« ZAITEGI, JOKIN | ZARATE, MIKEL » |
ZALDUA, IBAN
Iban Zaldua idazle donostiarrak, gasteiztarra bizilekuz, Historia lizentziatura egin zuen EHUn, eta gaur egun bertako Ekonomiaren Historiaren irakaslea dugu. Ipuina, eleberria eta kritika landu ditu bere idazkietan, baina oroz gain, ipuina da bere generorik kuttunena.
Kolaborazio ugari eginak ditu La Galleta del Norte, Lata, Parentesis, Argia, El PaÃs, Nabarra, Eremulauak eta Volgako batelariak argitalpenetako orrialdetan.
Egilearen lehenengo obrek 80ko eta 90eko hamarkadetara garamatzate, garai hartakoak baitira Patios, 1987an Gasteizko Hiria saria jaso zuena, 1988ko Historias de la ciudad de la niña que soñaba caballos, 1989ko Veinte cuentos cortitos, zeinak IV. Gipuzkoa Aldundia saria eskuratu zuen, eta 1992ko El hombre de la isla. Hala ere, 90eko hamarkadaren amaieran hasi ziren egilearen lan nagusiak argitaratzen.
Harrezkero, Iban Zalduak lan zabala eta esanguratsua egin du, euskaraz zein erdaraz idatziz, batez ere, esan dugun bezala, ipuingintzan. Hain da horrela, ezen Iban Zaldua milurteko berriaren lehenengo hamarkadako ipuingilerik petoena dugun. Zalduaren ipuin-bildumak gaur egungo euskal ipuingintzaren adibide esanguratsuak dira, oraingo narratiba laburraren elementu berezi guztiak biltzen dituztenak. Era berean, Iban Zaldua ez da ipuingile soila, generoaren defendatzaile eta bultzatzaile sutsua bada ere.
Gerardo Markuletarekin batera Ipuin euskaldunak (Erein, 1999) bilduma idatzi zuenetik, bata bestearen erreskadan etorri zaizkigu gainontzeko bildumak: Gezurrak, gezurrak, gezurrak (Erein, 2000); Traizioak (Erein, 2001); La isla de los ántropologos y otros relatos (Lengua de Trapo, 2002); Itzalak (Erein, 2004); Etorkizuna (Alberdania, 2005); Gerra zibilak (Argia, 2009); Ipuinak. Antologia bat (Erein, 2010). Ipuingintzan egindako ahaleginaren gailurra Etorkizuna liburuari 2006an emandako Euskadi Saria Izan daiteke. Mari Jose Olaziregi irakasleak honela definitzen zuen Zalduaren ipuingintza Mende berrirako ipuinak antologiaren hitzaurrean:
“Euskal ipuingile gutxi dira narrazio oso laburrei (mikroipuinak ere deituak) Iban Zalduak bezain ongi neurria hartu dietenak. Borgesen edo Calvinoren joera metaliterarioa, edo Cortázarren fantasia asalagarria dira, besteak beste, Zalduaren istorio zorrotz, ironiko eta umoretsuen abiapuntu. Eta topikoak apurtu nahi ditu egilearen begirada kritikoak, literaturari, bizitzari, euskal errealitateari…buruzko topikoak. Hortik, bere ipuin liburu batzuen izenburu esanguratsuak: Gezurrak, gezurrak, gezurrak (2000, Erein), edo Traizioak (2001, Erein) kasu. Erregistro eta molde aberatsetan idazteko gai dela erakutsi digu Zalduak, hitz bakar bat ere soberan ez duten ipuinak antolatzen. Baina, batez ere, irakurlea hotz utziko ez duten ipuinak idatzi nahi dituela, ipuin asaldagarriak, J. Cheeverrek esandakoaren ildotik, horixe baita Zalduarentzat ipuina: heriotzaren une zehatzean geure buruari kontatzen dioguna”
Olaziregiren hitzei beste ezaugarri bat gehitu beharko genieke: paradoxa, berau baita Zalduaren literatura ondoen azaltzen duen tasuna. Izan ere, Zalduak gai baten inguruko ipuin liburuak idatzi izan ditu. Paradoxa dugu ipuin guztiak diferenteak direla, eta gero batu egin direla gai nagusi baten azpian: gezurra, traizioa, etorkizuna… Beste paradoxa bat ikus dezakegu egileak poesiarekiko duen harremanean. Egileak aitortua da poesia lirikoaren aurka badago ere, poesia narratiboaren alde egiten duela; bada, paradoxa dugu berriro ipuin-liburuak poema-bildumen erara moldatzen dituenean zein ipuinak poesiaren intentsitateaz idazten dituenean.
Bestalde, Iban Zalduaren ipuingintza lanetan postmodernitatearen hainbat ezaugarri gertatzen dira, nagusiki subjektuaren galera. Pertsonaren nortasunaren ugaritasuna atzematen da arruntak diren liburuetako pertsonaien atzean. Horrela, nor garen, zenbat pertsona bizi diren gure barnean… zalantzan jartzen da. Zehaztugabetasuna, literaturaren beraren deskanonizazioa, pertsonaren nortasunaren deseraikitzea, errealitatearen errepresentazioarekiko ezintasuna eta egoeren immanentzia edo transzendentzia falta dira Zalduaren ipuinen bestelako ezaugarri postmoderno batzuk.
Borges, Calvino edo Cortazarren ipuingintzan oin hartuta, Zalduak hiper-errealitatea eskaintzen digu. Ildo horretatik, norberaren bizitzaren inguruan sortzen den errealitatean maiz nahasten dira fikzioa eta errealitatea, beste errealitate bat sortuz: hiper-errealitatea.
Halaber, Zalduak trebetasun narratibo handia erakusten du elementu dramatikoak ironiaz ikusteko. Diskurtsoa, literatura eta gizartearen arazoak parodiatzen ditu, paradoxa bihurtzen ditu eguneroko gertaera arruntak. Ezaugarriok bildumaz bilduma eraman izan ditu, benetako poetika bat lortzeraino. Hala ere, beharbada Etorkizuna bilduma besteetatik urruntzen da. Bertan ipuinei batasuna ematen dieten elementu narratiboak, hala nola tonua eta estiloa, agerikoagoak dira.
Oraingoz, egilearen azken ipuin liburua bere hogei urteko ipuingintza laburtzen duen antologia da, Ipuinak – Antologia bat izenekoa.
Egilearen beste paradoxa bat aipatzekotan, bere eleberriak gogoan izan behar ditugu. Hain ipuingile sutsua izanik, ez dio akatsik egin eleberriari, are gutxiago umorez blai dauden bere eleberriei, askotan euskal literaturan umorearen gehiegizko erabilera salatu izan duela aintzakotzat hartuta. Baina, horrelakoak dira bere bi eleberriak, Si Sabino viviera (Lengua de Trapo, 2005) eta Euskaldun guztion aberria (Alberdania, 2008), euskal topikoak ironiaz salatu eta parodiatu nahi dituzten eleberriak. Bestalde, Iban Zalduak gazte literaturan ere urratsak egin izan ditu, eta gazteentzako eleberri laburrak diren Kea ur gainean (Elkar, 2002) eta Ile luzeen kondaira (Pamiela, 2004) eman zituen.
Kritika saiakerari dagokionez, ez dugu ahaztu behar, paradoxaz hau ere, Zalduak kritika lan ugari dituela eginda, Obabatiko tranbia (Alberdania, 2002) eta Animalia disekatuak (Utrisque Vasconicae, 2005) dira egilearen orain arteko saioak. Obabatiko tranbia saioan Atxagaren Obabakoak lanak Narratiba Sari Nazionala jaso zuenetik Unai Elorriagaren SP-rako tranbia eleberriak sari bera jaso arteko euskal literaturaren egoera aztertu zuen, iritzi kritikoz aztertu ere. 90eko literaturaren kanonizazioa, ipuingintzaren egoera, kritikaren gaineko balorazioa eta literaturaren ustezko femenizazioa dira, besteak beste, bertan jorratzen diren gaiak. Era berean, Animalia disekatuak lanean ordura arteko kritika eta literatura artikuluak batu zituen gehien bat.
BIBLIOGRAFIA
BILLELABEITIA, Miren/ KORTAZAR, Jon (2011) : “Iban Zaldua: Traizioak (2001)” in RABELLI, Alvaro: Egungo euskal ipuingintzaren historia. UPV-EHU. Argitalpen zerbitzua. Leioa. 267-276.
GALARRAGA, A.: “Animalia disekatuak”. Gara. 2006-07-15.
IBAN, A.: “Obabatiko tranbia”. Euskaldunon Egunkaria. 2002-12-21.
IBAN, A.: “Gezurrak, gezurrak, gezurrak”. Euskaldunon Egunkaria. 2000-07-01.
JUARISTI, F.: “Itzalak”. El Diario Vasco. 2004-11-19.
OLAZIREGI, Mari Jose (2005): Mende berrirako ipuinak. Antologia. Erein. Donostia.
RETOLAZA, I.: “Etorkizuna”. Berria. 2006-03-21.
RABELLI, Alvaro (2008): “Traizioak”. Euskal Literaturaren Hiztegia.
EHU-Euskara Institutua.
ROJO, J.: “Euskaldun guztion aberria”. El Correo. 2009-02-21.
ROJO, J.: “Ipuin euskaldunak”. El Correo. 1999-06-30.
SARASOLA, B.: “Ipuinak – Antologia bat”. Papereko zuzeu. 2010-12.
URKIZA, A.: “Traizioak”. Euskaldunon Egunkaria. 2000-07-01.
« ZAITEGI, JOKIN | ZARATE, MIKEL » |