« PEREZ DE LAZARRAGA, JUAN | POUVREAU, SILVAIN » |
PERURENA, PATZIKU
Goizuetan jaio zen Patziku Perurena, nahiz eta hamabi urte zituela Leitzara bizitzera joan. Oinarrizko ikasketak eta Lanbide Eskola Leitzan egin zituen, gazteleraz. Hamasei urterekin Arrasateko Eskola Politeknikoan Ingeniaritza ikasten hasi zen, baina, hizkuntza lantzeko, hura utzi eta “Leitza bihurtu zuen unibertsitate” (Ibargutxi, 1998: 8).
Genero batean baino gehiagotan aritutako idazle honek Sarrionandiari eta Eduardo Gil Berari zor die literaturaren munduan sartu izana. Halaxe dio Perurenak, bederen:
“Udaldi batez Joseba Sarrionandiak Leitzan emandako literatur ikastaro batzuengatik piztuko zitzaidan euskal literaturaganako zaletasuna; eta gero, handik urte batzuetara, Eduardo Gil Bera ezagutu nuena esker, bideratu atzera galdutako nortasuna eta izena: Patziku; artean Patxi erabili baitnuen. Geroztik beti aitortu izan dut, bi argigile bihotzeko horiekiko mirespena eta eskerra” (EIE)
Poesiarekin estreinatu zen euskal literaturan eta orotara lau poema-liburu argitaratu ditu. Horrez gain, Koldo Izagirrek apailatutako XX. mendeko poesia kaierak bilduman, Patziku Perurenari eskainitako antologia ere bada.
Goizuetarraren lehenengo obra Joannes d’Iraolaren poema bilduma (1985) izenekoa da. Bertan, idazlea editore gisa ageri da, izenburuko Joannes d’Iraola pertsonaiaren poema sorta bat aurkeztuz. Liburua hiru zatitan banatua dago, bizitzaren etapen arabera: lehenengoan haurtzaroari buruz hitz egiten du, bigarrenean gaztaroari egiten dizkio koplak, eta, azkenik, heriotzaz dihardu. Lan horrekin Irun Saria irabazi zuen 1984an.
Argitaratutako bigarren poesia liburua Emily (1987) da, eta horretan ere antzeko teknika darabil: idazleak izenburuko fikziozko emakumearen izena du, poeta horren lana ezagutzera emango balu bezala. Jon Kortazarren (1987) arabera, liburu hori “bere maisutasunaren baieztapena” da. Emily Dickinson XIX. mendeko poeta estatubatuarrari eginiko omenaldi txiki gisa uler daiteke liburua. Zazpi ataletan banaturiko lana da, eta Emilyren biografia zertzeladak ez ezik, gutunak, poemak eta epigramak ere aurki daitezke; bada, horietan guztietan aurretik hausnarturiko askotariko gaiak jorratzen ditu: bai literaturaren arazoak, bai bizitzaren alderdiak. Perurenak XII. Azkue Saria jaso zuen obra horrekin.
Patziku Perurenaren hastapeneko poemetatik ikus daiteke armoniaren aldeko jarrera, eta erritmoa eta errima ongi zaintzeaz gain, musikaltasuna bilatzen du. Koldo Izagirrek dioen bezala, “hitzak belarrirako aukeratzen dizkigu poetak, zehatz eta aberats, kanturako diren poemetan eta halaber soilik irakurtzeko direnetan” (2000: 8).
Hirugarren poema-bildumak Iraingo apaiz gaztearen Kantutegi zaharra (1988) du izena, eta liburu horretan herri txiki batean bizi zen apaiz baten kantutegi sekretua aurkezten du Patziku Perurenak. Irain herrian kokatuta dagoen fikziozko apaiz gazteak izkiriatutako poemak grafia zaharrean idatzita daude, eta, “Kantutegi zaharraren historiala” atalean, Perurenak apailatzaile gisa jokatzen du, sinesgarritasunaren mesedetan.
Isileko kantak (1993) laugarren poema-liburuan aurretik aipaturiko armonia bilatzen da, baita hainbat kontzeptu modu sinboliko batean adieraztea ere, askotan naturak sor ditzakeen sentsazioekin nahastuta. Izan ere, naturarekiko zaletasun-maitasuna etengabe dago presente egilearen obretan, eta Jon, Kortazarrek iradoki izan duenez, Perurenak surrealismoa egiten du euskal tradiziotik hartutako irudietan oinarrituz (apud Ibargutxi), bada, zentzu horretan, Orixeren miresle izan dela esan liteke.
Poesiaz gain, Patziku Perurenak saiakera ugari idatzi ditu, eta genero horretan egindako lehenengo lana Harripilatan ezkutatzen zeneko apo tipiaren burutazioak (1990) da. Bertan, idazleak mendebaldeko gizartearen azterketa egin eta haren morala kritikatzen du, horretarako apoaren ahotsa baliatuz.
Bigarren liburuan, berriz, guztiz aldatzen du gaia: Koloreak euskal usarioan (1992) saiakeran ahozko zein idatzizko euskal literaturan koloreek duten esanahiaz hitz egiten du egileak. Era berean, Irun Hiria Saria jaso zuen Euskarak sorgindutako numeroak (1993) lanean herri literaturak zenbakiei emandako zentzuaz hausnartzen du. Horretarako, hainbat iturri erabiltzen ditu, besteak beste berak jasotako ahozko komunikazioa eta dokumentazio idatzia. Liburuaren azken atala –“epilogo modura”– Joseba Sarrionandiari eskaintzen dio, hark “beste munduko xokoren batetik” (1993: 353) liburua osatzeko bidalitako artikulua eskertuz.
Urte berean Marasmus Femeninus: Joanaren gutun zaharrak (1993) idatzi zuen Perurenak. Izenburuan bertan antzeman daitekeenez, Joanak bere lagun Mariari bidalitako eskutitzek osatzen dute obra. Oraingoan ere, egilearen lehenengo bi lanetan bezala, apailatzaile ageri da Perurena, eta Mariak –“gaztetan neskalagun min” zuenak (1993: 8)– bidalitako gutun batean oinarrituz, bien lagun izandako Joanaren eskutitz trukaketa argitaratzen du.
Leitzako errege-erreginak (1996) izena du hurrengo liburuak. Leitzan bizitzeak eta helduekin lan egiteko aukera izan izanak obra hau egiteko bideak zabaldu zizkion, izan ere, pertsona haien ahotik entzundakoaren ondorio dira jasotako istorioak.
Dialektologiara hurbildu zen gero Perurena, eta Goizueta eta Aranoko hizkerak (1999) lana osatu zuen, Juan Jose Zubirirekin batera. Lan horretan bi herrietako ezaugarri linguistiko eta etnolinguistikoak lantzen dira.
Ondoren, zazpi-zortzi urtean zehar idatzitako gogoetak bildu zituen Dakiguna ikasten (2007) saiakeran. Hainbat filosofo (Heraklito, Epikteto, Nietzsche…), euskal letretako autore ezagun (Oihenart, Mogel, Mitxelena, Lete, Izagirre, Uribe etab.) eta beste literatura batzuetako zenbait idazle hartzen ditu aintzat, ez soilik amaierako “Itzulbiderako aztarren batzuk” atalean, baita bere pentsamendu batzuetan ere. Hausnarketak eta narrazioak modu askean nahasten ditu egileak, eta edozein gairekin ausartzen da, baita euskal hitz batzuen etimologiekin ere (ikus, bestela, “uku, ukabil, okil…” atala, 42-46; edo “ogia, artoa, harroa, harjoa…”, 84-87).
Hurrengo liburua “Trabukoren kanta” izeneko bertsoan oinarrituz egindako ikerketa lana izan zen: Goizuetan bada gizon bat: Trabukoren kantako misterioak (2010). Aipatutako olerkian ageri diren gertaerak argitzeko dokumentazio-lana egin osteko ondorioak aurkezten ditu bertan egileak, leku esanguratsuen eta eskuizkribu batzuen argazkiak eskainiz. Amaieran, azterketa borobiltze aldera, Agustin Mendizabalen “Berdabioren bertso doinuak” atala aurki daiteke, non kantaren bertsio ezberdinak transkribaturik azaltzen diren.
Poema-liburuak eta saiakera ez ezik, artikulu asko idatzitakoa da Patziku Perurena. Horren erakusgarri da 1991ean El Diario Vasco egunkariko “Zabalik” gehigarrian argitaratutako artikuluengatik jaso zuen Rikardo Arregi saria. Egunkarietako artikulu horien sailkapen bat egin eta hiru bilduma osatu zituen Perurenak: Zurian zirika (1995), Etorrerakoak (1998) eta Trapuan pupua (2001). Lehenengoan 74 artikulu labur jaso zituen, askotariko gaiak ukituz (bertsolaritza, kirola, eliza etab.). Bigarrenean El Diario Vascon argitaratutako 62 artikulu bildu zituen, aurretik landutako gaiak ardatz hartuta (feminismoa, kristautasuna, natura, Donostiako elite euskalduna, etab.), eta, horien harira, bere herri inguruko (Leitza, Berastegi, Goizueta, Areso eta abarretako) ahozko zein artxiboko dokumentazioa ekarriz. Ez da itzulinguruka ibiltzen, eta zuzen esaten ditu pentsatzen dituenak. Azken liburuan Euskaldunon egunkariako “Nafarkaria” gehigarrian argitaratutako 152 artikulu batu zituen.
Poesia, saiakera eta artikulu horietan guztietan Perurenak bere hausnarketak eta ideiak husten ditu, euskara eder eta dotorean. Pentsamendua biluzte horrek bere ideiekin bat ez datozenekin talka egitea ekarri izan dio Perurenari. Izan ere, ondorengo aitorpen honek argitzen duen bezala, idazle hau euskal literaturan ezaguna izan arren, ez da “(…) inongo literatur taldetako kide izan inoiz. Neure txokoan eta neure intimitatean aritzen naizen idazlea sentitu izan naiz beti” (Zabala, 2010). Toki horretatik, baina, izadiarekiko sentitzen duen lotura handia dela aitortu izan du, ez soilik esplizituki, baizik eta bere lanen bidez ere bai. Ildo horretan, Koldo Izagirrek hauxe dio bere lanaren inguruan: “gure ruralismo guztiak deskubritu ezin izan zuen Naturaren kantore handi bat dugula bere obra” (2000: 7).
BIBLIOGRAFIA
IBARGUTXI, Felix (1998): “Bihotzeko ezjakin hori” in Perurena, Patziku (1998): Etorrerakoak. Txalaparta. Tafalla. 7-9.
_______________ (2002-2009): “Patziku Perurena Loiarte” in Auñamendi Eusko Entziklopedia. Online [kontsulta: 2011-03-31].
IZAGIRRE, Koldo (2000). XX. mendeko poesia kaierak. Patziku Perurena. Susa. Zarautz.
KORTAZAR, Jon (1987): “Emily, literaturaren lilura” in Eguna. Online [kontsulta: 2011-03-21].
PERURENA, Patziku (1998): Etorrerakoak. Txalaparta. Tafalla.
_________________ (1993): Euskarak sorgindutako numeroak. Kutxa Fundazioa. Donostia.
_________________ (1993): Marasmus Femeninus: Joanaren gutun zaharrak.
_________________ (2007): Dakiguna ikasten. Alberdania. Irun.
Euskal Idazleen Elkartea (EIE). “Patziku Perurena Loyarte”. Patziku Perurenaren biografia. Online [kontsulta: 2011-03-21].
ZABALA, Juan Luis. (2010): “Ezaguna dudan mundu txikian dibertitzearen aldeko aukera egin dut”. Patziku Perurenari egindako elkarrizketa. Berria egunkaria. Online [kontsulta: 2011-03-29].
« PEREZ DE LAZARRAGA, JUAN | POUVREAU, SILVAIN » |