Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

URRETABIZKAIA, ARANTXA

(Donostia, 1947-)
Miren Ibarluzea

Donostiako Egia auzoan 1947an jaiotako Arantxa Urretabizkaiaren literatura 60 eta 70 hamakadetako berpizkundearekin batera garatu dela esan daiteke. Hamahiru urte zituela idazkari ofizioa ikasten hasi eta hamaseirekin bulego batean lanean ari zela erizaintza ikasketak egin zituen. Ostean, eta beti ere lanean zebilela ikasten ari zela, Historian lizentziatu zen. 1977an kazetaritzaren munduan murgildu zen, eta huraxe du lanbide ordutik: Egin egunkarian, Deian, Diario Vascon eta ETBn jardun du, besteak beste. 2001ean Rikardo Arregi saria lortu zuen Zabalik kazetarako idatzi elkarrizketa sailagatik. Euskaltzaindiko kide da Donostian sortutako hondarribiarra.

Urretabizkaia Lur taldearen eskutik barneratu zen euskal letretan, Saizarbitoria eta Sarasola lagun. 1970ean Frantz Fanonen Afrika iraultzaren alde itzuli zuen, Sarasolarekin batera; Mendebaldeko Ekonomiaren historia idatzi zuen Saizarbitoria eta Sarasolarekin batera. 1971n, M. Dobben Sozialismoaren frogantzak obra itzuli zuen eta, 1973an, A. Otazuren Euskal Berdintasuna. Sarasola “Irakurle Nagusia” omen du ordutik (Urkiza 2006: 46. or.).

Sorkuntza lanetan poesiaren bidetik hasi zen Urretabizkaia, intimismoaren tonua goratu zitzaiolarik. Hain zuzen ere, 1972an “San Pedro bezperaren ondoak” poema luzean adoleszentziaren amaierari buruzkoak azaleratu zituen. Poema luze hartan Lur taldean zerabilten hizkuntza moldea nabari zaio. Gerora ere idatzi du poesia gehiago, 1982an Kritika saria bereganatu baitzuen Maitasunaren magalean poesia liburuarekin. Urretabizkaiaren poesiaren hautaketa bat XX. Mendeko poesia kaierak bilduman dago jasota, Koldo Izagirrek egindako sarrerarekin:

“Baina, zorionez, gizonen artean gizonezkoago azaldu behar zuen emakume gazte hark oso bestelako jarreraz idazten zituen poemak, defentsa artifizialik gabe, bere sena libre eta laxo isuriz. Berezkotasun hori, naturaltasun hori da Urretabizkaiaren poesiaren balore nagusienetako bat. Hala berean ditu ezaugarri irudi literarioen ekonomia handiz, hizkera zuzen eta gozo baten bidez hartzen duen indar ebokatiboa eta fonetikan ez baina ahapaldi klasikorik gabeko periodo luzeko errepikatuetan lortzen duen musikaltasuna.” (Izagirre 2000: Sarrera)

Dudarik gabe, arrakastarik handiena 1979an lortu zuen Zergatik Panpox? lanarekin. Bost urte lehenago utzi egin zuen senarrak protagonista. Beronek, Panpox esaten dion haurra du. Obran emakume horren bizimoduko egun bat kontatzen da, neskaren gogo eta burutazioak agerraraziz, barne-bakarrizketa luze batean.

Jon Kortazarrek, Jakin aldizkarian zehaztu zituen eleberriaren berritasun eta berezitasunak: protagonista emakume bat izatea, barrokismoa emakume baten bizitzari aplikatzea, eta erregistro zein tonu ezberdinak (emotiboa, poetikoa, arruntasunarena…) sentsibilitate handiz erabiltzea. Teknikari dagokionez, course of conscience aipatzen du Kortazarrek, estruktura linealaren bidez pertsonaiaren garapena ikusten delarik, eta hiru pertsonaiaren arteko jokoa egiten delarik. Bestalde, elkarrizketarik eza ere nabarmentzen du.

Urretabizkaiaren arrakasta ez zen bere horretan geratu: Ignazio Aldekoa X. saria lortu zuen 1981an “Baina ez egunero” ipuinarekin, eta 1982an Kritika saria Maitasunaren magalean poesía liburuarekin.

1981ean Segoviako ihesa filmean aktore gisa azaltzen da. 1983an, Aspaldian espero zaitudalako ez nago sekula bakarrik kaleratu zuen. Bertan hiru amodio-istorio triste bildu zituen. Urte berean, Albaniako konkista filmean ibili zen gidoilari. Hiru urte beranduago, Zergatik panpox? obraren egokitzapena prestatu zuten zinemarako, eta 1987an berriz egin zuen gidoigile Lauaxeta filmean. Urretabizkaiak zenbait elkarrizketetan aitortu duenez, dena den, ez omen zuen zinemaren esperientzia nahi beste gozatu.

1987 Saturno eman zuen argitara Urretabizkaiak. Mari Jose Olaziregiren iritziz, era tradizionalean idatzitako maitasun istorioa da, poetika errealistara hurbiltzen dena (Basqueliterature ataria). Alargun geratutako berrogei urte inguruko gizonaren maitasun istorioa da. Baina ez ohiko maitasun istorioa, latza eta tristea da, alkoholaren babespean bizi den gizon alargunaren ezintasunak kontatzen baitira. Afektibitateaz ere ari da hein batean nobela. Autoreak beti esan izan du maitasun istorio bat egin nahi izan zuela. Protagonista gizonezkoa izatea apustu baten ildotik sortu zen.

1992an Aurten aldatuko da nire bizitza gazte-literaturako lana etorri zen. Sei urte geroago, berriz, Koaderno gorria (1998).

Genero autobiografikoan sartzen den lana da Koaderno gorria. Bi planotan kontatutako istorioa da: batetik, Caracasera bidali den mezulariarena ageri zaigu eta, bestetik, mezulariak entregatu beharreko koadernoan ageri den amaren aitorpena, politika gaiak tarteko direla semea eta alaba aitarekin utzita euren bizitzatik atera behar izan zen amaren aitorpena, alegia.

2001an haur literaturan bere ekarpentxoa egin zuen Urretabizkaia Basamortuko malkoa lanarekin, ingurumenarekiko kezka azaltzen duen Ereineko ipuin sailerako.

Literatur sorkuntzan ibiltzeaz gainera, hainbat literatura lehiaketako epaile izan da, hala nola, Euskadi Sarian. Donostiako zinemaldian Zuzendari Berrien Saria hautatzeko epaile ere izandakoa da.

BIBLIOGRAFIA

ALDEKOA, Iñaki (2008): Euskal literaturaren historia. Erein. Donostia. 2008.

IRASTORTZA, Tere (2004): “Arantza Urretabizkaia: aspaldi espero genuelako sekula bakarrik utzi ez gaituen idazlea”. Hegats. 36.

IZAGIRRE, Koldo (2000): “Sarrera”. XX. mendeko poesia kaierak, Arantza Urretabizkaia. Susa. Donostia.

KORTAZAR, Jon (2003): Euskal Literatura XX. Mendean. Prames-Las tres sorores, Zaragoza.

KORTAZAR, Jon (1979): Zergatik panpox. Jakin.12.

OLAZIREGI, Mari Jose (2002): Euskal Eleberriaren historia. Labayru ikastegia eta Amorebieta-Etxanoko udala. Bilbo.

URKIZA, Ana (2006): Zortzi unibertso, zortzi idazle: elkarrizketak. Alberdania. Irun. 2006.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus