In memoriam - Iñaki Segurola
Iñaki Segurola Amutxastegi (Azpeitia, 1962-03-08 / 2022-04-15)
60 urte zituela hil zen Iñaki Segurola filologoa, idazlea eta hiztegigilea. Hiztegigintza izan zen bizitzan zehar gehien landu zuen esparrua: 1990eko hamarkadatik Orotariko Euskal Hiztegian, 2010etik Euskararen Hiztegi Historiko-Etimologikoan, eta azken bi urteotan Euskara Institutuaren Egungo Euskararen Hiztegian. Kolaborazio ugari egin zituen zenbait hedabidetan, idatziz eta ahotsez (Euskadi Irratia, Uztarria, Kontrako Eztarrixe irratia...). Liburugintzaren eta literaturaren alorrean ere utzi zuen arrastoa: Koiteretzia azken lanean fikziora jo bazuen ere, saioaren eremua landu zuen batik bat, ildo sakon eta aberatsetan landu ere. Hizkuntza bereziki, eta haren hari eta ertzen bitartez bizitza, heriotza eta gure bizimodu eta jarduna bere prisma beti partikular eta zorrotzetik eta bere estilo are partikularragoan jorratu zituen saiakera-lan eta artikuluetan. Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo (Alberdania) izan zen bere lehen saiakera. Irratirako hainbat urtez egindako kolaborazioen antologia bat argitaratu zuen 2008an, Nere gorringotik (Alberdania), eta lau urte geroago aforismo moduko pentsamendu eta komentarioen bilduma bat ere kaleratu zuen, Arrazoia ez dago edukitzerik (Alberdania). Sed quia sua (Erein) izan zuen hurrengo lana, 2020an.
Artikuluak
|