María Torrecilla Sesma eta Cristina Bruzos Cidón
Pregabalinaren erabilera eta gehiegizko erabilera: gehien saldutako sendagaietako baten historia
Farmakologiako irakasleak
- Cathedra
First publication date: 17/06/2024
(Opens New Window)Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.
Joan den martxoan, Erresuma Batutik iritsitako albiste batek nolabaiteko alarma sortu zuen pregabalinaren gainean. Sendagai hori sarritan erabiltzen da min kronikoa eta antsietatea tratatzeko. ‘The Sunday Times’ egunkari britainiarreko ikerketa batek farmako horren kontsumoarekin lotzen zituen azken urteetako 3.400 heriotza, eta gehiegizko erabilerarekin eta adikzioarekin lotuta sor zitzakeen arazoak deskribatzen zituen.
Opioideekiko adikzioaren ondorioz AEBn bizi duten krisi soziosanitarioaren larritasuna dela eta, pregabalinaren gisako sendagaien erabilerak ekar ditzakeen segurtasun arazoak interes bereziko gaia dira.
Epilepsiaz eta min neuropatikoaz harago
GABA (azido gamma-aminobutirikoa) neurotransmisorearen antzeko egitura kimikoa duen sendagaia da pregabalina. GABA substantziak modu inhibitzailean erregulatzen du garunaren jarduera. Gabapentinarekin batera, gabapentinoide izeneko sendagai multzoa osatzen du.
Espainian, pregabalina zuen lehenengo sendagaia Pfizer laborategi farmazeutikoak merkaturatu zuen, Lyrica izen komertzialarekin. Hasieran, epilepsia eta min neuropatikoa tratatzeko onartu zuten eta, gero, antsietate nahasmendu orokortua tratatzeko baimendu zuten.
Denborarekin, Lyricaren erabilera zabaldu egin zen, eta baimen sanitariorik ez zuten beste patologia batzuk tratatzeko erabiltzen hasi ziren, hala nola min kronikoa, gerrialdeko mina, ebakuntza osteko minaren prebentzioa, fibromialgia eta migrainaren profilaxia. Aplikazio horri ‘off-label’ edo fitxa teknikotik kanpokoa esaten zaio. Batzuetan, erabilera horiek justifikatuta egon daitezke ikuspegi medikotik, baimendutako alternatiba terapeutikorik ez badago eta, betiere, legez araututa daude.
Debekatuta dagoena publizitatea egitea da, eta Pfizerrek milioi askoko isunak ordaindu behar izan zituen horregatik. Gogoratu beharrekoa da sendagaiak ‘off-label’ erabiltzeak segurtasun arazo bat eragin dezakeela, tratamenduaren kostuak handitu ditzakeela edo, zuzenean, eraginik gabea izan daitekeela, frogatuta baitago erabilera horien onura terapeutikoa ez dela nahikoa.
Hala ere, hainbat azterlanek ondorioztatu dutenez, gabapentinoideen errezeten erdiak baino gehiago baimendu gabeko erabileretarako egiten dira; gehienbat, hainbat min mota tratatzeko, azterlan zientifikoek horien erabilera gomendatzen ez duten arren.
Horien kontsumoak gora egin du
Gaur egun, pregabalina duten 168 sendagai existitzen dira, generiko izenekoak barne. Kontsumo datuak Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziaren (AEMPS) webgunean kontsulta daitezke; zehazki, analgesiko ez opioideen erabilerari buruzko txostenean.
Informazio hori DHD unitatearen bidez adierazten da, hau da, eguneko dosi definitua (DDD) 1.000 biztanleko eta eguneko. Hala, badakigu azken 10 urteetan pregabalinaren kontsumoa % 66 hazi dela. Izan ere, 2012 eta 2022 artean, DHD 3,56tik 5,92ra igaro zen. Azken datu horren arabera, egunean, batez beste, 1.000 pertsonatik 5,92k pregabalinaren DDD bat jasotzen dute. Gaur egun, Espainian gehien kontsumitzen diren sendagai analgesiko ez opioideen artean hirugarrena da, parazetamolaren eta metamizolaren atzetik.
Segurua al da pregabalina hartzea?
Pregabalinak, sendagai guztiek bezala, albo ondorioak izan ditzakete. Hau da, nahi ez ditugun, baina kasu askotan saihestu ezin diren ondorioak. Zorionez, gehien gertatzen direnak, gutxienez 10 pertsonatik batean agertzen direnak, arinak dira. Horien artean, zorabioak, logura eta buruko mina nabarmentzen dira.
Beste batzuk ere ager daitezke, maiztasun baxuagoarekin. AEMPSren informazio zentroaren webguneko fitxa teknikoan (sarbide irekikoa) edo sendagaiaren erabilera orrian kontsulta daitezke horiek guztiak. Garrantzitsua da aipatzea albo ondorioak sarriago agertzen direla pregabalina dosi handietan eta modu kronikoan hartuz gero. Eta, nolanahi ere, ez dago frogatuta erabilera mota horrek mina hobeto arintzen duenik.
Ondoriorik larrienen artean arnasketa murrizteko arriskua dago. Izan ere, funtzio hori kontrolatzen duen garuneko eremuaren gainean eragiten dute. Garrantzitsua da hori kontuan izatea, pazientea dagoeneko ondorio bera duten beste sendagai batzuk hartzen ari bada. Izan ere, dosi altuetan konbinatuz gero, arnasketa gelditu eta heriotza eragin lezakete.
Beste sendagai depresore horiek analgesiko opioideak dira (adibidez, morfina), min handiak arintzeko erabiltzen ditugunak, eta bentzodiazepinak (adibidez, orfidala), lo egiteko edo nerbioak apaltzeko hartzen ditugunak. Hainbat azterlanek erakusten duenez, gabapentinoideak erabiltzen dituzten pazienteen % 60k beste depresoreak ere hartzen dituzte. Konbinazio desegoki bat egon liteke ‘The Sunday Times’ egunkariak deskribatu zuen pregabalinaren erabilerarekin lotutako heriotzen hazkundearen atzean.
Pregabalinaren eragin depresore horrek, garunaren sistema linbikoan eraginez gero, euforia eta ongizate sentsazioa sortzen du, eta horrek gehiegizko erabilera eta mendekotasuna ekar ditzake. Mendekotasunak esan nahi du beharrezkoa dela substantzia bat hartzen jarraitzea, haren ondorio desiratuak sentitzeko edo ez kontsumitzeak eragiten duen ezinegona arintzeko (abstinentzia sindromea).
Sendagaia hartu ezean, ondoeza eragiten duten sintomak agertzen dira, eta horrek sendagaia hartzen jarraitzera bultzatzen du pazientea, ondorio negatibo posibleak izan arren. Lagunartean, “engantxatuta egotea” esaten zaio. Aurrez adikzio arazoak izan dituzten pertsonak bereziki zaurgarriak dira.
Beti medikuak gainbegiratuta
Pregabalinaren gehiegizko erabilerarekin lotutako arriskuak gutxitu egin daitezke pauta medikoaren jarraipen egokia eginda, eta noizean behin tratamendua mantentzearen edo kentzearen beharra baloratuta, eraginkortasun irizpideen, jasateko gaitasunaren, albo ondorioen eta atxikiduraren arabera. Balorazioaren ondoren tratamendua etetea gomendatzen bada, gradualki egingo da, eta medikuak gainbegiratuta.
Nolanahi ere, pregabalina baimenduta dago min neuropatikoa –nerbio bat kaltetzean sortzen dena–, epilepsia eta antsietatea tratatzeko, azterlanen arabera tratamenduaren onurak handiagoak direlako arriskuak baino. Testuinguru horretan, medikuntzako profesionalei dagokie pregabalinaren bidezko tratamenduaren arrisku-onura erlazioa ebaluatzea. Horretarako, AEMPSren laguntza dute.
Azkenik, ezin dugu ahaztu hiritarrek haien osasunaren kudeaketa aktiboan duten funtzioa: funtsezkoa da medikuen jarraibideei men egitea, eta albo ondorioak izanez gero eta tratamendua ez dela funtzionatzen ari ohartuz gero komunikatzea. Kontsultara bisita egitean informazio hori guztia helaraztea giltzarria da medikuak tratamenduaren erabilera eta segurtasuna ongi ebaluatzeko.