Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Zehazki gaztelania-euskara hiztegia

[Hiztegira itzuli]

 

Hiztegi hau probetxuz erabiltzeko oharrak

 

1. ERDAL SARRERA-HITZEN EUSKAL ORDAINAK egokitasunaren arabera paratu ditut, nire ustez egokiena dena aurrena jarriaz. Ene iritziz, aurren hori saiatu behar luke lehendabizi erabiltzaileak, eta arrazoiren batengatik ez badu gogoko, hurrengora jo, gogokoena gertatzen zaiona aurkitu arte. Bestalde, erdal sarrera bakoitzean euskal ordain gutxi paratzen saiatu naiz, erdarazkoari gehiena hurbiltzen direnak hautatuz: kontrara jokatzeak euskal hitzen esanahia areago lausotzea besterik ez dakar nire ustez.

 

2. Ordain horietako batzuek erregistro marka daramate: beh mailaz apalagoa denak, goi mailaz goragoak, adkor adierazkorrak, pei gutxiesgarriak... Mailen kontuari oso garrantzizkoa deritzot, euskara batuko hitzak nortasuna finkatuz joan daitezen. Gure hiztegiek ahaztuxea badute ere, bi hitzek “esanahi bera” izatea ez da aski baliokidetzat hartzeko: maila berekoak ere izan behar dute horretarako. Orobat markatu ditut hainbat terminologia alorretako hitzak, maiuskula txikiekin adieraziak.

 

3. Ildo beretik, arta berezia izan dut erdal sarrera-hitzen erregistroa ere –lit, vulg, pey...– adierazten, eta ahal den neurrian maila bereko erdal eta euskal hitzak egokiarazten. Horiek horrela, euskal hitz bera sarrera batean markarik gabe eta beste batean markaz hornitua ager daiteke, hori erdal sarrera-hitzaren erregistroak ere gobernatzen baitu. Adibidez, bota, ez da beh markatzen echar-en, baina bai expulsar-en eta arrojar-en, jasoagoak baitira hauek; edo sos hitza adkor markatzen da dinero-n, baina markarik gabe agertzen da dinerillo adierazkorrean.

 

4. Maila kontu honetan, esan behar dut euskara neutrotzat, gaur egun Bizkaia-Gipuzkoetan idazten den batua hartu dudala; eta hortaz, Nafarroa eta Iparraldeko hitzek goi marka erakutsiko dutela sartaldeko batuan sartu ez diren heinean. Nafar eta iparraldeko idazleek jakingo dute horrelako markari kasurik ez egiten. Hegoaldean baizik erabiltzen ez diren gaztelaniazko hitz berriei, aldiz, beh marka ezarri diegu.

 

5. Adibideak argigarri ipini ditut, erabilerak azaltzeko eta joskerak erakusteko, ez inondik ere hiztegiaren betegarri eta puzgarri. Askotan ez da adibideetan erabiltzen erdal sarrera-hitzaren euskal ordainetako bat ere. Horrela jokatuz begien bistako gauza bat ikusarazi nahi izan dut, hau da, gaztelera eta euskara oso hizkuntza diferenteak direla, bai egituraz bai garapen mailaz, eta itzulpen klonikoak ez direla, askotan, erdarakada hutsak besterik. Beste bideak, euskararen esparrukoagoak, saiatu beharko ditu idazleak txukun antzean idatziko badu. Ildo horretan, bide-proposatzailetzat edo irtenbide-iradokitzailetzat hartu behar ditu hiztegi honen erabiltzaileak nire adibideak.

 

6. Hainbat sarreraren bukaeran, oharrak ipini ditut kako zuzenen artean. Ohar gehienek erdal sarrera-hitzaren frantses eta ingelesezko ordainak adierazten dituzte, batzuetan delako sarrera-hitza espainolez baizik ez dela erabiltzen ikusarazteko; beste batzuetan, aldiz, hitzaren nazioartekotasuna ikusarazteko ematen dira ordainok; bigarren kasu honetan aleman ordaina ere ipini dut askotan, nazioartekotasun hori areago nabarmentzeko.

 

7. Hau ez da gaztelania erakusteko hiztegi bat. Hortaz, erdaraz aritzean erabiltzen dugun edozein hitz edo esapide hartu dut erdal sarreratzat, are euskaldunok erdaraz aritzean erabiltzen ditugun txokokeriak, horiek ere euskal ordain egokiak behar baitituzte. Hortaz, esate baterako adenda nahiz addenda, aguacil zein alguacil, eta petacho edo el perejil de todas las salsas hartu ditut erdal sarreratzat.

 

8. Erdal sarrera askotan, adierak kokatzeko adierazgarriak ematen dira parentesien artean; esaterako, palabra sarreran, bigarren adiera (acto de hablar) markak argitzen du, eta hirugarrena, (promesa) markak. Marka horiek ez dira inondik ere definizioak, eta, bestalde, ez gaituzte sarrera hitzaren eremutik ateratzen: esaterako palabra sarrera honetako (promesa) adierako ordaina “hitz” da, ez “promes”, eta “faltar a la palabra, hitza jan” bezalakoez ari da.

 

9. Sarrera batetik beste batera bidaltzen duten “ikus”ak saihestu ditut ahal den neurrian, erabiltzailea gauza bera bi aldiz bilatzera behartzen dutenez gero. Nahiago izan dut informazioa bi sarreretan errepikatu. Hortaz, lasai-lasai errepikatu dut, adibidez, transponer-en esaten dena trasponer-en, edo conocidoren zenbait adibide conocer-en eta conocido-n; edo paratu dut completas izeneko elizkizunari buruzko informazioa completa eta completas-en, ez baitakit erabiltzaileak nora joko duen informazio jakin baten bila. Arrazoi berberagatik esapide asko osagai guztien sarreretan errepikatzen saiatu naiz: arenas movedizas, esalerako arena eta movedizo sarreretan aurkituko du irakurleak. Dena dela, beti hola jokatzea ezinezkoa gertatu zaidanez gero, hobe du erabiltzaileak toki baten baino gehiagotan bilatu aurkitu nahi duena. Bestalde, erdal sarrera hitz eratorri bat denean, ez dio kalte egingo erabiltzaileari familia bereko beste hitzei, eta batez ere hitz nagusiari begiratzea.

 

10. Hiztegiaren gainerako ezaugarriak ez dut uste azalpenik behar dutenik: zentzu komunaren laguntzaz aisa menderatuko ditu, nik uste, erabiltzaileak.

 

11. Hiztegi honen oinarria VOX eta LUR argitaletxeentzat egin ditudan gaztelania-euskara hiztegiak dira. Oinarri hori osatzeko, Orotariko Euskal Hiztegia osorik irakurri dut, horko ahalik eta hitz, esapide eta adibide egoki gehienak hiztegi honetan txertatzeko. Orobat egin dut Ereduzko Prosa Gaur aplikazioko hainbat idazlerekin. Bestalde, G.Garateren Erderakadak eta J.M. Elexpururen Bergara aldeko hiztegia lanetatik hiztegi honetarako egokia iruditu zaidan guztia –hots, adibide eta esapide asko eta asko– hartu dut. Ildo beretik ez dira gutxi Egunkariatik lehen eta Berriatik orain hartu ditudanak, zuzenean nahiz Irene Arraratsen bitartez. Bukatzeko, Elhuyar hiztegia buru batetik bestera aztertu dut, eta ahalegin berezia egin dut ahal nuen guztietan harekin bat etortzeko, euskal hiztegigintzak gaur egun agertzen duen batasun nabarmena areagotzeko bidean.

 

Lagun eta lankide askok egin dizkidate iruzkinak hiztegi hau dela eta. Bat bakarra aipatuko dut horratik. Inazio Mujika editore bikaina zela banekien, baina Hiztegi honetan egin duen lana benetan ikaragarria –bere handitasunean ikaratzekoa– izan da. Egia esan, klasikoez, egungo autoreez eta Tolosa aldeko ahozko erregistroaz duen ezagutza handi eta segurua baliatuz nire eskuizkribuari egin dizkion ehunka zuzenketa eta ekarpenak erabakigarriak gertatu dira hiztegi honen azken taxuketan.

 

IBON SARASOLA

Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus