Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

ARANA, JOAKIN – “LORAMENDI”

(Bedoña 1907 - Donostia 1932)
Asier Barandiaran

Aretxabaleta eta Arrasatetik gertuko Bedoña herrixkan jaio zen Joakin Arana “Loramendi”., familian eta eskolan euskaraz hezia, 13 urte zituela Altsasuko kaputxinoen komentura jo zuen erlijio-bokazioari ekiteko. 1925ean Zangozara aldatu zen ikasketak jarraitzera eta bertan egin zen kaputxino. Ordurako euskara nahiko herdoilduta zuen, gazteleraren bidez egin baitzituen ikasketa guztiak eta ordura arteko bere garapen intelektuala burutzeko huraxe izan baitzuen tresna ia bakarra. Euskara berriro ere lantzeko gogoa piztu zitzaion, baina, Zangozara orduko, euskaraz idatzia omen zuen poemaren bat: Ama Birjinari eskainitako bat aipatzen da, gerora berreskuratu ez zena. Zangozan bertan “Stabat Mater” olerki ospetsua euskaratu zuen. 1926an Hondarribira joan zen, eta bertan itzulpen- zein poesia-lanetan jarraitu zuen. Han zegoelarik osasun arazo batzuk izan zituen. 1928an, berriro ere Nafarroa aldera abiatu zen; Lizarrara, hain zuzen. Handik Iruñera joan zen 1930ean, kaputxinoek Nafarroako hiriburuan zuten etxera. Iruñean ederki gozatuko zuen kaputxinoen liburutegi oparoan irakurri eta musika landuz.

Ordurako zenbait poema-ale argitaratuak zituen Zeruko Argia aldizkarian. 1930eko abuztukoa da bedoñarraren poema goiztiarrena. 1932an Hernanin ospatutako Olerti egunean saritu zuten. Hori dela-eta, Eusko Olerkiak / Poesías Vascas liburuko II, III Eta IV aletan Loramendiren zenbait poema agertu ziren, 1931-1933 urte bitartean. Aipatutako sari horrek gogo berezia erantsi zien bere lehengo euskaltzaletasun eta idazle-senari. Aita Onaindiak ere Mila Euskal Olerki Eder liburuan (1954) txoko bat eskaini zion, haren zenbait olerki argitaratu eta haren bizitza eta lanari buruzko azalpentxo batzuk eskainita.

Urte bereko abenduan amari idatzi zion azken gutuna, euskara bizkorrean, meza berriaren prestakizunetan berotuta. Ez zuen hori gauzatzerik izan, baina: 1933ko martxoan peritonitisak jota hil zen bat-batean, abade ordenatua izateko 23 egun baino falta ez zituela.

Olerki ta idatzi guztiak izenarekin bilduta agertu ziren lehendabizi (1960) Loramendiren poemak. Julian Yurre kaputxinoa izan zen edizio haren paratzaile eta hitzaurregilea. Beste argitalpen bat izan zen harrez geroztik: 1995ekoa, Olerkiak izenburuarekin Aretxabaletako Loramendi elkarteak prestatua.

Poetaren gaztetasuna antzematen da, batez ere hasierako poemetan. Salbuespen ohorezkorik badago, baina. Saritutako “Arrantzalien arrats-otoitza” eta “Barruntza-leioan” nabarmentzen dira. Lehenengoa Hondarribian zegoelarik idatzi omen zuen (1926-1928), arrantzaleen ohiturei so egon eta gero paratua. Bigarrena arestian aipatutako Hernaniko Olerti egunean saritu zuten

Bereziki ondo landutako poemak dira biak ala biak. Poesiaren bideetan barna ibiltzeko egilearen asmo tinkoa erakusten dute. Luzeraz eta mamiz, ez baitira azalekoak edo, agian beste batzuetan nabaritzen denez, ez da igartzen hasiberriaren urduritasun edo zurruntasunik.

Neurriari dagokionez, Zeruko Argian argitaratutako aurreneko olerkian molde tradizionala erabili zuen arren (“Ardi gaxoa!…” izenburuduna, zortziko handian), berehala ekingo dio beste ahapaldi mota batzuk erabiltzeari, bere behar-izan poetikoen arabera, beti ere. Hori dela eta, molde berriagoak eta ausartagoak erabiltzearen aldeko ere ageri zen hasiera-hasieratik. Ahapaldiaren arkitektura, batzuetan, erritmo jakin batzuk sorrarazteko dago planifikatuta, olerkiok kantatu ahal izateko, ziurrenik. Loramendiren merituetako bat hauxe da: badirudi hizkera ez zuela behartzen horrelako neurri eta egitura zorrotz horietara moldatzeko tenorean. “Belengo argi-lorea” dugu horren adibide bat.

Poemen dramatizazioari ere ez dio muzin egiten. “Guztiz ederra” poeman, adibidez, zenbait pertsonaiaren parte hartzea ahalbidetzen da, poema bat ahots askotarikoa izan daitekeela erakutsita. Horrezaz gain, kantatuak izan zitezen egindako beste poemetan, ostera, leloak eta errepikak daude poemaren kohesioa sendotuz. Deiadarrak, exklamazioak, hitz-hotsak, galdera erretorikoak, nonahi topatzen ditugu.

Zentzumenak ernetzeko poemak ere han-hemenka ditugu, hala nola, “Landaretxo ameslari!…”. Izadiko izakiekiko maitasun frantziskotarra, xaloa, umetia, leunki adierazten da bere poesiaren zenbait txokotan.

Orixe, Lauaxeta eta, batez ere, Lizardiren eragina antzematen ahal da zenbait poematan. Eurek erabiltzen zuten moduko grafia erabiltzen zuen, bai eta neologismoak eta aditz trinkoak ere. Haien taldekidetzat hartua izan da, “bosteko urrea” deiturikoa osatuz: Orixe, Lauaxeta, Lizardi, Jautarkol eta Loramendi. bere garaiko “bosteko urrean” sartzeko duin egiten duen ezer baldin badago, bere sinbolismoarekiko lotura da, iruditegi tradizionala gainditzeko eta esamolde poetiko ausartak ekoizteko bultzatuko duena.

BIBLIOGRAFIA

ALDEKOA, Iñaki (2004): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia.

KORTAZAR, Jon (1995): “Euzkerea” eta “Yakintza” aldizkarietako olerkigintza. Labayru ikastegia – Zornotzako Udala. Bilbao.

KORTAZAR, Jon (2000): Euskal literatura XX. mendean. Prames-Las tres Sorores. Zaragoza.

OTAMENDI, Jose Luis (1995): “Zorrak zor”. Euskaldunon Egunkaria. 1995-12-30.

YURRE, Julián (1960): “Aurreitza”. LORAMENDI: Olerkiak. Itxaropena argitaldaria. Zarautz. 5-25. orr.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus