Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

SOROA, MARTZELINO

(Donostia, 1848-1902)
Eneko Zuloaga

Martzelino Soroa XIX. mende amaierako Donostiako kultur mugimenduko kide garrantzitsua izan zen. Bertako Alde Zaharrean jaio zen 1848an. Valladoliden Zuzenbidea ikasi zuen, baina, ikasketetatik haratago, ez zen lege kontuetan inoiz aritu. Gatazka-garaia zen, eta hirugarren karlistaldian Amadeo Savoiakoa erregearen kontrako zenbait bertso-lerro idaztearren, erbestera joan behar izan zuen: Ziburura. Handik itzultzean (1878), “La Infantil de Gimnasio” elkartea sortu zuen sorterrian, non heziketa fisikoko eskolak eman baitzituen.

Gazterik hasi zen garaiko egunkari eta aldizkarietan artikuluak euskaraz nahiz gaztelaniaz idazten. Besteak beste, El Urumea, El eco de San Sebastián edo Euskal Errian, non “Omar Celin Oarso” izengoitiaz sinatzen baitzuen. Horiekin batera, poemak eta epigramak ere idatzi zituen. 1880ko hamarkada erdialdean Azak eta naste ó Berzas y versos izeneko antologia kaleratu zuen Baroja etxeak. Bertan, Soroaren artikuluak, bertsoak, ipuinak eta antzerki-lan bat bildu zituen. Edukia ondo laburbiltzen du azpitituluak: Colección bilingüe de artículos, poesías, cuentos y “coshquerías” con dibujos alegóricos y una obra dramática euskara inédita arreglada para hombres solos.

Itzultzaile ere aritu zen donostiarra, eta 1885ean Euskal-Naparren joera edo emigrazioa kaleratu zuen, Colá-ren La emigración basco-nabarra lanaren itzulpena.

Martzelino Soroaren izena, baina, antzerkigintzari dago lotuta, batik bat. Ziburuko erbestaldian zegoela, beste donostiar batzuekin batera biltzen hasi zen, eta “teatro berria” deritzona sortu zuten:

“La cuna del teatro vasco moderno es San Sebastián. Más exactamente, éste nació por obra de un grupo de donostiarras refugiado en Ciboure, huyendo de los peligros e incomodidades de la ciudad sitiada por los carlistas” (Mitxelena, 1960: 138).

Garai hartakoa da Soroaren Iriyarena zarzuela. Gaztelaniaz idatzita dago, baina euskarazko pasarteak ere baditu. 1876an Ziburun bertan antzeztu zen, antzezleen artean Toribio Altzaga gaztea (hamahiru urte baino ez zituen) zegoelarik. Garaiko eguneroko bizimoduaren koadroa da, eta handik bi urtera, Donostiara itzultzean, bertako Antzoki Nagusian antzeztu zuen 1878ko maiatzaren 12 eta 19an.

Bada, taularatzea hain arrakastatsua izan zen non, liburuxka kaleratzeaz gain, Soroak antzerki-lanak idazten jarraitzea erabaki baitzuen. Garaiko jendeari biziki gustatu zitzaion tartean euskarazko atalak egotea. Hil artean hainbat lan berri idatzi zituen idazleak. Euskaraz idatzitako lehenengoa, hots, orduko teatro modernoko lehenengo euskal obra, Anton Caicu (1882) izan zen, Frantziako Erdi Aroko Maître Pathelin fartsan oinarritutako lana: “giro hartan euskaraz agertutako lehen antzezlantzat Marcelino Soroa donostiarraren (1848-1902) Antton Kaiku (1882) jo ohi da” (Salaberri, 2002: 213). Lanaren kopia bana igorri zien Victor Hugori eta Federiko Mistrali, bai eta aurreko biengandik zorion- eta animo-erantzuna jaso ere.

Haren atzetik etorritako lanen zerrenda aski luzea da: Au ostatuba (1884), ¡Lapurrac, Lapurrac! (1885), Alcate berriya (1885), Aizeac ecarri eta aizeac eraman (1885), Barrenen arra (1886), Urrutico inchaurrac (1887), Abec istillubac (1894), Ezer ez ta festa (1899). Soroa 1902an hil zelarik, zenbait obra utzi zituen, antzeztuta ikusteke. Horien artean Bañan zer naiz ni komedia dago: 1909ko abenduan taularatu zen Donostian.

Bizi zela zenbait sari irabazi zituen Soroak: ¡Lapurrac, Lapurrac! lana 1885eko Lore Jokoetan saritu zuten, kasurako; Urrutico inchaurrac Durangoko Euskal Jaietan, eta Ezer ez ta festa Zumarragakoetan.

Soroaren antzerkigintzaren arrakasta hartzaileekiko begirunean datzala esan daiteke. Garaiko ikusle eta entzuleei begira egindako obrak idatzi zituen, oso gogoan hartzen zuen norentzat idazten zuen eta nola idatzi behar zuen. Herritik hurbil zeuden antzerkietako gaiak, moldeak eta hizkera bera: izenburuak begiratzea baino ez dago herriko hizkeratik zer hurbil aritu zen ikusteko.

Gaiez denaz bezainbatean, Mitxelenak horrela laburbildu zuen donostiarraren obra: “oscilaba entre el disparate cómico y el drama lacrimoso” (Mitxelena, 1960: 139). Ohiturek eta tradizioari lotutako bizimoduak berebiziko garrantzia daukate Soroaren lanetan, baina, horiekin batera:

“ezin da ahaztu funtzio katarkikoa ere ekarri ziola gerra bat galdu berria zeukan gizataldeari. Erreferentzia bikoitzak, keinu herabeatiak, adiera desberdineko hizkerak… guztiek balio izan zuten orduko euskaldunek barre egitea zer zen gogora zezaten eta, aldi berean, euren hizkuntzari kultur esparru berrietan barneratzeko balioa eta gaitasuna ikus ziezazkioten” (Salaberri, 2002: 214).

Zalantzarik gabe, Martzelino Soroa izan zen handik urte gutxira “teatro berria” gorpuzten jarraitu zutenen aurrekari sendoa, oinarria. Asko zor izan zioten, bada, Altzagak, Zapirainek edo Barriolak.

BIBLIOGRAFIA

BEOBIDE, Iñaki (1965): “Xalbador Garmendiari elkarrizketa”. Zeruko Argia. 1965-01-10.

IRIGARAY, Angel (1971): “Lurraren kondaira”. Zeruko Argia. 1971-02-28.

MICHELENA, Luis (1960): Historia de la literatura vasca. Minotauro,. Madrid.

SALABERRI, Patxi (2002): Iraupena eta lekukotasuna. Euskal literatura idatzia 1900 arte. Elkar. Donostia.

SARASOLA, Ibon (1970): Euskal literaturaren historia. Lur. Donostia.

URKIZU, Patri (2002): “Marzelino Soroa, teatro berriaren aitzindaria: 1848-1902”. Revista de lenguas y literaturas catalana, gallega y vasca. 8. 132-202. or.

Literaturaren Zubitegia: “Soroa, Martzelino” http://zubitegia.armiarma.com/egileak/00035.htm

[2010-12-30].

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus