« TARTAS, JUAN | UGALDE, MARTIN » |
TOPET, PIERRE – “ETXAHUN”
Pierre Topet, goitizenez Etxahun, bertsolariaren bizitza patu tragiko baten pean bizi den poeta erromantikoaren irudira egokitzen da. Bizitza gorabeheratsua izan zuen. Izaeraz, jaio zen maila sozialaren aurka bizi izandako pertsona dugu, hitz batetan esanda: korapilatsua.
1786an jaio zen Barkoxen, ez dago garbi, hala ere, zein izan zen egilearen jaiotza-data. Hogeita bi urte bete zituen egunean ezkondu zela esaten du egileak, baina ezkontza agiri bi dira: zibila eta elizakoa, eta data desberdinetan izan ziren (ezkontza zibila uztailaren 26an, eta elizakoa irailaren 27an). Etxahunen eliza-ezkontzari Jean Haritschelaharrek sinesgarritasun handiagoa eman dio, elizako ezkontzak itzal handiagoa izaten baitzuen Etxahunen sasoian.
Bertso-egilearen haurtzaroaz oso gutxi dakigu, hain zuzen ere “Etxahun bizitzaren kantorian” esaten duena baino ez. Egoera txarrak jasan behar izan omen zituen: gosea izan zuen, gaixo zebilen, ez zen lanerako gai, eta etxeko guztien zigorra jaso izan omen zuen. Etxahunek bere buruaz egiten duen deskripzioak agerian uzten du egileak bere buruaz agertzen duen errukia, eta besteekiko joera erretxina. Gaztaroaz gehiago dakigu, Jean Haritschelharren doktorego ikerketari esker. 17 urterekin, sendiak Larrauneko Marie Rospide eraman zuen, etxeko lanez ardura zedin. “Ahaire delizious huntan” poema gertakizun hari eskainitakoa da. Maitemindu egin zen egilea, eta 1805ean jaio zen haren semea. Hala ere, jaiotza-agirian aitaren izena ezabaturik azaltzen da, familiak harremana ongi ikusten ez zuenaren seinale.
1805a garrantzi handikoa izan zen Etxahunentzat. Maria zerbitzariarekin ezkontzeko aukera zuen, baina horrek herentzia galtzea ekarriko zion. Etxahunek bost baserriren jabe izateko modua zuen: 2 aitaren oinordetzan, eta hiru osaba eta aitapontekoaren aldetik. Beraz, 1806ra arte Mariarekin bizi izan bazen ere, apirilean aitak senipartea ukatzea –eta Jose anaia oinordeko izendatzea– erabaki zuen arte, Etxahunek emaztea utzi eta senideen borondatea betetzera makurtu zen. Ondoren, Engrace Palento emakume aberatsa gorteiatzen hasi zen, eta harekin ezkondu zen. Poemetan ez da garbi azaltzen zer gertatu zen bikotearen artean; hala ere, Etxahunek poemetan emazteak zorigaiztoa ekarri ziola dio; dirudienez, ezkondu zenerako Palentok bazuen maitale bat, ezkondu ostean utzi ez zuena. Etxahun eta Engraceren arteko elkarbizitza oso gogorra izan omen zen; 1827an banandu egin ziren, sei seme-alabaren guraso zirenean.
Etxahun ezkondu eta urtebetera, Etxahunen aitapontekoa hil zen. Baina, bertso egilearen harridurarako, ez zen bera izan oinordekoa, Jose anaia baizik. Denbora gutxi igarota, baina, Josek Napoleonen armadara joan behar izan zuen, eta Espainian bizia galdu zuen. Ondorioz, Etxahunen sendian pleitoak sortu ziren aitapontekoaren hiru baserriak banatzeko. Epaiak ondarearen laurdena eman zion sendiari, eta gainontzeko hiru laurdenak beste senitarteko batzuen esku utzi zituen. 1818an ama hil zitzaion Etxahuni, eta haren ondarea anaia-arreben artean banatu zuten.
1821ean, Etxahunen emazteak harreman bat hasi zuen auzoko zuten Hegiapahl izeneko gizon batekin. Bada, urte bereko urrian Etxahunek borroka latz izan zuen beste gizon batekin: emaztearen amorantea zelakoan aizkorarekin jo zuen buruan. Epaian 5 urteko kartzela zigorra ezarri zitzaion Etxahuni. Kartzelan egon zen artean emazteak lurrak saldu behar izan zizkion Etxahunen anaiari, tasatutakoa baino merkeago. Salmenta eragozteko-edo, Etxahunek kartzelatik ihes egin zuen.
1827an, Barkoxen zelarik, maiatzaren batean Dominique Etchegoyen tirokatu zuten erromeriatik itzuleran. Herriko zurrumurruen arabera, Etxahunek egin zion tiro Etchegoyeni, emaztearen maitalea akabatu nahi zuela-eta gaua izanik egin zuela. Etxahunek, gainera, ihes egin zuen mendira, eta horrek ez du esamesek diotena indartu baino egiten. Hala ere, urte hartako abuztuan, epaitu zutenean, dena kontra izanda eta heriotza zigorra eskatu bazuten ere, Etxahunek eroarenak egin zituen, eta errugabetze-epaia lortu zuen. Epaiketa bukatu zenean, txirotasunean zegoela konturatu zen: abokatuari ordaintzeko etxea hipotekan eman behar izan zuen, eta, orduan, Erromara erromes joatea erabaki zuen. Itzultzean etxeak berreskuratzeko auziak hasi zituen, eta badirudi emaztearekin adiskidetu zela.
1832tik 1840ra artekoak izan ziren Etxahunen urterik zoriontsuenak: bertso-egile gisa ezagun zen, eta euskal burgesiakoen ezkontzetara gonbidatzen zuten bertsoak jartzera. Dena den, Etxahunen ustezko oinordetzako hiru etxeak Jean anaiarenak ziren, eta horiek eskuratu nahian iruzurra egin zuen Etxahunek: bera eta Jean zela zioen gizon bat notario baten etxean aurkeztu ziren eta etxeen salmenta iruzurtu zuten. Handik hamabost hilabetera, notaritzan egindako paperarekin agertu zitzaion Jean anaiari, etxeak eta lurrak eskatuz. Jeanek auzia jarri zion, eta ondasunak galtzeko beldurrez, Etxahunek lurrak semearen izenean jarrita Espainiara alde egin zuen, ustez Santiagora erromes joateko asmoarekin.
Etxeen inguruko azpikeriagatik 1843an epaitu zuten: hamar urteko lan-zigorra ezarri zioten. 1845ean Etxahunen ondasunak saldu egin zituzten zorrak kitatzeko. Urte horretan itzuli zen Etxahun Barkoxera. Bada, orduan ere berriz epaitu zuten. Baina Etxahunek, bigarrenez pelegrin eroaren papera jokatu zuen epaitegian eta hamar urteko kondena hirura jaistea lortu zuen. Ondoren, Landetako Gortera jo zuen, han ere pelegrin arriskutsuaren papera jokatu zuen, urte bira jaitsi zioten hasieran hamar urtekoa zen kondena. 1846ko otsailean sartu zen kartzelan eta 1847ko abenduan irten zen.
Herrira itzulitakoan artzain-lana egitea izan zuen asmotzat, baina 62 urte zituen eta zaharra zen horretarako. Aurretik utzitako ondasunak berriz eskuratzeko, semea epaitegira eraman zuen. Ondasunik ez, baina 150 frankoko pentsioa atera zion. Hala ere, horrekin ez zuen bizitzeko lain, eta bertso-paperak saltzen hasi zen. Agusti Txahoren politikaren aldeko propaganda egin zuen. 1850. urtean esperientzia latza izan zuen, iloba batek zuen guztia lapurtzeko asmoz tirokatu nahi izan zuen; tiroak irten ez, pistolaz buruan jo, eta begi bakar utzi zuen. Geroztik txirotasunean, eskeko gisa, ibili zen Zuberoan.
1853. urtean lehen Lore Jokoetara aurkeztu zuen poema bat, baina ez zioten aipamenik egin. 1856. urtean Santa Garazin egon zen eskola-maisu. 1857. urtean semerik gazteenak etxean hartu zuen, Eskiulan. 1861. urtean itzuli zen berriz etxera, Barkoxeko Etxahuniara. Baina, ordurako, asmak jota zegoen, eta sutondoan igarotzen zituen egunak. Heriotza hurbil zuela ikusirik, penitentzia egiteko asmoz-edo, eta abadeak horrela agindu ziolako, bertso paperak erre zituen. 1862ko urtarrilaren 17an hil zen.
Dagokigun egilearen poesia hiru ataletan banatzen du Jean Haritschelharrek:
- Minaren poesia. Poema autobiografikoak dira, eta egileak bere barne-mina adierazten du. Talde honetakoak dira, esaterako, “Mundian malerusik”, “Bi berset dolorusik”, “Urxaphal bat”.
- Gorrotoaren poesia. Poema manikeoak dira talde honetakoak, egilearen barne-mundua eta besteen aurkako jarrera kontrajartzen ditu Etxahunek. Gisa horretakoa da “Etxahunen bizitzaren kantorian”.
- Poesia satirikoa. Sail honetan fartsak, ofizioen kritika eta emakumeen aurkako testuak ditugu.
- Omenezko poemak. Zuberoako gizon prestuen omenez egindako poemak dira sail honetakoak.
Etxahunen lanek arazo teoriko bi jartzen dituzte begien aurrean: lehenik, erromantizismoarena; eta, bigarrenik, bertsogintzaren eta poesiaren arteko marrarena.
Lehenengo gaiari buruz, honela idatzi du Iñaki Aldekoak, mugimendu horrek idazle Zuberotarrarengan izandako eragina ukatuz:
“‘Romántico sin saberlo’ como lo definió J. Haritschelhar, no disimula su deuda con la lÃrica amatoria tradicional […] y sus composiciones autobiográficas de tono elegÃaco […] no contienen la nota de desafÃo y de rebeldÃa metafÃsica que caracterizó al Romanticismo europeo. Es decir, el sentido del mundo del bersolari suletino carecÃa de aquel ingrediente de idealismo exaltado –o, en su caso, de rebeldÃa desafiante contra el destino– que transmutaba el desasosiego de la vida en pasión solitaria y en afirmación del personalidad” (2004, 87).
Bigarren arazoa lehenengoa baino konplexuagoa da, eta, beraz, ez da artikulu honetan askatzeko modukoa. Baina badirudi bersolari/poetaren arteko desberdintasun marra garai haietan idazlearen maila kulturalarekin eta lanen zabalkuntzarako aukeraturiko bideekin loturik zegoela. XIX. mendean bertsolarien gaiak haien barne-munduarekin eta sentimenduekin oso loturik zeuden. Beraz, poetek darabilten mundu-ikuskera eta estilo-joera oso erraz lotu daitezke erromantizismoarekin. Baina, badirudi lana ahozkotasunarekiko duen loturak definitzen duela, batez ere egitura eta ahozkotasunaren marka zehatzei dagokienekiko. Zentzu horretan, Etxahunen kasuan, poetaren eta bertsolariaren arteko haustura azaltzen da.
BIBLIOGRAFIA
ALDEKOA; Iñaki (2004): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia.
HARITSCHELHAR, Jean (1969): Le poéte suletin Pierre Topet, Etxahun. Musée Basque. Baiona.
KORTAZAR, Jon (1997): Euskal literaturaren historia txikia. Ahozkoa eta klasikoa. XVI-XIX. Erein. Donostia.
SALABERRI, Patxi (2002): Iraupena eta lekukotasuna. Euskal literatura idatzia 1900 arte. Elkar. Donostia.
« TARTAS, JUAN | UGALDE, MARTIN » |