Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

APAOLAZA, ANTERO

(Urretxu, 1845 - Antzuola, 1908)
Alvaro Rabelli

Antero Apaolaza Aranguren urretxuarrak, botikari izateko, farmazia-ikasketak egin zituen Madrilen. Ikasketak amaituta, Bergaran ekin zion lan egiteari. Frogatzen duen agiririk ez dagoen arren, Antero Apaolaza inguru liberaletan ibili omen zen, bere gremiokoek egiten zuten antzera. Konpromiso politiko horrek Bergarako alkate izatera eraman zuen, 1881an. Ez zuen, ordea, karguan luzaroan iraun, ezta urte bete ere. Inguruan sentitu bide zuen giro politiko itogarriak Antzuolan bizi izatera behartu zuen. Bertan ere, etxekoen partetik ordukoan, ez zuen aurkitu bila zebilen bakea. Horrela, Antzuolako bakardadean, literaturari ekin zion.

Antero Apaolazak literaturan aurkitu zuen inguruko giro zaila gainditzeko ihesbidea. Lan bakarra ezagutzen diogu: Patxiko txerren (Bergara, 1890) ipuina. Gainontzeko lanak, zenbat ote diren ez dakigula, senideek erre zituzten Antero hil zenean. Badakigu, jakin, zenbait lan bertsoz eman zituela.

Zalantzazkoa da 1889an Donostiako Euskal-Erria aldizkarian seme Frantzisko Antero gazteak argitaratutako bertsoak ez ote ziren aitak prestatuak; izan ere, Frantsizko Antero gazteak hamalau edo hamabost urte izango zituen une hartan.

Edonola ere, aipatu dugun Patxiko txerren ere ez da Anteroren lan originala, Antonio Trueba bizkaitarraren El judas de la casa ipuinaren itzulpen moldatua baino. Truebak 1859an argitaratu zuen ipuina, Cuentos de color de rosa liburuan. Truebaren ipuinak oso ezagunak izan ziren garai hartan, baita euskal idazleen artean ere; beraz, ez da harritzekoa Truebaren heriotzaren kariaz Antero Apaolaza liburuzale eta eskolatuak Truebaren lana hartu eta itzultzea, harenganako omenaldi gisa, beste euskal idazle askok egin zuten bezalaxe.

Esan genezake Apaolazak Truebaren lana hobetu egin zuela lana moldatu zuenean; haren narrazio larria arintzea lortu zuen.

Apaolaza liberal eta sekularrak, jarraipenik izan ez zuen aukera handiko eredu narratiboa utzi zigun Patxiko txerren ipuinean.

BIBLIOGRAFIA

ELORTZA, Jerardo (2008): “Antero Apaolaza Aranguren”. Bidegileak. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia. Gasteiz.

ETXENAGUSIA, Karmelo (1969): Euskal idazleen lorategia. Cinsa. Bilbo.

ONAINDIA, Santi (1974): Euskal literatura III. Etor. Donostia.

RABELLI, Alvaro (2008): “Patxiko txerren”. Euskal Literaturaren Hiztegia. EHU-Euskara Institutua.

SAN MARTIN, Juan (1962): “Sarrera”. Patxiko txerren. Auspoa. Tolosa.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus