Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

SARASUA, JON

(Aretxabaleta, 1966-)
Miren Ibarluzea

Jon Sarasua aretxabaletarra, 1966an sortua, kazetaria eta soziologoa da ikasketaz. Informazio zientzietan doktore egin zen 1996an, Bi begiratu euskarazko kazetari hizketari tesia irakurri zuenean. Egun, Pentsamenduaren historia irakasten du Mondragon unibertsitatean.

Argia, Jakin, Bertsolari Aldizkaria, Euskaldunon Egunkaria eta EITB komunikabideetan ibilia da artikulugile zein kolaboratzaile lanetan.

Bertsolaritzaren munduan egin zen ezagun Sarasua. Hala ere, bat-batean ibiltzeaz baino (gazterik erretiratu zen taulatutik), ikerketan eta teorizazioan aritu izanagatik famatu da Sarasua. Bere teorizazio eta gogoeten adibide dira, berbarako, Egañarekin eta Gartziarekin batera 2002an argitaratutako Bat bateko bertsolaritza, Gakoak eta azterbideak non Sarasuak bertsolaritzaren soziologia lantzen duen gehienbat eta Biziaren hizkuntzaz: Txepetxekin solasean hizkuntzaren soziologiari buruzko gogoeta liburua. Azken horretan, gaiari buruzko hainbat artikulu ditu argitaratuta.

Bertso jartzaile legez ere nabarmendu izan da. Aipatzekoa da Aitor anaiarekin batera argitaratu zuen diskoa: Fauna txiki bat bertso berritan (1995). Hainbat euskal talderen letragile ere izan da Sarasua.

Halatan ere, autorearen bestelako saiakera lan bat da Sarasua hona ekartzearen arrazoi nagusienetako bat, 1997an Andoni Egañarekin batera Zozoak beleari kaleratu baitzuen. Gutun-hizketa da liburua, bertsotan gai librean ibiliko balira legez, hontaz eta hartaz dabiltzalarik, orotariko gogoeten elkartrukea. Bertsolariaren rolaz ez eze bi autoreak gizarte gaiez euren iritzia emanez ari dira saiakera liburu honetan.

Joxerra Gartziak Bertso ispiluan barrena lanean Sarasuari egindako elkarreizketa bildu eta atondu zuen 1998an Gartziak berak zuzentzen zuen Zerberri izeneko bilduman (Alberdania argitaletxea). Gai nagusia bertsolaritza bada ere, Sarasuaren pentsamodeari eta haren tesiari buruzkoak irakur daitezke liburuan.

BIBLIOGRAFIA

FERNANDEZ, Jose Jabier (1998, a): “Edukiak eta iritziak”. Euskaldunon egunkaria. 1998-02-14.

_____________________: (1998, b)”Sustraiak eta adarrak”. Euskaldunon egunkaria. 1998-12-05.

JUARISTI, Felipe (1998): “Alanbretik jauzika”. El Diario Vasco. 1998-02-28.

Euskal Herriko Bertsozale elkartearen webgunea: http://www.bertsozale.com/euskara/nordanor/nordanor-datuak.php?id=++++++1756&orri=1 /Kontsulta 2010-02-10/

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus