atxikita ez dauden baina UPV/EHUn azterketa egiteko eskatu duten ikasleak.

LANBIDE HEZIKETA GAZTELERA EUSKARA GUZTIRA SEXUKA GUZTIRA CAMPUSKA
ARABA Emakumeak 1   1 1
Gizonak      
BIZKAIA Emakumeak 25 12 37 48
Gizonak 7 4 11
GIPUZKOA Emakumeak 9 11 20 27
Gizonak 3 4 7
*CAMPUSERA ATXIKI GABE Emakumeak 9 3 12 15
Gizonak 3   3
GUZTIRA   57 34   91

* Campusetara atxikita ez dauden baina UPV/EHUn azterketa egiteko eskatu duten ikasleak.