Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

PEILLEN, TXOMIN

(Paris, 1932)
Eneko Zuloaga

Txomin Peillen Karrikaburu Parisen jaio zen, 1932ko azaroaren 17an. Guraso zuberotarrak zituen, baina Frantziako hiriburura jo behar izan zuten lan bila, eta bertan jaio eta hazi zen Txomin Peillen, giro erdaldunean (baita etxean ere): gaztetan hasi zen ia galdua zuen euskara ikasten, eta ordutik etengabe egin du lan euskararen inguruan. Hogei urte bete aurretik, Jon Mirande ezagutu zuen Parisen, eta orduz geroztik zenbait lan egin zituzten elkarrekin. Peillenek biologia ikasi zuen Sorbonan, eta ia hogeita bost urte egin zituen, irakasle-lanetan, Parisko Lavoisier lizeoan.

Parisko bizimodua utzita, Aljeriako Independentzia Gerran erizain lanak egin zituen, eta orduz geroztik euskal letrei lotutako bizimodua egin du. Euskaltzain urgazle izendatu zuten 1967an, euskaltzain oso 1988an eta euskaltzain emeritu 2007an. 1981ean Bordelen doktoretza-tesia defendatu zuen: Lexique Basque de l´anatomie, morphologie et semantique. Orduz geroztik, Pabeko eta Aturriko Herrialdeetako Unibertsitatean irakasle izan zen, eta Euskal Ikasketak lizentziako sorkuntza-prozesuan hartu zuen parte. Bestalde, bere literatur lanekin zuzenean eskuratutako sariez gain, zenbait erakunderenak ere lortu ditu; hala nola, 2009an jasotako biak: Euskal PEN Klubaren saria eta Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria.

Politikaren esparruan ere aritu da paristarra: 1993an EAko hautagai izan zen Pirinio Atlantikoen Departamentuan, eta handik lau urtera berriz aurkeztu zuen bere burua EA/Convergence, Ecologie, Solidarité hauteskunde-taldearekin. Bestalde, jada XXI. mendean, Maule-Lextarre kantoiko (Zuberoa) sailburu nagusi izateko hautagai ere izan zen.

Txomin Peillen Bigarren Mundu Gerraren ondoren hasi zen garaiko aldizkarietan artikuluak eta zenbait literatur lan argitaratzen. Lanak kaleratu zituen, besteak beste, Gernika, Euzko Gogoa, Anuario de Eusko Folklore eta Jakin bezalako argitalpenetan. Aldizkarien esparruan, Peillenek egindako ekarpen handiena, baina, 1962an agertu zen, eta Jon Miranderekin elkarlanean sortutako Igela. Euskaldun heterodoxoen errebista izeneko argitalpena izan zen. Hilabeteak ziren Jon Mirande eta Andima Ibiñagabeitia bizkaitar erbesteratua Parisen biltzen zirela, eta batzar haietara Txomin Peillen batu zitzaien. 1954an Ibiñagabeitiak ozeanoaren bestaldera alde egin zuenean, Miranderen eta Peillenen arteko loturak bere horretan iraun zuen, eta, hain zuzen ere, lotura horren ondorio izan zen aipatutako aldizkaria. Erredakzioa Parisko Saint Germain bulebar ezaguneko 15. zenbakian jarri zuten, eta aldizkariaren lehenengo alea 1962ko otsailean kaleratu zen. Igelak hautsak harrotu zituen; izan ere, hala Mirandek nola Peillenek bertan idatzitako testuak guztiz satirikoak eta zirikatzaileak ziren, Euskal Herrian nagusi zen erlijio eta moral kristauaren aurkakoak erabat. Hori dela eta, kritika etengabeak eta bortitzak jasan zituen aldizkariak, nahiz eta laguntzaileren bat ere lortu zuten: Ibiñagabeitiak, esate baterako, diru-laguntza handia igorri omen zien Caracastik, bigarren alea argitaratzeko. Orotara, Igelaren sei ale argitaratu ziren 1962ko otsailetik 1963ko udazkenera arte.

Literatur artikuluez gain, literaturari eta beste hainbat gairi (historia, biografia, etnografia, etnologia, hizkuntzalaritza, lexikografia, etab.) buruzko dozenaka artikulu ere argitaratu ditu Peillenek azken berrogeita hamar urteotan, Euskera, Lapurdum, ASJU, Oihenart, Argia, Bulletin du Musée Basque, Hegats, Eusko Folklore, Elhuyar, Fontes Linguae Vasconum, Egan edo Cuadernos de Etnología y Etnografía aldizkarietan, besteak beste. Bestalde, Euskaldunon Egunkaria, Le Journal du Pays Basque, Berria, Elgar, Gara, Le Miroir de la Soule, Time eta Biga bezalako egunkarietan ere maiz agertu dira Peillenen testuak.

Ikerketaren esparruan hainbat artikulu eta saiakera argitaratu ditu Zuberoako ohituren eta mintzaeraren inguruan, euskaraz nahiz frantsesez, artikulu zein liburu gisa: Expression de la connotation ironique au niveau phonologique dans le basque de la Haute Soule (1979), Quelques aspects dénotatifs et connotatifs de l´interrogation en basque souletin (1979), Gonzalo de Berceo eta Zuberoako euskara (1980), Animismua Zuberoan (1984), Les mythologies pyrénéennes (1988), Zuberoako itzal-argiak (1988), Bizidunak haurren eta helduen heziketan (1995), Parlons l´euskara (1995), Zuberoako herri sendakuntza (1996), Conception du monde et culture basque (1998), Agur Zuberoa (1998), Ehiza eta zepoka Basabürüan (2002), Euskaldunen ingurugiroa (Espazioa eta denbora) (2002), Euskaldun etorkinak Ameriketan (2003), Bosquejos vasco-uruguayos (2004), Gizarte baloreak Euskal Herrian (2005), eta abar.

Aurreko lanetako izenburuak irakurtzea besterik ez dago Peillen gai gutxi batzuen inguruan sarri aritu izan dela ikusteko: betiere Euskal Herria ardatz gisa hartuta, euskal ohiturei eta etnologiari buruz idatzi du sarri, baita Ipar Euskal Herriko (bereziki Zuberoako) gizartearekin eta soziologiarekin lotutako arazoei eta historiari buruz ere. Alabaina, paristarrak baditu beste hainbat ikerketa-lan ere, literaturari buruzkoak. Aipatzekoak dira, hain zuzen ere, Peillenek Ipar Euskal Herriko egileen testuekin egindako bildumak eta prestatutako edizioak. Horien artean, honako hauek aipatzekoak dira: Amodiozko baratzetan. Amoriozko khantoreak XVIIIgarren mendean (1964), Jon Miranderen idazlan hautatuak (1976), Egiategiren lehen libürüa (1983; egilea XVIII. mendekoa izan arren, lehenengoz argitaratua), Bela-ko zaldunaren Zuberotar hiztegia, XVIII. mendean (1983), Oihenart hautatua (2002) edo Egiategi filosofo hüskaldunaren ekheia (bigarren liburukia) (2011).

Peillenek euskal literaturari egindako ekarpena ere ez da ahazteko modukoa. Igela sortu zen urtean argitaratu zituen Azken inkesta, Tristan ta Isolt eta Tximinuen segretua ipuinak, baina jada hamarkada hartan, eleberriekin lortu zuen arrakasta handiena Peillenek. Jose Antonio Loidi errenteriarrak Hamabost egun Urgain´en (1955) polizia-eleberriaren bideari jarraipena emanez, jada ohiturazko eleberrigintzaren oihartzunik gabe, Gauaz ibiltzen dena (1964) nobela beltza idatzi zuen Peillenek, eta Euskaltzaindiaren Txomin Agirre eleberri-saria irabazi zuen. Narrazio markoduna da, Pettiri Sabuki euskal polizia Paristartuak Euskal Herrian dagoela egiten dituen ikerketei buruzkoa. Ur Apalategiren esanekin bat, hurrengo hamarkadetan agertu ziren zenbait detektibe eta ikertzaileren aitzindaritzat jo daiteke Pettiri Sabuki, hala nola, Itxaro Bordak sortutako Amaia Ezpeldoirena.

Aurreko eleberria kaleratu zenetik bi urte eskas igaroak zirela, Itzal gorria (1966) idatzi zuen Peillenek, eta Txomin Agirre Saria lortu zuen, berriro ere. Sinbolismoak indar nabarmena du obra horretan, eta protagonista talde iraultzaile batean sartu nahi duen gaztea da.

70eko hamarkadan agertu ziren, bestalde, Gatu beltza (1973) lana eta haur- eta gazte-literaturaren esparruko Buffalo Billen abentura (1979), Errotaria errege (1979) eta Mirko printzea (1979). 1982an Beasaingo eleberri labur saria irabazi zuen Emazte goxoa lanarekin, eta 80ko hamarkadan bertan bi liburu gogoangarri kaleratu zituen: Paristar euskaldun bat (ni… neu) (1987) eta Kristina Bolsward (1989). Lehenengoa Peillenen autobiografia interesgarria da, eta bigarrenarekin Txomin Agirre eleberri saria irabazi zuen, hirugarrenez; Alemanian bizi den emakume frisiar txiroaren bizimodua ageri da nobela horretan. 80ko hamarkadakoak dira, halaber, Aldjezairia askatuta (1982) eta Aintza txerriari (1986).

Txomin Peillenek ez zuen literatur lan garrantzitsurik argitaratu 90eko hamarkadan; alabaina, XXI. mendearen hastearekin batera hiru liburu kaleratu zituen: Itzal gorria II (2000, aurrekoaren berridazketa), Alarguntsa beltza (2001), eta Ale gorriak (2001), 1960tik 1980ra bitarteko ipuinen bilduma. 2002an kaleratu zen, bestalde, aurreko lanaren jarraipena: Ale berdeak.

Poesiazko aleak ere XXI. mendearen hastapenetan eman zituen Peillenek: Mende joanaz (2001), Abd El Kader (2006, itzulpen-sorta); baina, ezin esan daiteke narratibarekin eta, batik bat, eleberrigintzarekin, lortutako arrakastarik izan duenik alor horretan.

BIBLIOGRAFIA

APALATEGI, Ur. (2010): “Gauaz ibiltzen dena. Txomin Peillen”. Euskal literaturaren hiztegia – Idazlanak. EHU. Interneten kontsultagarri: http://ehu.eus/ehg/literatura/?p=460 [Azken kontsulta: 2012-01-24].

DAVANT, Jean Louis. (2008): Zuberoako literaturaz. Antologia laburra. Euskaltzaindia. Bilbo.

SALINAS, Aitziber. (2011): “Txomin Peillen: kuttuna, humanista, maila goreneko intelektuala, Manuel Lekuona Saria 2009”. RIEV. 56. 297-308.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus