« URIBE, KIRMEN | URRETABIZKAIA, ARANTXA » |
URKIAGA, ESTEBAN – “LAUAXETA”
Esteban Urkiaga, Lauaxeta Euskal Herriko poesia sinbolistaren egilerik handienetakoa da. Jose Ariztimuño “Aitzol” (1896-1936) kritiko eta ideologoarekin eta Nikolas Ormaetxea “Orixe” (1888-1961) eta Jose Maria Agirre “Xabier Lizardi” (1896-1933) poetekin batera euskal literaturari, eta bereziki poesiari, berrikuntza handia ekarri zion taldearen partaide izan zen, nahiz eta adinez gazteena izanik berezitasuna nabari haren literatura-lanaren agerpenean.
Bizkaiko Laukiz herri txikian jaio zen Esteban Urkiaga, Lauaxeta, 1905eko abuztuaren 3an. Lau urte zituela, sendiak Laukiz ondoko Mungian jarri zituzten etxea eta ostatua, zabaldu berri zen trenbideak ekarriko zukeen mugimendu ekonomikoaren arrimura. Herriko Bentades ikastetxean ikasi ondoren, 1920-21 ikasturtean Durangoko Jesuiten Ikastetxean egon zen. Dirudienez, gero, Lekeitioko osaba apaizaren aholkuz eliza-karrera hasi zuen Urkiagak. 1921eko uztailean Loiolan hasi zuen Junioratua. Han, hezkuntzari dagokionez urte oparoak igaro zituen Lauaxetak: alde batetik, euskal literaturan itzal handia izango zuen talde bateko partaide izan zen, han ezagutu zituen Jokin Zaitegi (1906-1979) eta Andima Ibinagabeitia (1906-1967) eta haiekin batera hasi zen idazten eta argitaratzen. Bestalde, euskal nazionalismoaren kontzientzia hartzen hasi zen, Jokin Zaitegiren laguntzaz eta, dirudienez, euskal senera egindako hurbilketa 1924an hasi zen.
Loiolako urteak literatura-hezkuntzako lehen urteak izan ziren Lauaxetarentzat. Garaian ohi zenez, literatura klasikoa errotik ezagutzen zuen Aita Errandonea maisu izan zuen, eta ezin dira ahaztu ezagun diren idazlearen lehen poemak latinez emanak direla. Loiolako artxiboa arakatu zuen Patxi Altunak hiru poema ematen ditu hizkuntza horretan: “Ad Jesum”, “Totus desiderabilis” eta Ad cor Jesu”. Bada beste bat gazteleraz: “Noche de la pureza”. (Altuna 1990: 119-147).
Lauaxetak Loiolan ezagutu zuen Aita Estefania, munduko eta Espainiako literatura irakaslea. 1924an heldu zen anaia Loiolara erretorikoei eskolak ematera, eta bere irakaskuntzaren bidez hasi ziren Esteban Urkiaga, Lauaxeta eta bere ikaskideak XIX. eta XX. mende hasierako poesia ezagutzen. Aita Estefaniaren bidez heldu zitzaizkion: poesia erromantiko alemana –Goethe eta Hölderlin–; poesia frantsesa, gehien bat sinbolistak, eta bereziki sinbolisten joera kristauenak –Baudelaire, baina, batez ere, Verlaine-ren bigarren aro kristaua–; erromantiko italiarrak –Leopardi–; mende hasierako poetak –Sully-Proudhomme, Carducci, ValĂ©ry–; Espainiako poeta modernistak –Machado eta Juan RamĂłn JimĂ©nez–, poesia katalana –Maragall– eta gailegoa –RosalĂa–. Gutxika bada ere ez dira falta Federico GarcĂa Lorca eta Rafael Alberti.
Bada zeharbide bat eragina izan zuen Aita Estefaniaren eskolak ikasleengan izandako eragina nolakoa izan zen jakiteko. Jesuitak utzi ondoren, Lauaxetak eskoletan itzulitako olerkiak argitaratu egin zituen (1928-1930). Jokin Zaitegik ere, 1926an itzuli eta Goldaketan (1946) lana argitaratu zuen. Antzekoak dira egileak, eta antzekoak poemak. Gainera, Aita Estefaniak gaztelerara zeintzuk itzuli zituen ezagututa, eskolan zer irakurtzen zuten jakin dezakegu.
1926an Oñako komentura joan zen Lauaxeta Nobiziatua egitera, baina 1928an Jesusen Lagundia utzi eta herrira, gurasoen etxera, itzuli zen. 1929an soldadutza egin zuen Garellanoko kuartelean.
1925etik aurrera hasi zen euskaraz poema erlijiosoak argitaratzen Jesusen Biotzaren Deya jesuiten aldizkarian, zein Jaungoiko Zalen. Era berean, 1928an lankidetza hasi zuen Euzkadi egunkarian, hasieran poema erromantiko eta sinbolisten itzulpenak argitaratu zituelarik, ziurrenik eskolan –edo eskolaren eraginez– itzulita zituenak, baita joera bereko bere lehen poemak ere.
1930eko Errenterian ospatu zen Lehen Olerti Egunean Lauaxetak bidalitako “Maitale Kutuna” poema izan zen garaile. Gertaera horrek guztiz aldatu zuen Esteban Urkiaga, Lauaxeta poetaren sona euskal literaturaren munduan. 1931tik aurrera, laukiztarrak EAJ-PNVren barnean zeukan zeregina indartu zuen. Euzkadi egunkarian zeukan lana ere aldatu egin zen 1931 martxoan, egunero “Azalpenak” deituriko saila argitaratuz, eta Euskal Orriaren arduradun izendatu zuten urte bereko azaroan Euskaldunak poema idaztera bere herrira joana zen Nikolas Ormaetxea “Orixe”ren ordez. Kazetaritza izan zen Lauaxetaren bizimodua 1931tik 1936ra arte. Dena dela, beste langintza asko ere izan zituen EAJ-PNV alderdian. Emakume Abertzale Batzaren lankide izan zen: euskarazko eskolak eman zituen bertan. Mitinlari ezaguna izan zen, eta askotan agertzen zen Euskal Herriko plazetan.
Errenterian lorturiko arrakastaren ondoren, 1931ko abenduan Bide barrijak liburua argitaratu zuen Esteban Urkiagak, bere poesiaren lehen emaitza umotua. Liburuak garbi uzten zuen autorea bide berriak aztertzera zetorrela euskal literaturaren eremuan. Badirudi, lehen liburuko poemak 1928-1931 urteen artean idatzi zituela. Egia esateko, liburuaren barnean alor bi ezberdindu beharko genituzke: linguistikoa eta estetikoa.
Linguistikoari dagokionean, Lauaxetak aranismoaren arauak onartu zituen. Bilbon EAJ-PNVren alde kulturalak, Euzkadi egunkariaren eta Euzkerea aldizkariaren bidez, Sabino Aranak eta jarraitzaileek jarritako arau morfologikoak ezarri nahi zituzten idazketa alorrean: purismoa hiztegian, ortografia berezia, gazteleratik urrunduriko joskera… Herri hizkera maite bai, baina espresio molde arautua nahi zuten.
Orixek izan zituen arazoak Euzkadiko zuzentzaileekin, zeren bere euskarak aranismoaren arauak zuzenean betetzen ez zituela eta. Estetikari bagagozkio, Lauaxetak mundu ikuskera ez oso berria, baina bai berritzailea ekarri zuen euskal poesiara. Autorearen liburu biak antzekoak dira, alde estetiko desberdinen bilduma, molde desberdinen agerpena. Bide barrijak liburua “Gexorik nago” poemarekin hasten da, eta baieztapen horrek modernismoan zabaldu zen nekaduraren topikoarekin (Ruben DarĂo, eta sinbolista frantsesak) egin zuen bat. Bigarren poemak, “Neguko gaba”k, baina, Horacio poeta latindarraren aztarnak agertu ditu. Modernismotik klasizismora zabaltzen da Esteban Urkiaga, Lauaxetaren poesia bidea lehen liburuan. Klasizismoa, erromantizismoa, poema erlijiosoak, Maragall-en eragina… Garai jakin bateko (1928-1931) irakurketa guztien bideak agertzen dira liburuan. Luis Arostegik (1974) ikusi duenez, hiru gai nagusi landu ditu poetak liburuan: maitasuna (askotan etsitua), denboraren iragana eta hedonismoaren kutsua. Klasizismotik Modernismorako bidean liburuko azken poemak, “Itxasora!” izenburua daramanak, berriro hartzen du Baudelaireren bidea eta Lauxetak modernitatearen ildoa sakontzen du euskal poesiaren alorrean.
Liburuak harrera ona izan bazuen ere, eztabaida sortu zuen. Orixeri, adibidez, ez zitzaion hain berria iruditu: haren ustez, jarrera estetikoak aspaldikoak ziren, berak aspaldi landuak zirela esan zuen. Ez zitzaion arrazoirik falta, baina Lauaxetarenak modernitatearen aldeko apustu nagusia egin zuen orduko gizarte nazionalistan.
1931tik aurrera Esteban Urkiaga, Lauaxetaren bizitzak ez zuen aldaketa handirik izan. Hala ere, Euzkerea aldizkarian joera neoklasizista berria hasi zuen “Palankari bati” deituriko poemaren bidez. Poetak joera neoklasizistarekin liburu berezi eta goren bat ateratzeko –ehun ale besterik ez– asmoa izan zuen. Alabaina, proiektu horretako hiru-lau poema besterik ez zaizkigu geratu: aipaturiko “Palankari bati”, “Igande goiz batez”, Yakintza aldizkarian agerturiko “Topa baten ostean” eta argitaragabea izan zen eta Sabin Muniategiri esker ezagutzen dugun “Mairako deia”.
Proiektu hori gauzatu ez bazen ere, Lauaxetak Euzkadi egunkarian poemak argitaratzen jarraitu zuen. Artean, 1931-1933 urteen artean, euskal poesiaren bideari buruzko eztabaida gogortuz joan zen. Erraz ulertzeko poesiaren alde egiten zuten idazle batzuek, eta poesia zail eraberritzaile baten alde poetak –Lizardik eta Lauaxetak–. 1933tik aurrera, Aitzolen bidea gero eta garbiago ezarri zen euskal herri literaturan oinarrituriko poesia sinbolistaren alde egin zelarik. Azken batean Espainiako modernismoan jarritako bidea jarraitzen zen: modernismo herrizalearen alde. Bere bideei uko egin ez bazien ere, Lauaxeta poesia herrikoira hurbildu zen.
1935ean Arrats Beran liburua argitaratu zuen. Lehena bezalaxe joera desberdinen bilduma da. Modernismorik ez da falta –“Oraingo maitarijak”–, baina Antonio Machado eta Juan RamĂłn JimĂ©nezen oihartzuna gero eta handiagoa da –Lauaxetak liburuari jarri zion gaztelerazko izenak, Atardeceres, asko zor dio JimĂ©nezi–. Guztien gainetik, baina, Federico GarcĂa Lorcaren eragina nabarmendu da liburuko erromantze nahiz herri-poesiaren gai zein formez osaturiko testuetan.
Liburu horretan bada, gainera, poesia abertzalerako joera nabarmena.
1931tik aurrera Euzkadi egunkarian agerturiko poemak bildu zituen Lauaxetak liburuan: mito klasikoen birmoldaketak, poema modernistak, Gongoraren eran egindako “Letrillak”, erromantzeak –asko euskal ahozko literaturaren moldeen gainean sortuak, herri kutsuz, baina badira GarcĂa Lorcaren moldea dutenak ere–, haurrentzako idatzitako alegiak eta poema aberkoiak, gizartearen gertakizunetatik hurbil.
Ondoren, ez da idazlearen poemarik ezagutzen, baina dirudienez, bazuen poema epiko bat idazteko gogoa, “Roncesvalles” gaiaren inguruan.
Ipuinak eta antzerki lanak —Gotzone, Asarre Aldija, Epaiya— ere idatzi eta argitaratu zituen.
1936ko gerrak Donostian harrapatu zuen, Eusko Ikaskuntzako Uda Ikastaroetan zela. Bilbora itzuli eta komandante graduarekin lan egin zuen euskal armadan. Antza, lehenengo garaian armada hiztegia euskalduntzen aritu zen eta, ondoren, miliziak sortzen eta hornitzen ibili zen, intendentzia lanetan. Gainera, Gudari aldizkariko sortzaileetako bat izan zen, eta beste horrenbete Eguna euskaraz argitaraturiko egunkariaren kasuan.
1937ko apirilaren 26an alemaniarrek Gernika bonbardatu zuten. Hile bereko 29an poetak Georges Berniard frantses kazetaria lagundu zuen Gernikara eta, nahiz eta abisaturik zeuden izan frankistak sartuak zirela hirian, arbola ikustera joan eta hantxe harrapatu zituzten.
Lauaxeta Gasteizko karmeldarren komentuan kartzelaratu zuten. Apirila eta ekaina bitartean han izan zen. Kartzelan idatzitako poemak ezagutzen dira, baina horietako bat bederen, “Yo llevo”, gazteleraz dagoen bakarrenetarikoa, ez da berea, Ismael Cernarena (1856-1901) baizik.
Frankistek 1937ko ekainaren 26an fusilatu zuten Lauaxeta.
BIBLIOGRAFIA
ALTUNA, Patxi (1990): JosĂ© M EstefanĂa Zabala, S.I. (1889-1942). “Maestro da vascos”. Mensajero. Bilbo.
AROSTEGI, Luis (1974): “Lauaxetaren poesi-gunerantz”. URKIAGA, Estepan: Olerkiak. Etor. Donostia. 19-38.
KINTANA, Jurgi (2009): Urre urdinaren lurrina. Euskal idazle galduaren bila (1810-1940). Pamiela. Iruñea.
KORTAZAR, Jon (1985): Lauaxeta. BiografĂa polĂtica. Alderdi. Donostia.
——————– (2005): “Lauaxeta, Modernitateko poeta”. In URKIAGA, Estepan: Arrats-Beran. Atenea. Madril.
URKIAGA, Esteban (1985) : Olerkiak. Erein. Donostia.
« URIBE, KIRMEN | URRETABIZKAIA, ARANTXA » |