« SALABERRIA, SEBASTIAN | SARASOLA, IBON » |
SAN MARTIN, JUAN – “OTSALAR”
Juan San Martin Ortiz de Zarate Eibarren jaio zen 1922ko ekainaren 23an eta Hondarribian hil 2005eko maiatzaren 30ean. Aita liberala eta ezkertiarra zuen; ama, berriz, abertzalea. Gerra Zibila hasi zenean, Juanitok hamalau urte baino ez zituen. Aita errepublikarren alde jarri zelarik, ama semeak (bi anaia eta bi arreba) harat-honat ibili ziren Bizkaia, Kantabria eta Asturiasen.
Gerra ondorengoa ere ez zen erraza izan San Martinentzat. Hamazazpi urterekin OJMAR fabrikan tornulari lanetan ibili behar izan zuen eta, gauzak horrela, ikasketak bere kabuz egitea beste irtenbiderik ez zuen izan. Antton Narbaizaren esanetan soldadutza garaian euskal kulturan sakontzeko grina piztu zitzaion, amari gutunak idazteko orduan hain zuzen ere: “amari idazteko garaia helduko zaio eta gure gazteak, gaztelaniaz alfabetatua, erdaraz ekingo dio bere gutunari. Baina berehala pentsatzen hasten da zeinen arraroa egiten zaion beti euskaraz entzun duen amari gaztelaniaz idatzi beharra. Une hartan konturatuko da ezkutuan bezala baina bizi-bizi daramala berak egunero erabili arren kultur estatusa lortzeke dagoen beste hizkuntza bat: euskara” (2005: 2).
Euskara ikasteko bi bide jarraitu zituen San Martinek. Batetik, bakarka egiten zituen irakurketen bidez ikasi zuen. Eskuragarri zuen bibliografia honakoa zen: J. Zavala-Aranaren Gramática Vasca, P.M. Urruzunoren Ipuiak eta A. Urrestarazuren Gramática Vasca. Bestetik, Jon Etxaide idazlearen klaseetan izan zen, polizia frankistaren beldur, mendian ezkutaturik ematen ziren eskoletan.
Aurrerantzean, San Martinek, mendia eta euskal kultura, biak oso maite izan zituela esan daiteke. Mendizaletasunari dagokionez, Eibar Kirol Elkarteko kide izan zen eta Pirinioetako, Alpeetako eta beste zenbait mendietako gailurretan ibili zen. Eskalada eta espeleologia zituen gustuko. 1961ean San Martin harriko leize-zulorako 2. espedizioan parte hartu zuen. Hala aipatzen du Felix Marañak: “Nahikoa da Bulneseko Laranjoko gailurra hiru bide desberdinetatik egin zituela esatea, edo gainera Pirinioetako gailurretara heltzeko bide berriak egin zituela, eta Picos de Europa, Gredos eta pirinear ia mendilerro osoa eta Alpesetako zati handi bat zeharkatu zituela. Larrako San Martin lezezulora antolatu zen espeleologi espedizioan ere parte hartu zuen.” (1998: 315).
Euskal kulturari dagokionez, hura defendatzeko, garatzeko eta helarazteko Juan San Martinek egindako ahaleginak azpimarratzekoak dira. 1957an euskaltzain urgazle izendatu zuten eta 1964an euskaltzain oso. 1967 eta 1978 urteen artean, gainera, Euskaltzaindiko idazkari izan zen, eta bitarte horretan, besteak beste, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak antolatzen, alfabetatze kanpainak eragiten eta euskara batua bultzatzen jardun zuen, nahiz eta azkeneko lan horrek zenbait buruhauste sorrarazi arren.
1970eko hamarkadaren amaieratik aurrera, gainera, arlo publikoan ere jardun zuen kargu anitzetan: Euskal Kontseilu Nagusiaren zuzendari (1978), Euskal Herriko Ararteko (1989), Euskal Bibliografiako zuzendaritza-kide, Ombudsman Europar Institutuko lehendakari (1994-1995), eta abar.
San Martinen izaera dela eta, Gorka Aulestiak Errenazimenduko humanistekin erkatu izan du. Izan ere, haren jakin-mina, irakurtzeko zaletasuna zein artea, literatura eta oro har kulturarekiko zuen maitasuna nabarmentzekoak baitziren. Horrez gain, politikari dagokionez, liberala, abertzalea eta sozialista zela ere esan daiteke. Dena den, eibartarraren izaera konplexua ulertzeko zenbait zehaztasun egin beharko lirateke: “nacionalista, pero no aranista; socialista pero ferviente defensor de la cultura vasca; internacionalista pero respetuoso con las minorÃas étnicas; europeÃsta pero luchador de una Europa pluralista donde los derechos de las naciones minoritarias como la vasca sean aceptadas; amante del euskera pero también del pluralismo lingüÃstico (Aulestia 2000: 11).
San Martinen ekarpen bibliografikoa benetan anitza eta aberatsa da. Kronologikoki eta gaiaren arabera sailkatzeaz gain, hizkuntzaren arabera ere sailka litezke haren lanak, euskaraz eta gazteleraz eman baitzituen argitara hainbat eta hainbat liburu eta artikulu. Mendiari buruzko lanak Pyrenaica izeneko aldizkarian argitaratu zituen; etnografiari buruzkoak Munibe eta Fontes aldizkarietan, lehendabizi, eta Hondarribia eta Bidasoa-n, ondoren; azkenik, literatur ekarpenei dagokienez, hitz lauzko zenbait idazlan Anaitasuna, Euzko-Gogoa eta Karmel aldizkarietan agertu ziren, eta poesiazkoak Olertin eman zituen.
Liburuez denaz bezainbatean, aipatzekoak dira Zirikadak (1960) eta Eztenkadak (1965) egunerokotasunean eta umorean oinarritutako ipuin bilduma biak; Uhin berri (1969), hogeita bost euskal poeten lanak jasotzen dituen antologia; Hegatsez (1971), hirurogei euskal prosisten lanen antologia; Literaturaren inguruan (1980), zenbait aldizkaritan agertutako literaturari buruzko entsegu sorta jasotzen duen liburua (aldez aurretik bazuen gaztelerazko Escritores euskéricos (1968) obra, non hainbat euskal idazleren datu bio-bibliografikoak jasotzen zituen); eta Giro-gori, poema bilduma.
Hitzaurre egile gisa ere badu garrantzia San Martinek. Alor horretan, ekarpenik esanguratsuena Gabriel Arestiren Harri eta herri liburuarentzat idatzitako testua da, zalantzarik gabe. Horrez gain, kazetaritza lanetan ere ibili zen Hoja de lunes, La voz de España eta El diario vasco egunkarietan, euskal hizkuntza eta literatura, etnografia, historia, musika eta beste hainbat gai jorratuz. Haietan idatzitakoak hiru liburutan bildu zituen ondoren: Gogoz (1978), Bidez (1981) eta Landuz (1983).
Eibartarraren ibilbideak izan zituen, noski, bere fruituak, sari ugari jaso zituen bizitzan zehar, hala nola, Lauaxeta Kazetaritza Saria, Urrezko Idazluma Saria, Argizaiola Saria eta Eusko Ikaskuntzako Euskadiko Kutxa Saria. 2005ean Eibarko udalak seme kuttun izendatu zuen.
BIBLIOGRAFIA
AULESTIA, Gorka (2001): “Un siglo de literatura vasca (IVc). Juan San MartÃn”. Sancho el sabio: Revista de cultura e investigación vasca. 15. 45-92.
MARAÑA, Félix (1998): “Juan San Martinen berri eta bibliografia”. Giro gori-Tiempo ardiente (1954-1977). Euskal Herriko Unibertsitatea. Bilbo. 311-320.
NARBAIZA, Antton (2005): Juan San Martin. Bidegileak. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia. Gasteiz.
« SALABERRIA, SEBASTIAN | SARASOLA, IBON » |