« ZABALETA, IÑAKI | ZAITEGI, JOKIN » |
ZABALETA, PATXI
Patxi Zabaleta, idazlea eta politikaria, Leitzan jaio zen 1947an. Behin apaizgai izateko ikasketak bertan behera utzita, eta zuzenbidea ikasi ondoren, abokatu jardun izan du. Filosofia eta letretan ere lizentziatua da, eta 1987az gero euskaltzain osoa. Ikastola eta gau-eskolen bultzatzailea izan da Nafarroan eta Herri Batasuna eta Euskal Herritarrok alderdien bidez hainbat kargu bete du politika arloan. Une honetan Aralar alderdiaren koordinatzaile nagusia dugu. Pentsamoldez, Patxi Zabaleta ezker abertzalearen ikuspegi zabal eta liberalaren jabe da. Bere artikuluak Principe de Viana, Argia, Anaitasuna edota Egin aldizkari eta egunkarietan argitaratu ditu. Literaturari gagozkionez, Patxi Zabaleta, Aingeru Epaltzarekin batera, euskal idazle nafarren belaunaldi berrien aitzindaritzat daukagu. 70eko hamarkadakoak dira egilearen lehenengo lanak. Sasoi hartan “Gorka Trintxerpe” izengoitipean Zorion baten zainak (Gero, 1972) eta Ezten gorriak (Idatz, 1975) olerki-bildumak eman zituen. Zorion baten zainak bilduman hirurogeiko hamarkadaren azken urteetan idatzitako olerkiak batu zituen. Lanak garaiko kezkei eta ikuspegiei erantzuten zien (askatasun nahia, egoera ekonomikoaren salaketa, existentzialismoa, maitasuna, Nafarroa, identitatea…) eta bertan egilea tradizioa eta modernitatean uztartzen ahalegindu zen. Bere bigarren bilduman, Ezten gorriak delakoan, leitzarrak herri nortasunaren inguruan ardaztu zituen olerkiak, aurreko bildumaren ildo beretik jarraituz. Garai hartan eman zuen Euskomunia ala Zoroastroren artalde (egilea editore, 1977) izeneko ipuin-bilduma ere. Huraxe izan zen Zabaletaren lehenbiziko lana narratibaren alorrean. Narrazio-bilduma hori, zeinak Izokiaren jauzia eleberri laburra bere baitan jasotzen duen, garaiko esperimentalismoaren ondorio zuzena da. Bertan, ipuinak eta aipatu dugun eleberri laburra nahasteaz gain, egilearen aipuak eta gogoeta filosofikoak etengabeak dira, hainbesteraino ezen gerora ere filosofiaren agerpen hau Patxi Zabaletaren lan literarioaren ezaugarri nagusi bilakatu den. Olerkigintzan denbora luzea isilik eman ostean, Bizi! (Pamiela, 2009) izenburuko bildumarekin itzuli zen arlo horretara. Bizi! aldarrikapena da, liburuan agertzen diren printzipioen aldarria, eta printzipio horiek badute sorrera jakin bat; hau da, kezka ideologikotik sortzen dira. Berauek ildo desberdinetatik jo arren, bi dira ardatz nagusiak: batetik, humanismoa, kristautasuna eta marxismoa uztartu nahi dituena; eta, bestetik, aberriarekiko ikuspegi esentzialista.
Edonola ere, esan beharra daukagu, Nafarroako azken mariskala (Txalaparta, 1991) lanaren eskutik antzerkigintzan ere jardun ostean, Zabaletaren eleberriak izan direla irakurleen arreta gehien erakarri duten lanak. Horretan, nabarmentzekoa da Ukoreka (Txalaparta, 1994), Badena dena da (Txalaparta, 1995) eta Arian ari (Txalaparta, 1996) eleberriek osotzen duten trilogia. Hiru aleek osatutako lanak XX. mendearen lehenbiziko erdialdeko Nafarroako zenbait gertaeren historia, gertaerok bizi izan dituen jende xumearena, eta egilearen pentsamolde ildoa bera ere jasotzen ditu. Ukoreka eleberriak arrakasta lortu zuen eta kritika onak jaso zituen. Bertan protagonistaren bizitza latza du kontagai egileak, hogeiko hamarkadan hasita eta errepublika garaietaraino doan tartean. Ukoreka eleberri lineala da, egitura tradizionalekoa; XX. mendearen hasierako Nafarroaren koadro errealista-naturalista eskaintzen du. Istorioak bat egiten du denboran baserri munduaren amaiera errepideetako benten amaierarekin. Egileak lexiko zehatza eta aberatsa darabil, baserri mundua etnologo baten ikuspegitik deskribatzen du; izan ere, etnologia Zabaletaren zaletasuna da, eta ekarri handia bere lan literarioetarako. Era berean, aipatu lanean ez dira falta egilearen gogoeta filosofikoak, testu barruan letra etzanaz ematen dituenak. Filosofia inguruko aipuok, ordea, irakurketa moteltzen dutela esan beharko genuke. Hala eta guztiz ere, protagonistaren ibilbidearen osagaiek (intriga, sexua, filosofia…) Ukoreka eleberria interesgarri bihurtzen dute. Badena dena da eleberria ere ikuspegi etnografikoz hurbiltzen da Nafarroako Erribera inguruko kobazuloetako bizimodura. Eleberriak koba horietako biztanleen testigantzak jasotzen ditu, 40ko eta 50eko hamarkadetan suntsitu zituzten bizitoki bitxi horietako biztanleenak, alegia. Dena dela, eleberriak gerra zibilaren hasierako urteetara garamatza, eta orduko Erriberako mugimendu anarkistaren ispilua da. Horretan ere ez dira aipamen filosofikoak falta. Arian ari eleberriak ixten du trilogia. Eleberri horrek ETAren komando baten hasiera kontatzen digu. Ekintza 50eko hamarkadan gertatzen da, eta etakideen eta mugako kontrabandisten arteko harreman zailak ditu ardatz. Edonola ere, testuak aurrera egin ahala, komando-kideen bizipenek eta sentipenek (beldurra, mina, askatasun egarria, maitasuna…) indarra hartzen dute. Arian ari eleberrian ez dira hainbeste gogoeta filosofiko agertzen, eta horregatik, seguru asko, eleberriak narratibitatean irabazten du.
Trilogia ondu eta gero, Patxi Zabaleta berriro hurbildu zen genero historikora, hain zuzen ere argitara eman zituen hurrengo bi eleberriekin. Errolanen harria (Txalaparta, 1998) lanean Orreagako bataila ekarri zuen gogora. Roldanen mitoaren inguruan ardaztu zuen istorioa, eta VIII. mendeko Euskal Herriaren erretratua (harremanak, ohiturak eta gertaerak garaiko euskaldun eta musulmanen artean) eskaini zigun eleberri historikoak. Maitasun istoriorik ere ezin zen falta hain ondo dokumentatuta agertzen den lanean. Bestetik, estilo berekoa dugu Eneko Aritzaren hilobia (egilea editore, 2005) eleberria kaleratu zen, oraingo honetan Iruñeko lehenengo erregea izan omen zen pertsonaia historikoaren inguruan.
Bestelako lanen artean Julian Gaiarre (1983, Gordailu) Erronkariko tenore ezagunaren biografia ere aipatu beharrean gaude.
BIBLIOGRAFIA
ALDALUR, M.: “Arian ari”. Euskaldunon Egunkaria. 1996-12-21.
ASURMENDI, M.: “Bizi!”. Irunero. 2010-9.
ARANALDE, J.M.: “Zorion baten zainak”. Zeruko Argia. 1972-07-09.
ARANALDE, J.M.: “Ezten gorriak”. Zeruko Argia. 1976-05-30.
BORDA, I.: “Nafarroako azken mariskala”. Argia. 1992-03-01.
EGUZKITZA, A.: “Euskomunia ala Zoroastroren artalde”. Anaitasuna. 1978-01-01.
ESTANKONA, I.: “Bizi!”. Argia. 2010-02-28.
GAZTELUMENDI, P.: “Ukoreka”. Argia. 1994-10-23.
KORTAZAR, J. (2008): “Zorion baten zainak”. Euskal Literaturaren Hiztegia. Euskara Institutua-EHU.
https://www.ehu.eus/ehg/literatura/?p=20
LASARTE, G.: “Badena dena da”. Euskaldunon Egunkaria. 1996-01-27
MAIA, A.: “Bizi!”. Gara. 2010-04-16.
MUJIKA, J.: “Euskomunia ala Zoroastroaren artalde”. Zeruko Argia. 1977-07-10.
ROJO, J.: “Bizi!”. El Correo. 2010-03-13
ZABALA, J.L.: “Ukoreka”. Euskaldunon Egunkaria. 1992-03-13
ZELAIETA, A.: “Nafarroako azken mariskala”. Euskaldunon Egunkaria. 1992-03-13
« ZABALETA, IÑAKI | ZAITEGI, JOKIN » |