« OTAMENDI, JOSE LUIS | OÑEDERRA, LOURDES » |
OTXOA KAPANAGA, MARTIN
Kapanaga, lizentziaduna eta presbiteroa, herriko parroko izan zen hil artean. Gramatika-irakasle ere ibili zen, Tabiran.
1656an, Bilbon, Exposicion breve de la doctrina christiana izeneko lana eman zuen argitara. Dotrina hori Jeronimo de Ripalda (Teruel 1535 – Toledo 1618) Jesusen Lagundiko errektorearen dotrina ezagunaren moldapen eta itzulpena da.
Luzaroan galduta egon ostean, Edward Spencer Dogson euskalari ingelesak berrargitaratu zuen, Viseun, 1893an.
Kapanagaren dotrina, arkaismoz betetako durangaldeko euskarara itzulitakoa, testu elebiduna dugu, sasoi hartan horixe zen joera Hegoaldean. Horrela, zutabe batean gaztelaniazko testua azaltzen da; eta alboan, beste zutabe batean, euskarazkoa.
Testuotan, egilearen asmoa ez da prosa bikain eta txukuna egitea; nabarmen-nabarmena da erdararen eragina itzulpenean; eta egileak berak hitzaurrean aitortzen duen moduan, kristau-irakaspena modu azalean ematea da zio nagusia, testua erabat landu gabe.
Obratxoa Juan Joaniz y Echalaz Calahorrako apezpikuaren babesean egin zen. Kapanagaren dotrina, eta XVI. mendearen amaieratik XVIII. mendera bitartean ondu ziren gainontzekoak, izatez balio gutxiko testu literarioak dira. Hala ere, Hegoaldean, Lazarragaren lana alde batera utzita, lehenengo euskal testuak dira, eta balio handia dute euskararen ikerketarako; izan ere, Hegoaldeko euskalkien lehenengo agerpen sendoak dira.
Edonola ere, gerora, testuok euskal prosa finkatzen lagundu zuten. Era berean, dotrina apalok, guztiak, garaiko eliza katolikoak euskararen alde egindako apustu txikiaren erakusgarri direla esan genezake. Eliza katolikoak nahikoa zuen testu hezitzaileokin erdaraz ez zekitenengana heltzeko; testuon bidez izan zuen elizak protestantismoaren ideiei aurre egiteko modua.
BIBLIOGRAFIA
MITXELENA, L. (1988): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia
RABELLI, Alvaro (2008): “Exposición breve dela doctrina christiana (1656)”. Euskal literaturaren hiztegia. EHU-Euskara Institutua.
ROS, Ander (2004): “Martin Ochoa de Capanaga idazleaz berri gehiago”. Euskeraren Iker atalak. Labayru. Bilbo.
SARASOLA, Ibon (1975): Historia social de la literatura vasca. Akal. Madrid.
URKIZU, P. (2000): Historia de la literatura vasca. UNED. Madrid.
« OTAMENDI, JOSE LUIS | OÑEDERRA, LOURDES » |