« ZABALETA, PATXI | ZALDUA, IBAN » |
ZAITEGI, JOKIN
Jokin Zaitegi Arrasateko maila ertaineko familia batean jaio zen 1906ko uztailaren 26an. Lehenengo ikasketak sorterrian bertan egin zituen, eta handik Durangoko josulagunen ikastetxera joan zen. Durangotik Loiolara aldatu zen gerora, eta, bertan, XX. mende hasierako zenbait kultur eragile eta idazle garrantzitsu ezagutu zituen, hala nola, Lauaxeta eta Andima Ibiñagabeitia. 1926an Oñara joan zen ikasle, eta, han, gogoz heldu zien itzulpenei. Ordurako argitaratuta zeuzkan zenbait poema solte. Jesusen Lagundiaren erabakiari jarraikiz, Oñatik Ameriketara joan zen, Venezuelara, hiru urte egin zituen bertan irakasle. 1932an, berriz, Belgikara abiatu zen Teologia ikasteko. Bertan Ibiñagabeitia aurkitu zuen, eta poesia idazten jarraitu zuen. Hain zuzen ere, handik bi urtera Lizardiren omenez antolatutako Olerti Eguneko irabazlea izan zen “Tori nire edontzia” lanarekin”.
1935ean lehenbiziko meza eman zuen Belgikan, eta handik urtebetera Ameriketara bidali zuten berriro: hilabeteak egin zituen Panaman ingelesa ikasten; ondoren, El Salvadorrera joan zen. Alabaina, Jesusen Lagundiko agintariek euskararekin zeukaten jarrerarekin haserre eta atsekabeturik, 1944an Lagundia utzi zuen eta Guatemalara joan zen irakasle aske gisa. San Carlos Unibertsitatean eta América institutuan ibili ondoren, 1951n Landibar lizeoa sortu zuen, Orixeren eta Ibiñagabeitiaren laguntzarekin. 1954tik aurrera Ibiñagabeitia bera Lizeoko irakasle izan zen, eta elkarrekin egin zuten lan harik eta 1955ean Zaitegik sorterrira itzultzea erabaki zuen arte. 1960an Guatemalara itzuli zen indigenen laguntzaile, eta Euskal Herrira handik hamabi urtera itzuli zen. Azken urteak Oñatiko Zahar Etxean egin zituen, eta zenbait aitorpen egin zitzaizkion: 1976an, esate baterako, Arrasateko seme kutun eta ohorezko euskaltzain izendatu zuten. 1979ko abuztuaren 17an hil zen.
Zaitegiren sorkuntza-lanak hiru multzo nagusitan bana daitezke: poesia, itzulpenak eta Euzko-Gogoa aldizkaria.
Poesiaz denaz bezainbatean, arestian esan dugu Zaitegi gazterik hasi zela olerkiak idazten eta hainbat urtean horretan aritu zela. 1934ko Olerti Eguneko lehenengo saria eskuratu zuen, eta 1946an argitaratu zen bere poema-liburu ospetsuena: Goldaketan. Atzerri, Euskelerri (Pizkunde, Mexiko, 1946). Bi hamarkada igarota, Berriz ere goldaketan (Egilea editore, 1962) kaleratu zuen.
Espainiako Gerra Zibila piztu aurretik poesiak hor-hemen argitaratuta bazituen ere, ezin esan daiteke Zaitegik poesiaren esparruan arrakasta lortu zuenik “Tori nire edontzia” olerki sinbolistarekin Olerti Eguneko saria irabazi aurretik. Testu horretan, artzain batek bere “edontzia” luzatzen dio olerkariari, olerkariak bertatik edan dezan, bertatik olerkiak idazteko inspirazioa har dezan.
Goldaketan liburuan, bestalde, garai ezberdinetako 110 poema biltzen dira. Gehienak gerra aurrekoak dira, baina badira Ameriketako bigarren egonaldian idatzitakoak ere; hortaz, izenburuan bertan aipatzen den atzerria eta herrimina ez daude, oro har, Gerra Zibilak eragindako erbestealdiekin lotuta. Liburuan gerra aurreko poesia-moldea ageri da, non idealismoa, abertzaletasuna eta fede kristaua uztartzen baitiren. Goldaketan lanaz ari zela, honako ezaugarri hauek nabarmendu zituen Jon Kortazarrek (2009, 548): Zaitegik teknika neoklasiko nabarmena baliatu zuen, poeta parnasianoak maite zituen eta arrazoiaren eta sentimenduen arteko poesia egin zuen. Liburuan oreka-nahia ikusten da, badirudi egilea edukia egituratzen saiatu zela, eta horren erakusgarri dira poemen antolaketa eta banaketa. Bada, Kortazarren ustez, Zaitegiren olerki onenak poesia klasikoaren bidetik idatzitakoak dira, poesia intelektualera hurbilduz idatzitakoak. Estiloaz denaz bezainbatean, “Poemagintza nekazari-girokoa da (izenburuan ere antzeman daiteke) eta kontaketa-kutsuko herri-poesiari hurbilduko zaio” (Kortazar, 2003, 115).
Itzulpenei dagokienez, gazterik hasi zen arrasatearra itzulpen-lanetan. 1945ean Henry Wadswoth Longfelow-ren Ebangeline argitaratu zen, eta handik urtebetera Sofokles greziarraren zenbait antzerki-lan biltzen zituen Sopokel´en antzerkiak I, Mexikon argitaratutakoa. Handik hogei urtera greziar idazlearen beste antzerki-lan batzuk biltzen zituen Sopokel´en antzerkiak II (Baiona, 1966) kaleratu zen. América institutuan filosofia irakasten ari zela, beste alde batetik, Platon filosofoari buruzko lan bat eta akademikoaren lanen itzulpenak atondu zituen, gerora, 60ko, 70eko eta 80ko hamarkadetan kaleratu zirenak: Platon´eneko atarian (Donostia, 1962), Platon I (1975), Platon II (1977), Platon III (1978), Platon IV (1978), Platon V (1979) eta Platon VI (1982, Euskaltzaindiaren ardurapean).
Egile klasikoez gain, literatur idazle modernoen testuak ere itzuli zituen Zaitegik, eta itzulgaien hautatzean Aita Estefania irakaslearen eragin argia ikusten du Kortazarrek (2009, 549-550). Lauaxetaren bidetik, itzulpen horietako batzuk ikasle-sasoiko ariketak dira, eta itzulitako egileen artean Goethe, Mistral, Schiller, Novalis, Hölderlin, Keats, Leopardi, Heine, Baudelaire, Verlaine, Mallarmé, Valéry, Maragall, Carducci, Lorca, Alberti eta Sully Prudhomme daude, hots, XVIII. eta XIX. mendeetako eta XX. mende hasiera-hasierako Europako egile handienetako batzuk. Kortazarren esanetan, gainera, Zaitegik eredu horiei eutsi zien bizitza osoan.
Euzko-Gogoa (1950-1960) aldizkaria Zaitegik sortu zuen, eta berebiziko garrantzia izan zuen argitalpenak garai hartan; izan ere, zubi-lanak egin zituzten, bai Zaitegik, bai haren zuzendaritzapeko aldizkariak, Espainiako Gerra Zibilaren aurreko eta ondoko idazleen artean (Orixek eta Ibiñagabeitiak lanak argitaratu zituzten, baina baita Krutwigek eta Mirandek ere). Bi alditan argitaratu zen (1950-1955 artean Guatemalan eta 1955 eta 1960 artean Miarritzen), gerra ostean euskaraz argitaratutako lehenbiziko aldizkaria dugu. 30eko hamarkadako aldizkari batzuekin alderatuta, esan daiteke erlijioak lekua galdu zuela eta bestelako (literatur) lan eta gaiek hartu zutela leku hori. Formari dagokionez, poesia, prosa, iritzi-artikuluak, itzulpenak, antzerkiak, gutunak eta bestelakoak argitaratu ziren. Gaiak bestalde, literatura, soziologia, historia, kritika, artea eta filosofia izan ziren, besteak beste.
BIBLIOGRAFIA
ALDEKOA, Iñaki (2008): Euskal literaturaren historia. Erein. Donostia.
INTXAUSTI, J. (1979a): “Euzko Gogoaren lankideak: Zaitegi eta Euzko Gogoa (I)”. Jakin. 12. 120-137.
_______, (1980): “Hamar urteko lana (1950-1959): Zaitegi eta Euzko Gogoa (II)”. Jakin. 13. 96-119.
IZTUETA, P. & DIAZ, J. (2007a): Jokin Zaitegiri egindako gutunak I (1932-1955). Utriusque Vasconiae. Donostia.
_______, (2007b): Jokin Zaitegiri egindako gutunak II (1956-1975). Utriusque Vasconiae. Donostia.
_______, (2007c): Jokin Zaitegiri gutunak (1923-1973). Utriusque Vasconiae. Donostia.
KORTAZAR, Jon (2003): Euskal literatura XX. mendean. Prames. Zaragoza. 2. argitalpena.
_______, (2009): “Jokin Zaitegiren poesia”. ASJU. 41-1/2. Beñat Oihartzabali gorazarre. Festschrift for Bernard Oyharçabal. 539-551.
43-1/2.
SAN MARTIN, J. (1979): “Jokin Zaitegi Plazaola”. Euskera. 24. 847-848.
VELEZ DE MENDIZABAL, J.M. (2000): “Jokin Zaitegi euskal literaturgilea: bizitza eta obra”. Hegats 27. 93-123.
« ZABALETA, PATXI | ZALDUA, IBAN » |