« ZABALA, JUAN MATEO | ZABALETA, PATXI » |
ZABALETA, IÑAKI
Iñaki Zabaleta Informazio Zientzietan lizentziatu zen 1982an, eta, ondoren, New Yorkeko City Unibertsitatera joan zen Irrati-Telebistako Zuzendaritzan Masterra egitera. Ordutik hona, leitzarrak kazetaritzaren inguruan egin du lan batik bat.
Gaur egun kazetaritzako irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean, baina dagokigun idazleak telebistan gidoilari eta zuzendari ere jardun du, bai Euskal Telebistan (asteburuetako albisteen zuzendari), bai CNN katean. Bestalde, irratian ere aritu izan da, esate baterako Euskadi Irratiko Goizean behin saioan kolaboratzaile (EIE). Horrez gain, aldizkari askotan ere jardun du, batzuetan zuzendari (Munduan: Paz y Desarrollo), bestetan arduradun (Erreka) edo koordinatzaile (Eurokom), eta, hainbatean, artikulugile (EIE). Aldizkarietako artikulu horietariko batzuk euskal telebistari buruzkoak dira, adibidez El Correo egunkariko urtekarian argitaratutako “Programazio-egitura eta programa-inportazioa Euskal Telebistan 1988an”; baina, baditu teknologia berriei buruzkoak ere, esaterako, Uztaro aldizkarian 1999an agertutako “Kable bidezko telebista Hego Euskal Herrian”. Orobat, aipagarria da Zabaletaren lanak atzerriko agerkarietan ere plazaratu izan direla (Estatu Batuetan, Alemanian eta abarretan).
Iñaki Zabaletak ardura berezia erakutsi du euskararekiko, eta hainbat kultur jardueretan parte hartu izan du. Nafarroako AEK-ko sustatzailea izan da (EIE), eta 1976 eta 1982 bitartean euskara irakasle Iruñeako Arturo Campión helduentzako akademian. Gainera, 1997an Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren eragileetako bat izan zen, eta 1999an unibertsitatean euskara bultzatzeko sorturiko EIRE elkarteko koordinatzaile izendatu zuten (Ibargutxi).
Euskal literaturari dagokionez, poesia eta narrazioa generoetan aritu da Zabaleta. Nahiz eta euskal irakurleak segur aski 110 Street-eko geltokia (1986) eleberriagatik izango duen ezagun, badu lehenago argitaratutako lanik: Bertsoaren ezpata (1979) izeneko poesia liburua esaterako. Bertan, Joxe Azurmendik dioen moduan, “mundura sortu zen poeta sentsible baten kondena kantatzen du” (1979, 33). Poemetan ageri den biolentziaren bidez, liburua “arrazoizkotasun bilaketa bat da, hemengo egoera absurdua sistema batetan, osotasun batetan, konprenitzeko lehen entseiu poetiko bat” (ibid.). Urte batzuk beranduago Eskuaren fereka (1982) argitaratu zuen. Horrez gain, hainbat lehiaketetan saritua izan da: 1987an, adibidez, Ignacio Aldekoa saria lortu zuen “Carolyn Meyer, dantzaria” ipuinarekin. Bestalde, 2000. urtean, Bilbo hiriaren 700. urteurrena zela-eta, Bilbao Ipuin Biltegia bildumarako “Bilboko istorio bat” kontakizun laburra idatzi zuen.
110 Streeteko geltokia polizia eleberria Iñaki Zabaletaren obrarik arrakastatsuena izan da. Atxagaren obrak kontuan izan gabe, euskal literaturaren historian gehien saldu direnen artean dago (30.000 aletik gora), J. M. Irigoienen Babilonia (1989) eta Pako Aristiren Kcappo. Tempo di tremolo (1985) lanen parean (Olaziregi, 2000, 91, 2. oin-oh.).
Hastapenean esan dugu Iñaki Zabaletak New Yorken egin zituela azken ikasketak. Horrek eleberria idazteko unean pisu handia izan zuen, alde batetik, Lourdes Otaegik (2008) gogorarazten duen eran, liburua bertan idatzi zuelako, eta, bestetik, kontakizunaren gertalekua New York bera delako.
110 Streeteko geltokia nobelako protagonista nagusia Joseba da, 70eko hamarkadan Francoren diktadurapeko Euskal Herritik ihes egin eta New Yorkera doan mutila. Han bizitza ez da batere xamurra: etorkin-iheslaria da, eta ez du ezertarako eskubiderik. Kafetegi batean egiten du lan, baina legez kanpo. Catherine du nagusia, neskak Josebaren egoera latza profitatzen du, euskalduna droga trafikoan lan egitera behartuz. Bestalde, Josebak Angie ezagutzen du, iragarkien munduan dabilen neska amerikarra, eta bien arteko harremanak beste ate bat zabaltzen du narrazioan. Bi bide horiek modu paraleloan uztartzen ditu Zabaletak, eta, Otaegik (2008) dioen bezala, eleberriaren arrakasta kontakizun bikoitz horretan eta estilo narratibo “ia lakonikoa” erabiltzean datza.
BIBLIOGRAFIA
AZURMENDI, Joxe (1979): “El poeta condenado y las espadas de la justicia y el verso” in Anaitasuna 391. 32-33.
Euskal Idazleen Elkartea (EIE): “Iñaki Zabaleta Urkiola”. Iñaki Zabaletaren biografia.
Online: http://www.idazleak.org/ euskara/idazleak/inaki-zabaleta-urkiola?q1=%20i%F1aki&q2 =zabaleta%20urkiola [kontsulta: 2011-04-28].
IBARGUTXI, Felix (2002-2009): “José Ignacio Zabaleta Urkiola”. Iñaki Zabaletaren biografia.
Online:http://www.euskomedia. org/aunamendi/128503?q=I%F1aki+Zabaleta+Urkiola&partialfields=fondo%3Aau%25F1amendi&numreg=2&start=0 [kontsulta: 2011-04-28].
OLAZIREGI, Mª Jose (2000): “Euskal literatur sistema milurte berriaren atarian” in Uztaro 34. 87-96.
OTAEGI, Lourdes (2008): “110 Street-eko geltokia. Iñaki Zabaleta” in Euskal Literaturaren Hiztegia. EHU-Euskara Institutua.
https://www.ehu.eus/ehg/literatura/?p=10 [kontsulta: 2011-04-28]
« ZABALA, JUAN MATEO | ZABALETA, PATXI » |