Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

SUDUPE, JON

(Azkoitia, 1947)
Iratxe Martin

Jon Sudupe, saiakera idazlea, 1947. urtean jaio zen Azkoitian. Pasiotarrenean egin zituen lehendabiziko ikasketak eta, soldaduska Zaragozan egin ondoren, Parisera abiatu zen, Filosofiako lizentziatura egitera. 1973an, ikasketok bukatu bezain laster, Euskal Herrira itzuli eta Zumaiako Ikastolan hasi zen irakasle. Lanbidez idazle eta irakasle, herriko ikastolako eta eskola publikoaren fusioaren ondoren, bertako herri eskolan jardun zuen Sudupek, harik eta 2009an erretiroa hartu zuen arte. Artikulu ugari idatzi ditu euskal aldizkarietan eta, azken aldian, irakurleari iritzia eskaintzeko eta gogoeta pizteko asmoz, Berria egunkarian kolaboratzen du hilero. Zenbait pentsamendu filosofiko, gizartearen askotariko paradigmak, hizkuntzalaritza zein soziologia oinarritzat hartuta, saiakera laburraren antza duten kazetaritza-artikuluak idazten ditu. Hala ere, Europako pentsamenduari buruzko ikerketak eta hausnarketak nagusi dira Suduperen lanetan.

1983an eman zuen ezagutzera bere lehen saiakera liburua: Karl Marx, Teoria eta Politika. Mikel Zarate Saiakera Saria irabazi zuena liburu horrek. Lan horretan Marx gaztea eta zaharraren arteko bereizketa egiten du egileak. 1990. urtean, Irun Hiria Saria irabazi ondoren, Modernitatearen alde plazaratu zen; Amaia Iturbidek obraren hiru atal nagusi azpimarratzen ditu: modernitateari dagokiona, postmodernitateaz aritzen dena eta ilustrazioa eta erromantizismoaren arteko auziaz mintzo dena (1995). Sudupek Modernitatearen egitasmoa zertan datzan azaltzen du; izan ere, idazleak aitortu bezala, ilustrazioa eta modernitatea dira bere saioetan jorratutako gaiak, haien aldeko zalantzarik gabeko jarrera agertzen duelarik. Halaber, bizi dugun garai postmodernoko eszeptizismoa, erlatibismoa eta nihilismoa arbuiatzen ditu eta, egilearen zenbait saiakera liburutan igartzen denez, Emmanuel Kant eta Jünger Habermas filosofoen jarraitzailetzat dauka bere burua.

Hurrengo hiru argitalpenek, Ilustrazioaren kriseilupean (1994), Muniberen ametsa: Euskaltasuna eta Modernitatea (1996) eta Euskaldunak, liberalak eta komunitatezaleak (1998), Pedro Axular Saria, Irun Hiria Saria eta Mikel Zarate Saria irabazi zuten hurrenez hurren. Ilustrazioak, Modernitateak eta euskalduntasunak ardazten dituzte idazlanak.

Lehenengo saiakera liburuan, Modernitatearen aldeko aldarrikapen sakona egiten du Sudupek. Iritzi desberdinak azaltzen zaizkio irakurleari, batetik, postmodernitateak modernitatearen lekua bete duela sinesten dutenen pentsaera agerian uzten du eta, bestetik, neokontserbadurismoak modernitatearen alderdi funtsezkoari uko egiten diola pentsatzen dutenen ustea nabari da. Ilustrazioaren bi muturreko joerak azpimarratzen dira liburuan: suntsiketa eta askatasuna, bada, Horkheimer eta Adornoren lana ikuspuntu modernotik irakurri ondoren, Sudupek Ilustrazioa argi eta ilunaz egina dagoela baieztatzen du. Era berean, Immanuel Kant eta Xabier Muniberen idealak berriztatzeko proposamena egiten du, ilustrazioaren beraren ilustrazio berri bat aldarrikatzen delarik liburuan.

Hurrengo saiakeran Munibek eta Azkoitiko Zalduntxoek hartzen dute protagonismoa. Muniberen ametsa: Euskaltasuna eta Modernitatea-n aurrekoan mahaigainera ekarritako egitasmoa garatzen da, Munibek martxan jarri zuen pentsamoldea gaurkotzeko beharra agerian utziz.

1998ko saiakeran ere (Euskaldunak, liberalak eta komunitatezaleak), Sudupek iraganeko eta gaurko garaietatik bidaiatzeko aukera ematen dio irakurleari; liberalen eta komunitaristen arteko eztabaidaz arduratzen da, eta urteetan bi pentsamendu klase horiek jasandako aldaketak azaltzen ditu. Neurri batean, liberalismoa eta komunitarismoa bateragarriak direla uste du saiakera-egileak; “euskal komunitate liberal” batera hurbildu beharko ginatekeela baieztatzen du.

2003an Emmanuel Kant filosofoaren jarraitzaile sutsua dela erakusten du Sudupek Kant eta uso arina saiakeran; liburu honi esker Miguel de Unamuno Saria irabazi zuen. 2007an Bilboko udaleko Miguel de Unamuno IX. Saiakera Saria berriro jaso zuen egileak bere azken obrarekin, Hizkuntza ados jartzeko da liburuarekin hain zuzen ere. Lan hori 2009an argitaratu zen. Horretan, hizkuntza hartzen du egileak hizpide, eta mendebaleko filosofiaren garapenean hizkuntzaren inguruan agertu diren teoriak aztertzen dira: Greziarren logos-a eta lehendabiziko filosofoak, sofisten eszeptikotasuna, Sokrates galdetzailearen eguneroko arazoez eta gizakiekiko ardura, Platonen elkarrizketak, Chomskyren gramatika sortzailea eta Habermasen pragmatika unibertsala…

“Giza mintzairaren helburuaz dihardu saiakera honek, batez ere. Hizkuntzaren erabileraz arduratuko naiz hemen. Pragmatikaz, alegia. Hizkuntzaren eginkizun komunikatiboa izango dut hizpide. Wittgensteinen hizkuntza jokoen kontestualismo erabatekoaren kontra, Heideggerren mundu irekieraren idealismoaren kontra, Chomskyren gramatika sortzailearen zientismoaren kontra, arrazionalitate komunikatiboaren alde mintzatuko naiz.” (Sudupe 2009: 12).

Bukatzeko, ezin ahaztu Klasikoak bilduman Sudupek egindako itzulpen-lana; izan ere, Voltaireren Gutun filosofikoak euskaratu zuen.

BIBLIOGRAFIA

ITURBIDE, Amaia (1995): “Modernitatea dela eta”. Euskaldunon Egunkaria. 1995-12-09.

SUDUPE, Jon (1994): Ilustrazioaren kriseilupean. Alberdania. Irun.

_________ (1998):. Euskaldunak, liberalak eta komunitatezaleak. Euskaltzaindia.

_________ (2009):. Hizkuntza ados jartzeko da. Bilboko Udala.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus