Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

AÑIBARRO, PEDRO ANTONIO

(1748-1830)
Miren Billelabeitia

Pedro Antonio Añibarro Frantziskotarra Areatza-Villaron, Bizkaian, jaio zen 1748an. Bere bizitzaz dakiguna urria izanik, oso zehaztasun gutxi eman daitezke Zarautzeko mintegira heldu baino lehenagoko garaiaz, eta ezer handirik ez Arantzazun emandako urte –agian– erabakigarriez. Dirudienez, 1773 inguruan, Arantzazun zegoela, Ubillos ezagutzeko aukera izan zuen, horren euskararen arrastoak ugari direlarik arratiarraren idazlanetan. Mikel Zaratek (1970: 58), garai beretsuan Burgosen izan zela aipatzen du.

Badakigu, bestalde, 1794ko lehen frantsestean, Baionan preso egon zela bi hilabetez. 1809ko urriaren 15etik 1814 arteko bigarrenean, gainera, komentukide guztiak alde egin eta sakabanatzera behartuak izan zirela. Baliteke, Urgellek dioenez (2000: 29), euskal giroak erakartzea eta Zarautzera joan izana euskalzaletzearen ondorio izatea. Edozein modutara ere, bertara iristea aldagunetzat jo daiteke, egotaldi hura euskalzaletasuna loratzera iritsi zen unea izan baitzen.

1790ean, Añibarrk 42 urte zituelarik Zarautzen sarpidea eskatu zuen eta 1791ko uztailaren 2an heldu zen hara, lan oparo eta ugari egingo zuen garaiari hasiera emanda. Hantxe bizi izan zen, gerra garaiak gorabehera, hil arte.

Hainbat libururen idazle eta, batez ere, sermolariek eta Zarauzko mintegian erabiltzen zituzten testuen egile izan arren, bere lan guztiak ez ziren argitaratu. Blanca Urgellek (2001: 28) Gueroco gueroren edizio kritikoaren sarreran, Añibarroren lanen kronologia bat proposatzen du, lehen idatziak 1791 eta 1793 bitartean kokatzen dituelarik. Sermones panegíricos. Doctrinas y sermones morales eta Materiales para la obra bascongada de los tomos de Doctrinas escritas izeneko eskuizkribuak Añibarroren lehen idatziak direla uste izateko arrazoi sendoak aipatzen ditu Urgellek, artean idazleak berak haietan erabilitako euskara gutxietsi zuela. Arratiarra nolakoa zen jakiteko Xabier Altzibarrek eskaini zuen lehen hurbilketa ikusteo aholkua ematen du Urgellek, ezen “hasierako Añibarro honek ez du hizkuntza idatzi jator eta erdarakada gabeko baten hainbesteko ardurarik lexiko, sintaxi edo morfologian” (1992: 82).

1802 eta 1803 bitartean argitaratutako lanak beste multzo batean biltzen ditu Urgellek. Ikerlariaren ustez, lanok “samaldaka bezala” irten ziren, bata bestearen ondotik. Nafarrerazko dotrinaren argitalpena ere, data gabe atera zena, dirudienez, eta agertu diren azken dokumentuen arabera, 1802 eta 1803 bitartean kokatu behar genuke. Argitaratze-datek (Urgell 2001: 32) dirua egon zeneko unea agertuko lukete eta, dirudienez, bi frantsesteen artean giroa gozoagoa izan zela, ezen Añibarroren lanak ez eze beste zenbaitenak ere tarte horretan pilatzen baitira, hala J.A. Mogelenak, nola Agirrerenak edo B. Mogelenak… Ondoko lanek osatzen dute, bada, aipatutako multzoa: Cristau-Doctriña, ceñetan eracusten baitire gure Fede Santuco gauzaric beharrenac, aita Astetec erderaz, eta orai Nafarroaco euscaran izarraz adiarazten duena erantsiric (datagabea, 1802-1803?). Escu liburua, eta berean eguneango cristiñau-ceregiñac (Tolosa, 1802). Misioco canta santuac (Donostia, 1803). Lora sorta espirituala, ta propositu santuac vicitza barri bat eguiteco Aita Palacios misiolariac Misiño ondoan emoten cituanac (Tolosa, 1803). Lau Evangelioac batera alcarturic (1804).

Argitaratu gabe edo egilea bizirik zegoela argitaratu gabe geratu ziren lanekin ondoko beste zerrenda osa genezake: Misiolari euskalduna, kristiñau dotriña ta sermoiak Bizkai-errietan irakasten. (1897). Gueroco guero (RIEV aldizkariak zatika argitaratua, 1923tik aurrera argitalpena bukagabe geratu bazen ere). Curutze santearen, Aita Gure ta Ave Mariaren ganeco eracusaldiac (1897). Voces vascongadas diferenciales de Bizcaya, Guipuzcoa y Navarra… para el uso y alivio de párrocos y predicadores bascongados”, L. Villasantek 1963an argitaratua. Gramatica vascongada, Zarauzko kronikan beste era honetara ageri dena: La colección de conjugaciones regulares e irregulares del vascuence en sus dialectos 1969an ASJU-k argitaratua. Nequea arinduric. Munduko krutze, neke, penak, gozotu, laburtu ta arinduteko gogarte santuak (argitaratu gabea). San Iñazioren gogo-jardunak (argitaratu gabea). 1956an bestalde, Añibarrok osaturiko Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako herri euskaldun guztien izenak eta aldi berean euskararen mugak noraino heltzen ziren jakiteko garrantzi handikoa izan den zerrenda agertu zen. 1898an Añibarrok eta Mogelek Bizkaiko euskeraz egiñiko Meza entzukera bi argitaratu zen Bilbon.

X. Altzibarren ustez gramatika eta hiztegia Escu liburuaren garaikideak lirateke. Urgellek, bestalde, gorde den gramatikaren eskuizkribua 1801az gerokoa dela zehazten du, agian 1804koa edo ondorengo urteetakoa (2001: 35). Nequea arinduric, aldiz, beti ere Altzibarren iritziz (1992: 90), 1808ko Misiolari euscaldunaren hasierako orrien garaikoa eta Lau evangelio…-en garaitsukoa edo pixka bat aurreragokoa izan daiteke. Urgellen ustetan (2001: 39), Gueroco gueroren kasuan, badirudi Lora sorta… egin orduko zatiren bat itzulita zuela. Hala ere, ikertzailearen esanetan, itzulpena “garai ezberdinetan dauden atalen bilduma” dela ematen du, Escu liburua-ren lehen bertsioaren eta 1821eko bigarren bertsioaren bitartekoa, bigarren horren idazkerarantz hurbiltzen ari den hizkuntza ereduan idatzitakoa. Idazlanen datatzearekin bukatzeko, esan dezagun Urgellen ustez aro haren gailurra 1821eko Escu liburuaren argitalpenarena izango litzatekeela, eta bitarte horretan idazkeraren osagaiak hautatu eta taxutu guran emandako idazlearen bilakaera dela, honako hauek izanik (Urgell. 2001: 40) ezaugarriak: 1) Grafian, inongo nahasterik gabe hizkuntza ahalik eta hoberen islatzera zuzenduak dira berrikuntzak. 2) Gramatikan aldaerak bateratzen ditu, ahalbide gehiago gauzatuaz, usadio txarrak zuzentzen eta forma osoagoak ezartzen. 3) Hiztegiari dagokionez, maileguak eskastu egiten dira, baina bidea itxi gabe. Gipuzkerakoek badute beren lekua, baina ez bizkaierakoen kaltetan. Edokeria hasieratik gutxi erabiltzen bazuen, ia guztiz desagertzen da, eta horren ordez esanahikideak edo adiera hurbileko hitzak lerrokatzen ditu.

Aipatutako lanen artean oso ezagun egin dira, zalantzarik gabe, Aita Palaciosen Ramillete espiritualaren itzulpena, hots, Lore sorta espirituala (1803); Axularren obraren bizkaierarako itzulpena den Gueroco guero, eta Escu liburua (1802). Baina idazlan gehienak 1963tik aurrera argitaratu ziren: Voces Bascongadas eta Gramática Bascongada (Villasante 1963 eta 1970), 1802ko Esculiburua (argitalpen faksimila 1978), Nekea Arindurik… eta Lora sorta espirituala (Urgell 1987 eta 1988), Lau evangelioak… (Ciarrusta 1991) eta “Voces bascongadas Labortanas sacadas de la Gramática bascongada y francesa de Harriet en su Arte” (Urgell 1992)

Zenbait adituren ustez eta, aurreko ataleko argitalpen datetan ikus daitekeenez, Añibarrok 1936-39ko gerra ostean euskal idazle askok baino arreta handiagoa izan du. Horren arrazoia bilatu nahian galdera argia etor dakiguke burura, 1963tik aurrera 30 urtetan zehar XVIII-XIX mende bitarteko apaiz bizkaitarrak XX. mende bukaerako euskaltzaleen artean biztutako interesa dela eta. Erantzunak, baina, ez lirateke bilatzen zailak, 1963-1975 sasoiko egoera politikoa, euskaraz idatzitako lanei ezarritako zentsura eta orduko euskaltzaleek euskararen garbitasun, egokitasun eta zuzentasunarekiko zuten ardura kontutan harturik, besteak beste.

Ildo horri jarraituz, Urgellek Gueroco gueroren argitalpen kritikoaren sarreran alor horren azterketa zehatzaren beharrizana argudiatzen du, J. Urkijok RIEVen eginikoa, euskaltzaleei lekukotasun baliotsua ezagutzeko bidea emanik ere, bukagabe geratu zelako. Ikerlari horrek aitortzen duenez, bere lan kritikoak galdera bi erantzuteko asmo zuzena du: batetik, XIX. mendeko bizkaitar batek XVII. mendeko lapurterazko testu bat zergatik eta zertarako itzuli nahi izan zuen literatur hizkuntzaren bilakaeran pentsaturik; bestetik, nola ulertu eta nola itzuli zuen, alegia, bien arteko aldeak zein diren euskararen beraren bilakabidea ardatz harturik. Axularren Gueroco guero bizkaieratuaz urrats handia eman zuen Urgellen ustetan (2001: 24). Ordurako klasikotua zen iparraldeko literatur tradizio handia eta haren entzutea hegoalderaino iritsia zenez, Larramendi hegoaldeko literatur hizkuntza berria harekin lotzen eta hartan bazkatzen saiatu zen. Eragin zuzena izan zuen geroko idazleen jokabidean, liburuak itzultzera eman zirenean. Añibarrok berea itzultzen duenean Larramendiren zerrendako libururik goraipatuenetakoa itzuli zuen, literatura preziatu hura euskaldun guztien eskura jarriko zuelarik. Axularren liburuarekin izandako harreman luzeek eragin zuzena izan zuten Añibarroren idazkeran, Gueroco gueroren oihartzunak ia edonon ikus daitezkeelarik.

Añibarro ez dugu, beraz, edonolako idazlea; ez dago bere lanik berrirakurtzerik literatur bizkaieraren sortzaile eta ordezkari dela gogoan izan gabe. J.B. Orpustanek (1996: 85) garbi azaltzen du J. A. Mogelekin batera Bizkaiera literarioaren hedapen eta sendotzean Añibarrok izandako zuen garrantzia “Le franciscain Añibarro (1748-1830), Biscayen de naissance et principal fondateur, avec Moguel, de la littérature moderne dans ce dialecte…”. Irizpide zabaltasunak euskararen historiaren oinarrizko pertsonaia bihurtzen du Añibarro, itzulgaia bera are oinarrizkoagoa delarik euskara idatziak izan duen bilakabidea azaltzeko, Gueroco guerok hizkuntzaren bi garai eta bi euskalki oso ezberdin elkarren artean erkatzeko aukera ematen baitu.

Hala ere, Añibarrok eta bere kideek Larramendi idatziz edo entzunez baino ez zuten ezagutu. Idazkeraren aldetik, bazituzten zenbait eredu –gutxi izan arren– eta, Mogelen arabera neurtuz gero, gipuzkera hegoaldeko literatur hizkuntza izateko abian jarrita zegoen. Beraz, maisuarengandik urrutixeago eta eredu teoriko eta praktiko gehiagoren aurrean zeuden. Garai hartako ordezkaririk onenetakoa den Añibarrok Gueroco gueroren hasieran “euskaldun guztien maixu” izendatu zuen Larramendi, eta haren asmoei erantzunak agertzeaz ez eze, haren obrarik garrantzizkoenei jarraipena emanik hiru lan esanguratsu egin zituen: hiztegia, gramatika eta Gueroco guero. Eredu jakinik gabe egindakoa da gramatika, bereziki aditzari zuzendutakoa, hegoaldeko euskalkien aditz laguntzaile eta trinkoen deskribaketa aldaera ugari dakartzana. Baditu azentuaz eta ahoskeraz berri baliotsuak eta baita ortografia-legeak ezartzeko saio goiztiar bat. Hiztegiaz, Larramendiren lanaren zordun dela diote ikerlariek, bilketa lan handia da, ahozko nahiz literatur tradizioko hitz ugari biltzen dira bertan.

Escu liburuaren behin-behineko azterketan, lanaren antolaketa, idazlearen interesa eta gaiari emaniko garrantzia nabarmendu daitezke. Argi agertzen da hasieratik zein diren liburuaren izaera eta helburuak: irakurgai santuez osoturiko liburua antolatu nahi du idazleak, ondo dakielako, bizkaieraz idatzitako liburuen eskasia zein den eta gogoan dituelako, irakurketak irakurleari ekar diezazkion onurak. Heziketak eta eredu ona da helmuga, ez du ezer zalantzatan utzi nahi, eta atal bakoitzaren azken aldean egunero atera beharreko ondorio, aholku eta gogoetak laburbiltzen dira. Bizkaieraren aukeraketak garrantzi handia du, irakaspenak eta ereduak euskalki horretan mintzo diren kristauengana zuzen helarazteko eta, azken batean, haien irakurgaitasuna garatu eta irakurgaien multzoa ugaltzeko. Aipatzekoa da idazleak hizkuntzarekiko duen ardura dela eta, Escu liburuaren azken orrialdeetan moldatutako eranskina, “LIBRU ONETACO UTSEguiñen Zuzen-videá”, zenbait errakuntza zuzentzeko eta ortografiari buruzko hainbat azalpen eskaintzeko.

Añibarro hiru euskalkitan moldatzen zen, gramatikako eta hiztegiko berriez gainera, nafarrerazko dotrina bat argitaratu zuen —Cristau-Doctriña,… Nafarroaco euscaran…–. Lan gehiena, ordea, bizkaieraz eman zuen eta XVIII. mendean bizkaieraz idatzitako lanei, kopuruan eta kalitatean, sekulako jauzia emanarazi zien. Arestian aipatu dugu, Orpustanen iritzia (1996: 85), hau da, J. A. Mogelekin batera literatur bizkaieraren aitatzat hartua dugula Añibarro. Honela zioen Peru Abarcaren sortzaileak ere bere adiskide min eta lankide handiaz Confesiño ona (1803) lanean:

“Gura dabenak siñistu Bizkaiko euskereak ez deutsala ezer zor giputzenai, irakurri begi liburu onek baiño lehenago urtengo daben neure adizkide andi ta gauza onetan neure bearlagun legez egiten dau Aita Frai Pedro Añibarro …”

Literatur hizkuntzari dagokionez oso pertsonaia interesgarria dugu Añibarro, literatur bizkaieraren alde egindako lanaz aparte, haren hizkuntza jokabideak gaurko sentipenarekin dauzkan antzekotasun argiengatik. Euskal herrietan zehar egin zituen ibilaldiek, hizkera askorekin izandako harreman estuek, hegoaldeko euskalki guztiak ezagutzeak eta euskal gramatikan zein hiztegian lan egiteak eredu estuko eta bereizgarria inolaz ere ez zen bizkaiera hautatzera eraman zuten, beste euskalkietatik hurbilago zegokeena eta, asmoz bederen, edozeinentzat ulergarriagoa. Oinarrian, sorleku zuen Arratiako hizkera aurkitzen bada ere, hura landuaz, bereizgarririk nabarmenenak alde batera utzirik eta ulergarritasunean jarri zuen enfasia.

Hizkera horren bilakaeraren hainbat lekukotasun gorde dira berridatzitako idazlanetan. Horietatik ezagunena, baita handiena ere behar bada Escu liburuarena da, 1802an lehenengoz argitaratua, 1821eko argitalpenerako goitik behera berriztatu zuen eta 1827rako oraindik zenbait orrazketa egin zizkion. Escu liburuak pairatu zuen aldaketa handiari bagagozkio, egileak hizkera aberatsera, gainerako euskalkietara irekitakora, jatorrera, zaindura eta zalantzarik gabekora jo zuela esan dezakegu.

Aurreko adibidea ez da, alabaina, bakarra: Misiolari euskalduna, esaterako, birritan idatzi zuen. Lehenengoan dioenez, aurretiaz egindako dotrina eta sermoiak txukuntzetik sortutako lana da eta, 1808an idazten hasi zenez, ez zuen uste bukatuko zuenik. Aurretiaz eginiko dotrina eta sermoiak, Sermones panegíricos, Doctrinas y sermones morales, eta Materiales para la obra bascongada de los tomos de Doctrinas escritas dira. Altzibarren argitalpenean (1992: 82) hauxe diosku Añibarrok lan horiei buruz: “El bascuence ya no rige, pues lo escribí en mis principios, y por lo mismo tienen mucho que reformar todas estas doctrinas y sermones”. Escu liburuaren bertsio zaharrarekin batera, Adicio[ne]s al Ramillete izenburua duen eskuizkribu bat aurkitu du A. Zubizarretak, Lora sorta lanaren bertsio ezezagun bati Añibarrok egin zizkion eransketak jasotzen dituena eta, antza denez, eta xehetasunetan aski aldaketa dituena. Horretaz gainera, Nequea arinduric idazlanak ere badu aurreragoko zirriborro edo idazketa bat Altzibarrek aurkitua (1992: 90).

Etengabeko berridazketa-lan horretan inoizko argien dakusagu Añibarrok bizkaiera oinarri sendoen gainean literatur hizkuntza bilakatzeko egin zuen ahaleginaren handia, nahiz eta garapen hori erlijio-gaien zordun izan.

BIBLIOGRAFIA

ALTZIBAR, Xabier (1992): Bizkaierako idazle klasikoak. Bizkaiko Diputazioa. Bilbo.

MITXELENA, Koldo (2001): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia.

ORPUSTAN, Jean-Baptiste (1996): Précis d´histoire littéraire basque. 1545-1950. Éditions Izpegi. Baigorri.

SARASOLA, Ibon (1976): Historia social de la literatura vasca. Akal. Madrid.

URGELL, Blanca (2001): “Sarrera” in Gueroco guero. Edizio kritikoa. Euskaltzaindia. Bilbo.

ZARATE, Mikel (1970): Bizkaiko euskal idazleak. Derioko Seminario-ikastetxea. Derio.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus