Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

APALATEGI IDIRIN, UR

(Paris, 1972-)
Miren Ibarluzea

Ur Apalategi 1972ko abenduaren 28an jaio zen Parisen. Zuzenbidean lizentziatua da, eta euskal filologian doktore egin zen, Évolution de la problématique littéraire de Bernardo Atxaga: du champ littéraire basque au champ littéraire universel tesiarekin cum laude kalifikazioa lortu zuelarik.

Baionako Unibertsitateko irakasle titularra da 1998az geroztik. Hainbat ikerketa proiektu eta laborategiren lanetan parte hartu du, bai Euskal Herrian, bai nazioarte mailan.

Iruzkingile eta artikulugile ere ibili izan da Maiatz, Egan, Hegats, Uztaro, Euskaldunon Egunkaria, Argia zein Gara aldizkari eta kazetetan.

2002an “Kritika literarioa” izeneko sail bat sortu zuen Utriusque Vasconiae argitaletxearen baitan. 15 liburu atera dira dagoeneko sail horretan. Argitaletxe bereko literatur saila ere zuzentzen du, 2004az geroztik, zazpi direlarik, oraingoz, argitaratutako liburuak.

2006az geroztik Euskaltzain urgazlea da.

1995ean bere lehen testua (Roland Barthes-i buruzko artikulu bat) argitaratu zuen Maiatz aldizkarian. Urte berean, Erdi Guneak olerki bilduma antipoetikoa kaleratu zuen, Unai Goieaskoetxearekin batera idatzia. Manifestu negatibotzat har daiteke lehen obra hau. Nolako idazlea izan nahi ez duen definitzen saiatzen da bertan Apalategi.

Gauak eta hiriak eleberria plazaratzen zuen 1997an, eta Beterriko liburua saria lortu. Euskal literaturaren paisaia berritzen du obra horrek, belaunaldi baten bizipenak agertuz eta, batez ere, ikuspegi literariotik ordura arte gutxietsiak zeuden psikologismoa eta erromaneskotasuna aldarrikatuz. Pertsonaietan oinarritzen da, osoro, liburua eta, bere hiru protagonista nagusien heziketa sentimentala kontatu ahal izateko, fokalizazio aldakorra duen egitura konplexu bezain fluidoa sortzen du. Kritikak liburuan jasotako giza-harremanen deskribapen gordina nabarmendu zuen.

1999an La Naissance de l’écrivain basque (Euskal idazlearen sorrera), bere doktorego tesian oinarrituriko lana argitaratu zen Parisen. Bernardo Atxagaren obra osoa eta idazlearen ibilbidea ditu hizpide. Pierre Bourdieu soziologoaren esparru literarioaren teoriaren lehen aplikapezioa da euskal literaturan. Apalategik Atxagaren idazle karrerak haren ekoizpen literarioarekin izan dituen elkarreragiteak aztertzen ditu.

2004ean Ur Apalategik bigarren eleberria, Gure Gauzak S.A., argitaratu zuen, oztopoak oztopo eta polemikak polemika. Liburuak, thriller-aren azpi-generoan bermatuta, euskal kulturgintzaren historia garaikide kritikoa egiten du, monopolio bihurtzeko bidean den argitaletxe-zabaltzaile nagusiaren garapen ikusgarri bezain susmagarriaren alde ezkutua azaleratzen duelarik. Eleberriaren protagonista -emakumezko idazle gaztea- Gure Gauzak S.A. argitaletxearentzat lanean hasi eta, oharkabean, biografia baten idazketa behar zuena inkesta bihurtuko zaio. Beste behin ere, nobelagintzan daukan fedea berretsiz, Ur Apalategik arreta berezia eskainiko dio ordura arte euskal literaturan erdeinatzen zen aspektu bati: intrigari. Gutxi dira, izan ere, liburuak eskaintzen duena bezalako intriga korapilatsua proposatzen duten eleberriak euskal literaturan, baita berez intriga sendoa izan behar luketen azpi-generoetan ere. Eleberriak badu, bestalde, bigarren irakurketa ere: Gaston Berrizar fikziozko idazle biografiatuaren bizitzaren bitartez, XX. mendeko euskal literaturaren historia alternatibo bat eskaintzen da, testu-liburuetako bertsioetatik urruntzen dena. Liburuaren argitalpen-prozesua bera beste thriller bat idazteko modukoa izan zela aitor du Apalategik, behin baino gehiagotan, besteak beste, euskal mundu editorialaren auto-zentsura gainditu behar izan zuelako irakurleen eskuetaraino iristeko.

2009an Ramon Saizarbitoriaren bigarren idazlealdia. Sistema literarioaren birkonkista 1995-1996 ikerlana aurkeztu zuen unibertsitateko katedraren habilitazioaren karietara. Bertan, Atxagaz behiala egindako lanari jarraipen bat ematen zaio, ikuspegi sistemiko berari eutsiz. Oraindik orain ez da argitaratu.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus