Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

ROZAS, IXIAR

(Lasarte-Oria, 1972)
Iratxe Martin

Ixiar Rozas euskal idazlea, dramaturgoa, dokumentalen egilea eta ikerlaria da. 1995ean Nafarroako Unibertsitatean Informazio-Zientzietan lizentziatu ondoren, gidoigintza masterra egin zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Hainbat egunkari eta telebistatan kazetari eta gidoigile aritzeaz gain, zenbait koreograforekin lan egiten du pieza eszenikoak sortzen; “Performance writing”-i buruzko mintegietan parte hartzen du, halaber. 2002-2007 urteen bitartean, Italian, Bilbon eta Donostian antolatutako Periferiak (pentsamendu, praktika artistiko garaikide eta arte eszenikoen topalekua) jardunaldietako zuzendari artistikoa izan zen. 2006an Humano caracol dokumental sorta egin eta zuzendu zuen. Gaur egun, dantza garaikidean eta koreografia esperimentalean ahotsa, lengoaia eta gorputzaren arteko harremanaz tesia idazten dihardu.

Gaur egungo euskal literaturako panoraman berritzaile den idazle baten aurrean gaude; aro postmodernoaren autorea izanik, bere obretan identitate pertsonal eta kolektiboa, generiko eta soziala ezartzen duen diskurtsoa eskaintzen du. Ibilbide laburrean, Ixiar Rozasek bilakaera argia erakutsi du mota guztietako generoak landuz: nobela, ipuinak, poesia eta antzerkia. 1998an idatzitako Bataioa ipuina 9808 Narrazioak ipuin bildumaren barnean eta Euskaldunon Egunkarian argitaratu zen. Era berean, 2001ean Korronteak ipuinarekin Donostia Hiria saria irabazi zuen, hurrengo urteetan idatziko zuen eleberri baten atarikoa izango zena. 2000. urtean Edo zu edo ni eleberria argitaratu zen; errealitatea eta ametsak etengabe nahastuz, ohikeria baztertzeko eta bizimodua aldatzeko ahaleginak egiten dituen emakume heldu baten istorioa da. Bizitzaren zenbait egoera jakinetan hartu beharreko garrantzi handiko erabakiak agerian utzi zituen egileak obra honetan.

Rozasek Euskal Herritik kanpo du begirada, testuinguru zehatz gabeko pertsonaiak eta istorioak marrazten ditu, edozein herrialdetan pairatu daitezkeen postmodernitate eta globalizazioaren ondorioz sortutako egoerak eta ereduak. Hiria ezinbestekoa da Rozasen obretan, baina, hiriko deskripziorik eza nabarmena erakutsiz, kaleetatik noraezean dabiltzan ia ikusezinak diren pertsonaiei eskaintzen die arreta. Hiriak protagonisten barne-auziak eta munduko ikuskera baldintzatzen dituzten bizi-espazioak dira; beti ikuspuntu kritikotik, hiri-perspektiba agerian dago Rozasen narratiban eta hiri-narratibatik aldakor eta kontraesankor den gizartea aurkezten digu. Haur eta gazteentzako idatzitako bilduman, Yako (2001), Yako eta haizea (2002) eta Yako eta lurra (2004) hiriaren garrantzia ere azpimarratzekoa da; uharte batean munduratzen da Yako, gehiegi maite duen emakumea. Sua izatetik lurra izatera igarotzen den neska Aezihan barneratzen da. Autoreak berak baieztatu bezala, “hiriak garrantzi handia du liburu honetan, Yako eta bere laguna hiri handi batera iristen direlako bere bidaian. Hiri horretan helduen munduaren eragina jasaten dute, helduen munduak gazteengan duen presioa.” Autorea errealitateaz baliatzen da mundu sinesgarriak osatzeko.

Urte horietan ere, beste bi eleberri idatzi zituen Ixiar Rozasek, alegia, Sartu korrontea dabil (2004) Euskadi Sarietarako izendatutako lana eta Negutegia (2006), italiera eta gaztelerara itzulitakoa. Zalantzarik gabe, bi nobela horietan fikzio kutsuek egunerokotasuna zipriztintzen dute; kontaketa errealistak azterketa kritikora bultzatzen gaitu eta errealitatea kontatu ez ezik, dimentsio kritikoa ere gehitzen zaio testuari. Izan ere, dimentsio kritiko honek gizartea aldatzeko beharra ikustarazten digu: ikusezinak diren pertsonak, baztertu sozialak eta etorkinen egoera, ikusgai bihurtzen ditu Rozasek koherentzia eta hizkuntzaren garbitasunari esker. Sartu korrontea dabil eta Negutegia eleberrietan deserrotzea da gai nagusienetariko bat, hiri berrien artifizialtasuna, turistentzako eraikitzen diren gezurretako hiriak, baztertzen dutenak, normak ezartzen eta getoak gordetzen dituztenak.

Poesiari dagokionez, aipagarria da Patio bat bi itsasoen artean (2001) Ernestina Champourcin poesia saria irabazi zuena eta ezin ahaztu “Just one night” 2005ean Tribes Magazine aldizkarian argitaratuta eta Metamorphoses (2004) poema. Bestetik, arestian esan bezala, antzerki-lanaren egilea ere badugu Ixiar Rozas; Gau bakar bat 2004an euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu zen. Antzerki absurdoaren ukitu argiak dituen lana.

Sortze-lanei kazetaritzaren inguruan idatzitako artikuluak eta hausnarketak gehitu behar zaizkie. Euskaldunon Egunkarian, Deia, Berria edo El Diario Vasco egunkarietan kolaboratzaile ibili da Rozas; baita Argia eta Hegats aldizkarietan ere. Aldi berean, ugariak dira lasartearraren idatzi argitaratuak, hala nola “¿Y si resulta que nos lo inventamos…?, “Habitar el entre”, “Gorputza orainera jaurti”, “Pier Paolo Pasolini: cultivador de grietas”.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus