Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

ONAINDIA, MARIO

(Lekeitio, 1948-Gasteiz, 2003)
Jon Kortazar

Mario Onaindiak presentzia handia izan zuen Euskal Herriko politika munduan. ETAkoa izanik, Burgosko epaiketa nagusian (1970) heriotza zigorra jaso zuen. Egin ziren presioei esker, kondena aldatu eta bizitza guztirako kartzela zigorragatik aldatu zioten kondena. ETAren barnean politikak izan behar zuen nagusitasunaren alde agertu zen eta ETA polimilian agertu zuen bere burua. 1975ean Bruselara atzerriratu zen, baina laster itzuli zen Askatasunaren aldeko martxan agertzeko. Eusko Iraultzarako Alderdia eratu zuen, laster Euskadiko Ezkerra bihurtuko zena. Eusko Parlamentuan parlamentaria izan zen 1980 eta 1990 urteen artean. 1993an, Euskadiko Ezkerra Alderdi Sozialistarekin batu zenean, Mario Onaindia batuketa horretako buru nagusia izan zen. Espainiako parlamentari hautatu zuten 1996ko agintaldian.

Onaindiaren eginkizun politikoa handia izan bazen ere, ez zuen alde batera utzi literatura, eta hainbat kontakizun utzi zituen. Bere lanaren ibilbidea jarraituz gero, haren lanak genero desberdinetakoak direla ikusiko dugu.

Elurtzan datzaten zuhaitz enborrak (1979) kartzelako egotaldian idatzi zuen. Kartzelako lagun baten istorioa kontatu nahi izan zuen, eta istorioa errealista egitea helburu nagusia bazen ere, hain zen nabarmena preso haren historia, ezen guztiz miresgarria gertatu baitzen kontakizuna. Errealismo magikoaren kutsuz osaturiko istorioa dugu.

Grand Placen aurkituko gara (1983), aldiz, autobiografia nobelatua da, kartzelatik atera eta estraditatu gisa Bruselan bizi izandako lehen egunen kontaketa hunkigarria.

Urte beretan idatzitako Gilen Garateako batxilerra (Irun Saria, 1983an eta handik urtebetera argitaratua) nobela historikoa dugu, Durangoko herexeen pasadizoen inguruan atondua. Inmigrazioaren kezkak landu zituen ondoren, nobela soziala landuz Del Rinconen motorra (1985) nobelan. Olagarroa (1986ko Bilboko Aurrezki Kutxa Saria, 1987 urtean argitaratua) nobelak kutsu kafkianoa du, eta kartzelan eta gizartean dena kontrolatzen duen izakiaren sinbolo nagusia darabil testuan; beraz, absurdutik hurbil dagoen kontakizuna dugu. Ibilbidea Gela debekatua (1988) nobelarekin itxi zen.

Ondoren, zinemarako gidoigintza lanetan aritu izan zen Onaindia.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus