Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

JASONE OSORO

(1971-)
Fco. Javier Rojo Cobos

Jasone Osoro euskal literaturaren azken belaunaldietan agertzen denaren adibide hautatutzat har daiteke. Berarengan, bere literaturan eta ibilbidean, laburbilduta dira gure literaturaren azken joerak markatzen dituzten zenbait ezaugarri.

Lehenengo eta behin 70ko hamarkadaren hasieran jaiotakoa da, Elgoibarren. Beraz, frankismo garaiko errepresio kontuak ez ditu lehen pertsonan ezagutu eta, idazketari dagokionez garrantzitsuago dena, euskara batua abian jarri ondoren ikasitako idazlea da, beste idazle batzuengan hain garrantzitsuak ziren hizkuntza-kezkak nolabait gainduta zeudelarik.

Bestaldetik, hedabideen mundutik hurbil egon da beti. Izan ere, Informazio Zientzietan lizentziaduna da eta gidoigintzaren arloan gradu-ondoko ikasketak egin ditu. Hedabideen belaunaldiko idazletzat hartu daiteke, arrazoi desberdinengatik. Batetik, aldez edo moldez, bere erreferentzia munduan hedabideek garrantzia handia izan dute, erreferentzia mundu hori osatzen dute-eta. Bestaldetik, bere idazketak hedabideetan ohikoa den idazketa neutro eta lautik hurbil dago, hizkuntza, lehenengo eta behin, komunikatzeko tresna baita honelako idazleengan. Eta bukatzeko, berak ere askotan parte hartu du hedabideen mundua, telebistan-eta tertuliano moduan agertuz.

Eta hirugarrenez, azken urte hauetan euskal literaturan emakume idazleen presentzia biderkatu delarik, Jasone Osoro horren adibidetzat ere aurkez daiteke.

Ezin esan daiteke oso idazle joria denik, haur eta gazte literaturaren arloko liburuak edo dibulgazio mailako liburuak (besteak beste, Isadora Duncan-en biografia) alde batera utzita, bere literatur ekoizpena ez baita oso zabala.

Hauxe da idazlan nagusien zerrenda:

Narrazioan:

  • Tentazioak (1998)
  • Korapiloak (2001)

Eleberrigintzan:

  • Greta (2003)

Saiakeran:

  • Bi marra arrosa (2009)

Fikziozko narratibaren lanengatik egin zen ezaguna idazlea eta ikusi daitekeenez, esparru horretan kokatu daitezkeen idazlanak 1998.etik 2003.era bitarteko urte epe laburrean argitaratu dira.

Bere idazlan hauetan Jasone Osorok irakurleen aurreiritziekin jolasten du, normaltasunaren kontzeptua zalantzan jartzen delarik, gehienbat desiraren ideiaren inguruan bilbatuta. Izan ere, Osororen literaturan maitasuna eta desira elkarri estu loturik, pertsonaiak kontrolatu ezin duten desira baten menpe aurkitzen direlarik. Haiek gizartean ohikoak ez diren jokamoldeak dituztenez gero bazterrean kokatzen dira askotan. Idazleak eskaintzen duen ikuspuntua ironikoa da, baina ironia horren barruan oraindik ere gordetzen du samurtasun punttu bat, desiraren amaraunean harrapatutako pertsonaiak ez baitira guztiz bere ekintzen erantzule.

Idazleak bere literaturaren bidez probokatzailea izan nahi zuen, tradizio zurrun baten gainean eraikitako gizartearen kontzientzia astintzeko asmoa nabaria baitzen haren literaturan. Edonola ere, hedabideen eraginaren kontzientea izanik, eta agian horregatik kontsumoko literaturatik hurbil kokatu daiteke idazle honen literatura (Aldekoa 2004: 259).

2014. urtean Jasone Osoro Euskal Idazleen Elkarteko buru hautatua izan zen.

BIBLIOGRAFIA

AGIRRE, Joxean (1998). “Jasone Osoro, ahots xamur bat gure literaturan”. Egin. 1998/03/28

ALDALUR, Mikel (1998): “Irakurriz asetzeko tentazioak”. Euskaldunon Egunkaria. 1998/04/18.

ALDEKOA, Iñaki (2004): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia.

JUARISTI, Felipe (1999): “Sorpresa txikiak”. El Diario Vasco. 1999/09/11.

JUARISTI, Felipe (2001): “Maitasunaren puzzlea. El Diario Vasco. 2001/05/26.

ROJO, Javier (2003): “Triangelu bitxia”. El Correo. 2003/12/31.

URKIZA, Ana (2001): “Maitasuna puzzle bat da”. Euskaldunon Egunkaria. 2001-04-28.

ZIAURRIZ, Maider (2004): “Maniki bat baino gehiago”. Berria. 2004/03/27.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus