Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

UNZUETA, SORNE – “UTARSUS”

(Abando, 1900 - Urduliz, 2005)
Asier Barandiaran

Abandon jaiotako emakume honek oso gazterik besarkatu zuen beste abandotar baten ideologia: Sabino Aranaren ideologia, hain zuzen. Abertzaletu ez ezik, euskaldundu ere egin zen 16 urterekin eta, magistaritza ikasketak bukatu ostean, Bizkaiko Foru Aldundiak irekitako auzo-eskoletan aritu zen hogeiko hamarkadan, Errigoiti, Plentzia, Lemoa eta Berango herrietan, ordura arteko joera nagusiari kontra eginez: ume txikiei euskaraz irakasten.

Mitinlari ere ibili zen, ideologia abertzalea euskaldunen artean eragin nahian. Gaitasun linguistikoak baimendu zion bezain pronto, idazteari ekin zion, emakume txiki hau ez baitzen geldi egotekoa. Unzuetaren idazle-zeregina herrigintzan oinarritutako konpromezuaren ondorioa da, mimoz bete nahi den zeregina izanik ere. Harrez geroztik, hortaz, poemak, kazeta artikuluak eta ipuinak jorratuko zituen abandoarrak. Nobela bat ere idatzi zuen –gazteleraz–, gerra osteko erbestealdian oinarritutakoa, argitaratua izatera ailegatu ez zena.

Gerra aurreko poema guztiak (12) Euzkerea aldizkarian argitaratu zituen, bere ideologiaren zerbitzuan betiere, Jainkoa eta aberria gorengo mailetan ipintzen zituela. Espainiako Guda Zibilak erbesteraldia ekarri zion Unzuetari, 1937an hasi eta eta 1953ra urtera arte. Artean erbestean (Frantzian) zegoela, 1952an Euzko Gogoa eta Euzko-Deyan poema aberkoi bat (berdina bietan) argitaratu zuen “Artxanda” izenburuarekin.

1977ra arte egin behar dugu salto Unzuetaren beste poema bat argitaratuta ikusteko, Zer aldizkarian orduan. Hantxe ikusi zuten argia bere gainontzeko poemek (beste 34 poema).

Irakurlea berehala jabetuko zen Unzuetaren alde formalaz. Haren poemak ez dira bertsoak, ez dira koplak, ez dira ahozko tradizioko moldeak. Berbaldi poetikoa bai, ahapaldika banatuta dago, nolabaiteko simetria gorderik, baina neurri bereziko eta aldaera anitzeko ahapaldiak dira; horrek jada mezu bat helarazten dio irakurleari. Jakina, Utarsusen poemok agertu zirenerako alderdikidea zen Lauaxetak bere bidearen zati handi bat egina zeukan. Eta Sorne Unzuetak bazeukan eredu bat harengan. Abertzaletasunak, gainera, topiko batzuk eskaini zizkion, Utarsusek zintzotasunez jorratuko zituenak, nahiz eta gerora konturatu garen zenbaitzu ez direla gizakoiak: kanpotarrekiko ukapena, euskara “euzkoen” artean soilik hedatzekoa, eta abar. Zenbait bikote antinomikoak ere erruz jorratzen dira (baserria/ hiria; mendi-goiak/ behea…). Hala ere hori ez da oztopoa izango nolabaiteko estetika modernista jorratzeko: iradokizun zehaztugabetan, eskaintzen dituen paisaia lainotsu eta sentikorretan, zentzumenen bidez atzematen ahal direnetan.

Poema alegorikoak ere egin zituen Utarsusek. Irudi bat (narratiboa, naturalista…) aurkezten da lehenengo eta, gero, berorren azalpena dator. Zenbait irudiren bidez irakurle euskaldunaren bihotzera ailegatu nahi du, ama eta ume txikiaren arteko erlazioa, ehizatutako txori errukarria, medi magal batetik ikusten den ibaia, udaberria… Irudi, egoera eta eduki narratibo guztiak irakurlea nola edo hala hunkitzeko ahaleginak dira, poetaren sentimendu garbi eta bigunak hedatzen diren artean. Irakurlearengandik, besteak beste, hauxe espero da: lozorrotik esna dadila, (euskal) kontzientziaren jabe izan dadila eta aberriaren “itxarkundian” edota pizkundean parte har dezala. Utarsus kontzientea da, emakume idazlea izanik, mezu hori emakumeen artean zabaltzeko ardura bereziki berari dagokiola, eta mezu zuzenekin (“Itxartu, Eusko alabea”) edota zeharkakoekin (“Laztandu nau, semea…”) ahaleginduko da horretan. Asmoaren zintzotasunaren froga poema bera dugu, non asmo erlijiosorik gorenak, asmo zuzenenak, finenak eta sentikorrenak modu gizakoi batean erakusten diren, beti ere itxurakeriarik gabe, nabarmenkeriarik gabe: izadiak eskaintzen dizkion irudi arruntez eta zenbait gertaerez eta balio narratiboa duen edozein poematxoz baliatzen da idazlea. Izan ere, nahikoa dira gauza horiek guztiak Unzuetak nahi duen moduan adieraziezina iradokitzeko.

Arestian ezan bezala, hitz-lauz ere idatzi zuen: zortzi artikulu eta zazpi ipuin (“Otsoa eta txakurra” izeneko ipuina, esaterako, Felix Maria de Samaniegoren ipuin baten euskarazko itzulpena da).

Ipuinok eskoletan erabiltzeko modukoak izan zitezkeela igartzen da, eta ziurrenera erabili egingo zituen Utarsusek. Ipuinotan balio pedagogikoak eta etikoak nabarmentzen dira, gizakia inoren menpekotasunetik at bizitzeko eskubidea aldarrikatuz, abertzaletasunaren koherentzia zertan datzan erakutsiz eta bizimodu erosoaren gainetik beste balio batzuk ere badaudela agertuz. Horrekin batera, estilo herrikoia (neologismo batzuk erabili arren), adierazkorra, dramatizatua eta bizia antzematen dira, beti ere alegia moduko kontakizunak osatuz, fantasiazko izakiekin batzuetan, exititzen ahal ziren gizakiekin. Ipuinotako pertsonaien antzezpena zerbait iradoki edota arrazoitzeko egiten da beti, Utarsusek kazetaritza artikuluetan (gutxi batzuk soilik euskaraz idatziak) erakusten duen argumentazio eta dialektika-gosea modu eraldaduan agertuz. Gerra aurreko ipuin eta olerkietan esplizituagoa da, gerra ostekoetan baino. Hitz-lauzko zereginean bazuen eredurik: urrutiegi joan gabe, bere euskara irakasle izandako Ebaristo Bustintza “Kirikiño” idazlearen ezaugarriak antzeman ditugu Utarsusen ipuin eta iritzi-artikuluetan (herrikoitasunaren aurkikuntza, hizkera bizia, dialektika, lokuzioetarako joera…) Baina arlo hau ez da bere literaturaren alderik jasoena, kontuan hartzekoa den arren.

Hainbat dira bada, Utarsus aintzakotzat hartzeko arrazoiak. Bera eta, batez ere, bere lana pixka bat ezagututa, euskal emakume idazleen artean ezin zaio lekurik ukatu, bere garaiko alaba (bere bertute eta akats guztiekin) izan arren. Gaurko idazle emakumezkoek eta, oro har, guztiok, badugu erreferentzia argi bat euskal literaturan, hainbat urtetan ahaztuxea egon dena eta, agian, azken urteetan ahazturatik behar bezala erreskatatua dena.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus