Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

JUAN LUIS ZABALA

(1963-)
Fco. Javier Rojo Cobos

1985.etik 2000.era bitartean Juan Luis Zabalak (Azkoitia, 1963) bederatzi liburu argitaratu zituen, gehienak narratibaren arlokoak (narrazio laburrak zein nobelak), hurrengo zerrenda honetan ikusi daitekeen bezala.

Narrazioak:

  • Ahanzturaren artxipelagoa (1987)
  • Gertaerei begira (1988)
  • Sakoneta (1994)
  • Harri barruko bihotz-borrokak (1999)

Eleberriak:

  • Zigarrokin ziztrin baten azken keak (1985)
  • Kaka esplikatzen (1989)
  • Galdu arte (1996)
  • Agur, Euzkadi (2000)

Poesia:

  • Hautsia natza (2000)

Baina 2000. urtean literatur sorkuntza baztertu duela ematen du. Izan ere, Juan Luis Zabala literatur idazlea ez ezik, kultura esparruko kazetaria ere bada eta bere artikuluak eta kolaborazioak hainbat hedabideetan argitaratu dira. Gauzak honela, ematen du azken urteetan azken lan horri ekin diola bereziki.

Beraz, perspektibarekin begiratuta 2000. urtean argitara eman zituen bere azken liburuen izenburuek premonizio antzeko zerbait eskaintzen zutela dirudi orain: idazleak Agur, Euzkadi Hautsia natza esanda utzi baitio literatura argitaratzeari.

Orokorrean begiratuta, Juan Luis Zabalaren literaturan belaunaldi baten kronika ikus dezakegu, hain zuzen, 80ko hamarkadarekin batera nerabezaroa atzean uzten ari zen belaunaldiaren kronika. Lema batek definitzen zuen belaunaldi horren jarrera, No Future. Izan ere, etorkizunik ikusten ez zuen belaunaldi galdu bat zen Zabalak bere literaturan agerrarazten duena, politikan gehiegi sinesteari utzi eta musikaren eta askotan drogen bidez bere identitatearen bila zeuden gazteez osatua.

Belaunaldi horren ikuspuntua azaltzen duen literaturaren adibiderik ikusgarriena, ziur aski, Galdu arte izenburuko eleberria izan daiteke, non kontatzen diren Azkoitiko gaztetxearen inguruko gorabeherak, poliki-poliki amildegira abiatzen diren pertsonaia batzuen bidez, bere inguruan egokitzeko arazoak dituzten pertsonaiak izanik, haien neurriko inguru bat eraikitzen saiatzen baitira, hor ere porrotarekin topo egiten dutelarik. Nobela hau benetan arrakastatsua izan zen eta bertan azaltzen zen problematika argitzeko idazleak Euskal Herrian zehar hainbat hitzaldi eskaini zituen.

Ustezko eta benetako Euskal Herrien arteko talka hori, beste era batez azalduta baina azken finean talka beraren beste adibide bat eskaintzen delarik, Agur, Euzkadi izenburuko nobelan ere aurki daiteke. Bertan berpiztutako Lauaxeta bat harrituta eta ezer ulertzen duela gelditzen da ikustean zer bihurtu den berak amestutako herria. Abertzaletasunaren aldarrikapena ikusten du nobela honetan Olaziregik (Olaziregi 2002).

Desengainua, etsipena, inguruari ez egokitzea, politikak sortzen duen asperdura… honelako osagaiak agertzen dira gazteak zirelarik punk musikan sinesten zuen belaunaldiko partaideengan, Zabalaren nobeletan agertzen den bezala. Gauzak bestelakoak izan litezkeen amestu zuen belaunaldi horrek baina errealitatea amets horiek birrintzen hasi zenean, errealitatea bere gordintasun osoz agertu zenean, amildegiaren aurrean aurkitu ziren belaunaldi horretako partaideak, esku huts.

BIBLIOGRAFIA

ALDEKOA, Iñaki (2004): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia. 204 orr.

OLAZIREGI, Mari Jose (2002): Euskal eleberriaren historia. Labayru Ikastegia, Amorebieta-Etxanoko Udala. Bilbo. 120-125 orr.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus