Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

«

ZARATE, MIKEL

(Lezama, 1933-1979)
Eneko Zuloaga

Mikel Zarate Lejarraga Lezaman jaio zen 1933an. Aparejadore-ikasketak egin zituen, eta horretan aritu zen lanean aitarekin harik eta 1953an, abade egiteko asmoz, Derioko Seminariora joan zen arte. Sasoi hartan Laukarizko Eutiki Zulueta apaiza ezagutu zuen (bermeotarra zen jatorriz), eta hark piztu zion euskaldun eta euskaltzale kontzientzia lezamarrari (Zarate, 1977: 9 eta hh).

1964an abadetu eta Mallabiko Gerena auzoan hasi zen abade-lanetan. 1969an Lauroetako auzo-elizako ardura egokitu zitzaion, eta Deustuko Unibertsitatean Filologia Erromanikoa ikasten hasi zen. 1970eko hamarkada hasieratik Derioko Euskal Ikastaroetan eta Bilboko Hizkuntza Eskolan euskara irakasten aritu zen. 1972an euskaltzain urgazle izendatu zuten, eta 1976an doktorego-tesia argitaratu zuen La Gran Enciclopedia Vasca-ren eskutik: Influencias del vascuence en la lengua castellana. Txorierri ingurua eduki zuen ikerketa-eremutzat.

1977an Gotzon Garatek Deustuko Unibertsitatean Euskal Filologiako ikasketak sorrarazi eta bultzatu ondoren, bertako euskal literatura irakasle izatera igaro zen lezamarra 1978an.

1960ko hamarkadan, erlijioari lotutako zenbat obra itzuli eta moldatu zituen, hala nola, Gure meza deuna (1960) eta Gure Salbaziño Egintza (1967). Zarateren literatura- eta saiakera-ekoizpen nagusia, baina, 1970eko hamarkadakoa da; izan ere, 1970 eta 1979 artean dozena bat liburu idatzi eta argitaratu zituen.

Alde batetik, irakasgai zituen gaiei (gramatika-gaiak eta euskal literatura bera) lotutako obrak daude. Bizkaiko euskal idazleak. Bizkaierazko literaturearen kondaira antzera. 1580-1968 (Derioko Seminario-Ikastetxea, 1970) lanean zeren gainean aritu zen izenburuak berak diosku: bizkaieraz idatzi zuten euskal idazle nagusien biografia laburrekin batera, testu labur edo zati hautatuak ageri dira. Asmo didaktikoz eginiko lana da, Zarateren beraren hitzetan:

“Abade edo-fraile ikastetxeetarako, Unibersidaderako, eta ikastetxe ta ikastolatarako egin dot, batez bere, liburu au. Moja-ikastetxeen baterako bere bai, bearbada (…) Alkar ezagutzeko idatzi dot liburu au. Uste dot, liburu au leidu ondoren, gure auzotxoko idazleak ez doguzala ain ezezagunak izango” (1970: 9).

Euskal literatura. Azterbideak, Aztergaiak, Azterketak (Leopoldo Zugaza, 1977-1978) obra osatzen duten liburuki biak argitaratu ziren. Literatur testuetara nola hurbildu eta nola aztertu azaltzen du Zaratek bertan, bai eta hainbat saio praktiko egin ere, hainbat egileren (Txomin Agirre, J. Azurmendi, Lauaxeta, Lizardi, J.M. Lekuona, Gandiaga, Aresti, Saizarbitoria, Kirikiño, Txillardegi, Urretabizkaia eta abar) idatziak oinarritzat harturik. Labur esatearren, aipatutako egileen nahiz beste batzuen testuen azterketatik abiatuta, XX. mendeko euskal literaturan barrena ibilbide interesgarria egiten du Zaratek. Orotara bost liburuki egitea zuen asmotzat lezamarrak, baina bidean geratu zen.

Hizkuntzari lotutakoak dira, bestalde, Euskal deklinabidea (Bizkaieratik baturantz) (Leopoldo Zugaza, 1975) eta Euskal ortografia (Leopoldo Zugaza, 1978) liburuak. Gogoan hartu behar dugu euskara batua 1968an, hots, aurreko hamarkadan sortua zela, eta garaian bizi-bizirik zeudela ereduei nahiz euskalkien erabilerari buruzko eztabaidak. Bada, Lezamakoaren kezka nabaria da aipatutako bi obretan. Batuaren aldekoa zen Zarate, baina bizkaiera (eta beste euskalkiak) ezin ahaztuzkoak begitantzen zaizkion. Hori dela eta, gerora lasaituko zuen jarrera ageri da Euskal deklinabidea lanean (eta, bereziki, hitzaurrean), mendebaleko euskararen alde:

“Bizkaieraz nator. Bizkaieraz, Bizkaikoa nazalako, bizkaieraz azi ta ezi nunduelako, ondoen ezagutzen dodan euskalkia bizkaiera delako. Bizkaieraz nator, bizkaieratik baturantz joteko asmotan edo, obeto esanda, batutik batuagorantz. Izan ere, bizkaiera euskera da, euskera jatorra, betiko euskera osoaren biotzean dagoan euskera” (1975a: 9).

Literatur lanez denaz bezainbatean, narrazio- eta poesia-liburuak idatzi zituen Zaratek, batik bat. Eleberri bakarra argitaratu zuen (Haurgintza minetan, 1973), eta beste bat amaitu gabe utzi zuen. Bere lanetan jorraturiko gaiak direla eta, garaian bizitako egoera latzari lotutakoak dira asko. Ez dugu ahaztu behar Franco diktadorea eta frankismoa bizirik egon zirela 1975era arte, eta Zaratek haurtzaro eta gaztaro guztian zehar errepresioa bete-betean ezagutu zituela: aita kartzelan egon zen gerraostean, euskararen debekua erabatekoa zen eskoletan nahiz elizan, eta abar.

1975ean Ipui antzeko (Gero) eta haren bertsio luzeagoa argitaratu zituen: Ipuin antzeko alegi mingotsak (Leopoldo Zugaza). Azkue Saria irabazi zuen bigarren obra horrekin. Alegiak dira lan horietan bildutako narrazio laburrak, eta “mingots samarrak dira, gaurko idazgiro mingotsa lakoak, eta aundientzako egiñak, ez umeentzako” (Zarate, 1975b: 10). Greziako tradiziotiko alegiak baliatu zituen Lezamakoak, bada, bizi zuen garai gogorra salatu eta, bide batez, irakurlea egoeraz ohartarazteko. Liburuaren ardatzak ondo laburbildu zituen Iñaki Caminok berrargitalpen batean eginiko iruzkinean: “nagusiki aipatzen diren gaiak hiru dira, politika, euskara eta baita giza-gaiak ere” (Argia, 1985-07-14). Idazlea hil ondoren, haren bi narrazio-liburu argitaratu ziren: Utopiaren fantasian (Luis Haranburu, 1979) eta Bilbo irribarrez (Bizkargi, 1980).

Bi poesia-liburu argitaratu zituen, bestalde, eta hirugarrena hil ostean kaleratu zen: Higidura berdez (CAP, 1977), Bizipenen bultzadaz (Leopoldo Zugaza, 1978) eta Etorriaren zorabioz (Ikeritz, 2004). Bada, lehenengoarekin Irun Hiria (1976) eta hirugarrenarekin Felipe Arrese Beitia (1978) sariak eskuratu zituen. Erabilitako poesia-moldeei dagokienez, herritik (gaiei nahiz hizkerari dagokienez) eta esperientziatik aski hurbil idatzi zuen. Jon Kortazarrek adierazi legez (Jakin, 1978-03), sinbolismoaren, modernismoaren eta errealismoaren artean kokatzen da Zarateren poesia. Euskara, egoera soziala eta politikoa eta horien nahiz beste kontu batzuen gainean (olerkigintza bera, esaterako) idazleak dituen kezkak dira lezamarraren poesiaren ardatzak. Formari dagokionez, baina, poema guztiak ez dira berdinak, inondik inora. Kutsu herrikoia dutenez gain, badira abangoardiatik hurbil daudenak (irudi tipografikoak erabiltzeko joera agertzen da zenbaitetan), bai eta sonetoak ere. Dikotomia semantikoak, paralelismoak eta jokoak ere ugariak dira.

Arestian esan legez, bizi zelarik eleberri bakarra argitaratu zuen Mikel Zaratek: Haurgintza minetan (Gero, 1973). Lezamakoaren poemetan aipatu ditugun zenbait elementu biltzen ditu. Euskal mundu tradizionala, tradizio horri aurre egiten dioten elementu modernoak, gatazkak, nortasunaren zapalketa politiko-soziala, askatasun-egarria eta antzekoak etengabe gertatzen eta agertzen dira Ekidazu (Euzkadi-ren alegoria) izeneko lurraldean. Egileak bizitako garai itogarriaren ispilu da Haurgintza minetan (ere), eta goitik behera sinbolismoz eta alegoriaz beterik dago: “narratiba esperimentalaren eta sozialaren artean beste ildo bat zabaldu zen, narratiba alegorikoarena hain zuzen (…) Hitzen esangura sinbolikoaren gibelean errealitatea ostentzen da” (Rabelli, 2004). Aipatu legez, bestalde, etengabe agertzen dira bi mundu kontrajartzen dituzten (eta Zarateren beste izkribu batzuetan ere agertutako) dikotomiak: belarra / porlana, gazteak / zaharrak, euskara / gaztelania, eta abar. Eta aurrekoekin batera herri-literaturaganako hurbiltasun nabarmena, hitz eta soinu jokoak, kantak, eta abar.

1979ko apirilaren 10ean hil zen Mikel Zarate, bat-batean, artean berrogeita sei urte baino ez zituela. Lezamarraren obra guztiak interneten daude irakurgai: http://www.armiarma.com/zarate helbidean.

BIBLIOGRAFIA

BUTRON, Joseba (1991): Bidegileak. Mikel Zarate. Eusko Jaurlaritza. Bilbo.

CAMINO, Iñaki (1985): “Ipuin antzeko alegi mingotsak”. Argia.1985-07-14.

KORTAZAR, Jon (1978): “Bizipenen bultzadaz”. Jakin. 1978-03.

_______________ (1982): Mikel Zarateren prosa. BBK-Euskaltzaindia. Bilbo.

RABELLI, Ãlvaro (2004): “Haurgintza minetan”. El País. 2004-11-21.

ZARATE, Mikel (1970): Bizkaiko euskal idazleak. Bizkaierazko literaturearen kondaira antzera. 1580-1968. Derioko Seminario-Ikastetxea. Bilbo.

_______________ (1975a): Euskal deklinabidea. Leopoldo Zugaza. Durango.

_______________ (1975b): Ipuin antzeko alegi mingotsak. Leopldo Zugaza. Durango.

_______________ (1977-1978): Euskal Literatura. Azterbideak, Azterketak, Aztergaiak (bi liburuki). Leopoldo Zugaza. Durango.

Literaturaren Zubitegia: “Zarate, Mikel” http://zubitegia.armiarma.com/egileak/00241.htm. [2011-01-02].

 

«
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus