« URIARTE, JOSE ANTONIO | URKIAGA, ESTEBAN – “LAUAXETA” » |
URIBE, KIRMEN
Poesia, nobela, saiakera eta haur literatura generoak landu dituen euskal idazlea da Kirmen Uribe.
Euskal Filologia egin zuen Gasteizen (1994) eta, ondoren, Trenton (Italian) bukatu zuen ibilbide akademikoa Literatura Konparatuan osaturiko gradu ondokoan (1996).
1995 urtean kartzelan izan zen, soldadutzara joan nahi ez eta intsumisoa zela kausa. Kartzelan zegoela jaso zuen bere lehen saria: Arabako Diputazioak eratutako Becerro de Bengoa Saria, Jon Elordirekin batera idatzitako Lizardi eta erotismoa (1996) lanarekin. Urte batzuk beranduago (1999), berriro irabazi zuen sari hura euskal literaturan postmodernitateak izandako eraginari buruzko lanarekin, Zazpi saio, zortzi leiho.
Zenbait talderen letrak eginez hasi zuen lirikaren bidea, eta Bar Puerto (2000) multimedia-ikuskizunari esker hasi zen zabaltzen bere poesiaren jitea. Lan horren argitalpen bat egin zen Korrika Kulturalaren kariaz, eta haren ondoren etorri zen Bar Puerto CDa (2001), Mikel Urdangarin eta Bingen Mendizabalekin batera egindako lana. 2001ean argitaratu zen, arrakasta handiz, Bitartean heldu eskutik poema-liburua. Lehen argitalpena hilabete eskasean agortu zen, euskaraz zortzi argitalpen ditu eta, neurri batean, euskal poesiaren mugarri bihurtu da. Gaztelerara itzulita dago jadanik (Visor, 2003), frantsesera (Castor Astral, 2006), ingelesera (Graywolf, 2007) eta abian daude errusiera eta katalanerako itzulpenak. Lan horrekin Kritika Saria jaso zuen 2002an eta 2007an Estatu Batuetako PEN Clubak eratzen duen PEN Award for Poetry in Traslation sarian finalista izan zen.
Poema bildumaren sortze prozesuari erreparatzen badiogu, ondorioa atera daiteke: poema ahoz errezitatzearen eta literatura zein beste arteren arteko sistema anitzeko elkarrizketaren arteko konpromisoari lotutako prozesu batean idatzi zen liburua. Lehenbizi Bar Puerto izan zen, poesia, musika eta sormen artistikoaren multzoa izan eta –eskenatoki gainean bat-batekoan sortua eta amaieran desagertzen dena–, bideo eta filme-proiekzioak biltzen dituena. Geroago, izenburu bereko diskoa etorri zen, gero liburua. Prozesu osoan zehar performancek laguntzen du edukien destilazioan, edukiak ez dira finkoak, aldakorrak baizik, zehaztuz doan eta koherentzia semantikoaren erreferentziak galtzen ez dituen batasun baten barruan.
Literatura berriaren ezaugarri nagusietako bat liburua “irekitzeak” duen boterea da, berarekin egitura irekia sortzen dela, liburua zerbait itxia ez delako kontzientzia, alderantziz aldatu ahal eta behar den zerbait dela, liburuarekin objektua eta oroimen bezala jolas daitekeela. Horretan, gaztelerako itzulpenak euskarazkoak ez zekarren hitzaurre bat du, egilearen autopoetika aurkezten duena. Hasierako ohar horrek zerikusia dauka premisa postmodernoekin, liburua ulertzeko jolasaren kontzeptuarekin, baina baita idazketa eta ahozkotasuna biltzen deneko ikuspuntuarekin. Hitzaurrean eskaintzen den asmo agerpenak argitzen digu liburuaren batasunaren esanahia: “poema erritmoa da, egitura, baina batez ere zentzua da”. Zentzua, esanahia, horixe da pasahitza, giltza. Poema bilduman zentzuak esandako edozein hitz finkatzen du. Hitzaurre horretan beste baieztapen bat irakur daiteke, Kirmen Uribek idazten duen nahia agerian uzten duena: “Poesia isiltasunarekiko jolasa da. Ez dira hitz neurtuak erabili behar, baizik eta beharrezkoak, hizkuntzatik sortu eta haien artean elkartzen diren hitzak, elkarri esango baliote “Voi sapete chio v’amo”. “Jakin ezazue maite zaituztedala”.
Liburuaren zazpi ataletan ikus daiteke autoreak gaur egungo munduaren eta estetika postmodernoaren kezkarik garrantzitsuenei heldu nahi diola: gorputzari eta hedonismoari emandako garrantzia; norberaren oroimen eta nortasun gaitasuna, izakia banakoa den arren; sexua giza jardueraren motorra bezala; banakoa eta kolokan sentitzen den ni batengandik “bestearenganako” eta etorkinarenganako begirada; errealitatea iheskorra baino iheskorragoa transmititzeko hizkuntzaren gaitasun eza; era berean globala eta lokala izateko beharra eta horren teoria estetikoaz duen poetaren ardura erakusten duen xake partida; eta azkenik, bizitzaren garaipena heriotzaren aurka, “Maiatza”, “Apirilik latzena” garaitzen duen hilabetea delarik.
Bizitzak ematen duen alaitasuna –ez da alferrikakoa erotismoaren garrantzia azpimarratzea, eta gaiaren trataera, alaitasunaren jolas moduan– liburuaren zentzuetariko bat, baina alaitasun hori, Clarice Lispectorren hilobiko perpausa bezala, oinarrizko bi poematan narratzen diren heriotzarekiko esperientzia kontrajarrietatik jaio da: “Bisita” eta “Pixka bat harago”. Heriotzaren muturreko esperientzietarako hurbilketa, agian, ilusio ukipen bat ematen duen ziklo bereko poema batek, “Igogailuan” poemak, orekatzen ditu aurreko biak.
Uribek estilo poetikoa sortzeko argitasuna eta alegoria darabiltza. Poemek ez diote problemarik ekartzen irakurle arruntari, eta gehitu beharko genuke, batzuetan, abestietatik hurbil direla: “Azaroko Abestia” ez da badaezpadazkoa. Poemetako zenbait musikatuak izan dira, egitura paralelistiko edo kontrajarri oso sendoa daukate, eta argi hurbiltzen zaizkie ahozkotasunaren adierazpenei, poetak sarritan erabiltzen duen oinarri estilistikoa, kondaira herrikoiei, erregistro poetikoan moldatuak: “Urrezko Eraztuna”, esaterako.
Azpimarratu beharrekoa da Uribek maisutasunez erabiltzen duela isilunea, eta trebetasun landua daukala edozein istorio txiki zerbait gehiago bihurtzeko, alegoria sortzeko; gaurkotasunaren galdera handiak direla esan genezake. Horrela, adibidez, hemen agertzen diren etorkinen edozein istorioa bihurtzen da erauzte eta bakardadearen parabola.
2003an New Yorkera egindako bidaiaren ondorioz CD-liburu bat atera zuen, Zaharregia, txikiegia agian (2003), Rafa Rueda, Mikel Urdangarin eta Bingen Mendizabalekin batera, Mikel Valverde ilustratzailearen langintza ere nabarmena delarik. 2006 urtean, Arkaitz Basterrak, taldearen estetikan oinarrituz, Agian. Maybe dokumentala aurkeztu zuen Donostiako zinemaldian. Urte berean, poema liburuaren antzerkirako moldaketa egin zen Bordelen: Entre-temps donne moi la main.
2008an nobela bat argitaratu zuen Kirmen Uribek: Bilbao-New York-Bilbao. Egileak kanonaren aldaketa proposatzen du, egin behar den moduan: praktika literarioen bidez, literaturan berritasuna proposatuz.
Piglia idazleak dioenez: “Ez da nire aitaren historia hemen kontatu nahi dudana. Zentzuak eskatzen du nire buruaz hitz egitea, baina idazten duenak ezin du bere buruaz mintzo. Idazten duenak soilik hitz egin dezake bere aitaz, edo gurasoez, eta aitona-amonez, ahaideez eta genealogiaz”. Eraginei dagokienez, hitz egin behar bada, kontuan hartu beharko dira Sebald, Vila-Matas eta Foster Wallace.
Liburuan hari nagusi bi ikus daitezke: autofikzioa, familiaren historia, eta nobela nola idazten deneko auzia. Hala ere, gai asko agertzen dira nobelan zehar: poema luze eta eder bat hasieran (bukaeran bezala), testu eta ahots desberdinen uztarketa, nobelaren historia; mila istorio labur biltzen duen mataza; ehuna mila istoriok gurutzatua; familia baten historia, baina era berean, azkenak New Yorkera bidaiatzen badu, berak badaki ez duela ezer berezirik egiten, jakinean dagonean, aitonak infernura egin zuela bidaia eta aitak ezagutu zituela zientziak ukatzen zituen Rockall irlako olatu nagusiak; nobela bat nola egiten den hausnartzen ikusten dezakegu idazlea, baina horren gainetik arte munduaren sorkuntzaren misterioaren eta teknikaren erroetan egindako uztarketa bat, tradizioaren eraginaz pentsakizun sakona, izan garen, garen eta, auskalo, izango garenaren arteko zubi ezustekoaren mataza; errealitatea eta fikzioa nahastatzeko era miresgarria. Pigliaren dakargu berriro ere: “Kontatzearen sekretua pokerra bezala da: sekretu guztia gezurtia irudikatzea da, egia esaten denean”.
Nobelak azken loturan du korapiloa: Zergatik ikusi nahi du hiltzera doan agureak azken aldiz bere maitearen erretratua Artetaren margoan? Zeintzuk dira xamurtasunaren ateak? Zer mantentzen gaitu bizirik? Kontatzeak.
Haur eta gazte literaturan berriz, Garmendiaren pertsonaia osatu du ondoko liburuetan, abentura, absurdua eta umorea oinarri hartuz: Garmendia eta Zaldun beltza (Elkar, 2003), Garmendia errege (Elkar, 2004) eta Garmendia eta Fanyren sekretua (Elkar, 2006). Bigarrenak Liburu Berria saria jaso zuen. Guti (Elkar, 2005) itsasontzirik gabe geratzen den txakur arrantzalearen istorioa da eta Ez naiz ilehoria, eta zer? (Elkar, 2004) kultura aniztasunaz ari den ipuina da.
Nazioarteko hainbat aldizkari eta poesia-antologiatan agertu da Uriberen lana, besteak beste, The New Yorker aldizkarian “Maiatza” poema argitaratu zuen 2003an, eta bere hiru poema agertu ziren New European Poets antologian, 2008an.
2009. urtean Bilbao-New York-Bilbao nobelak Espainiako Narratiba Sari Nazionala lortu zuen. 2010. urtean argitaratu zen gaztelerazko itzulpena eta hila betez 30.000 ale saldu zituen.
« URIARTE, JOSE ANTONIO | URKIAGA, ESTEBAN – “LAUAXETA” » |