Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

TARTAS, JUAN

(Sohüta, 1610 inguruan-¿?)
Iratxe Martin

Juan Tartasen jaiotza-data eta, era berean, heriotza-data zehaztea zaila da, haren bizitzaz oso gutxi baitakigu. 1610etik 1612ra bitartean jaio zen Sohütan (Zuberoa), antza denez, familia nekazari dirudunean. Apaiza zen Tartas, eta berak emandako sermoi batean dioenez, lehendabiziko ikasketak Leskar-eko Barnabitarren ikastetxean egin zituen. (Jean de Jaurgain 1907: 25). Jaurgainek (1907: 25) egiaztatu zuen Tartas Oloroeko Andra Mari katedralean prebendatua izanik, 1641ean Arueko apaiz izendatu zutela. 1673ko maiatzean Arueko eta Atarratzeko erretore egin zuten arren, abendutik aurrera lehen erretoregoa bakarrik hartu zuen bere gain.

Tartasek bi liburu eman zituen argitara: Onsa hilceco bidia (Orthez, 1666) eta Arima penitentaren occupatione devotaq (Orthez, 1672); bi-biak gai aszetiko-erlijiosoei buruzkoak dira, zubereraz idatzitakoak. Onsa hilceco bidia zubereraz idatzitako lehen liburua da. Hala ere, Darricarrèren ustez, Tartasek Amikuzeko (zuberotar eta behenafarraren tartekoa) euskara darabil. Tartasen ortografia-sistema berezia dela eta, latina eta frantsesa ez ezik gaztelera eta gaskoia ere bazekizkielako ustea adierazgarria da (Darricarrère 1911: 17-18). Aipatu dugun bigarren liburua Arima penitentaren occupatione devotaq aurrekoa baino laburragoa da eta Salaberrik baieztatzen duen bezala, bertan landutakoak “ohiko aszetika liburuetan bezalatsu, otoitza, erremusina eta baraua dira landutako okupazio horiek” (Salaberri 2002: 86).

BIBLIOGRAFIA

DARRICARRÈRE, Jean Baptiste (1911): “Le livre basque intitulé: Onsa hilceco bidia: “Le moyen de bien mourir”. RIEV. 5,1. 14-47.

JAURGAIN, Jean (1907): “Jean de Tartas”. RIEV. 1,1. 25.

SALABERRI MUÑOA, Patxi (2002): Iraupena eta lekukotasuna: Euskal Literatura idatzia 1900 arte. Elkar. Donostia.

VILLASANTE, Luis (1979): Historia de la literatura vasca. Sendo. Bilbao.

ESTORNÉS ZUBIZARRETA, Idoia (1977): Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco. Volumen I, Literatura. Ed. Auñamendi, Estornés Lasa Hnos.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus