« MONZON, TELESFORO | MUJIKA IRAOLA, INAZIO » |
MUGURUZA, JABIER
“Idatzi ere egiten duen musikaria naiz ni” esan izan du Jabier Muguruzak, eta musikari bezala da ezagunagoa ziurrenik idazle bainoago. Abizenak berak azken hamarkadetako euskal musikari lotzen du Jabier, Fermin eta Iñigo anaiekin batera azken hamarkadetako euskal musikaren garapenaren lekuko eta protagonista izan baita.
Oso txikitatik izan du lotura musikarekin Muguruzak. Akordeoia jotzen bost urte zituela hasi zen, eta zazpi urterekin kontzertuak ematen hasi zen, baita haurren kategorian Europa mailako sariren bat irabazi ere.. 1980ko hamarkadan hasi zen, baina, euskal musika-taldeekin kolaboratzen, hala bakarlariekin nola rock taldeekin: Xabier Lete, Antton Valverde, Delirium Tremens eta Kortatu, esaterako. Hamarkadaren bukaerarako euskaraz ikasi zuen, eta hizkuntza horretan idatzi zituen bere bakarkako lehen diskoaren hitzak. Ja, ja 1989an kaleratu zuen, haurrei zuzendutako lehen grabaketa. Beranduago berriro heldu zion haurrentzako musika nahiz literatura egiteari, eta huraxe bihurtu zen egilearen ibilbideko alor garrantzitsuena.
1991 eta 1993 urteen artean, euskal musikaren esparruan rara avis bat izan zen Les Mecaniciens taldea osatu zuen; taldeak jazz, pop, latino… musikak lantzen zituen, sarri letra ironikoz jantzita. Beranduago, Iñigo anaiak sortutako Joxe Ripiau bandan soinujole jardun zuen, orduan ere euskal musikaren joera nagusietatik aparte, karibetar doinu dantzagarriak baitziren taldearen ikur.
Bi proiektu kolektibo horien artean ekin zion berriro Jabier Muguruzak bakarkako ibilbideari, eta entzule helduarentzako lehenengo lana kaleratu zuen: Boza barruan (1994), gitarraz eta akordeoiz lagundutako diskoa. Hurrengo diskoetan antzerako bideari jarraitu zion, giro lasai eta intimistako kantuak eskainiz, eta euskal idazle hainbaten letrak musikatuz (Bernardo Atxaga, Iñaki Irazu, Inazio Mujika Iraola…); horrela etorri ziren Kitarra bat nintzen (1996), Aise (1997) eta Fiordoan (1999) lanak ere. Muguruzaren musika gero eta hurbilago zegoen jazzaren parametroetatik. Hain guapa zaude (2001) eta Enegarren postala (2003) diskoek aurrekoen bidetik jarraitu zuten, eta Muguruzaren musikak Euskal Herriko mugetatik kanpo estimatua izatea lortu zuen, Katalunian bereziki.
2005ean plazaratutako Abenduak 29 diskoak irundarraren musika soiltzea ekarri zuen: oinarrietara jo zuen egileak, eta gitarra eta ahots soilez osatu zituen kantu gehienak. Bide beretik osatu zituen Taxirik ez (2007) eta Konplizeak (2009) diskoak. Biluztasun horretan sakonduz ondu zituen Bikote bat (2011) diskoko kantuak, Mikel Azpirozen piano soilaren gainen eraikiak.
Hastapenetik jardun izan du Muguruza musikariak idazle euskaldunekin lankidetzan. Bernardo Atxaga, Iñaki Irazu, Juan Kruz Igerabide, Iban Zaldua, Kirmen Uribe, Gerardo Markuleta, Harkaitz Cano, Joseba Sarrionandia eta beste hainbat idazleren testuak musikatu ditu. Intimismoa, eguneroko bizitzako alderdi xumeei erreparatzeko gaitasuna, soiltasuna edo biluztasuna izan dira kritikak Muguruzaren musika kalifikatzeko erabilitako terminoak, eta bere kantuen hitzek ere bide beretik jotzen dute: bizitza arrunteko pasadizoak dira, drama eta poz txikiak dituzte kontagai, letra txikiz idatzirikoak dira, arrandiarik gabekoak, hala Muguruzaren beraren testuak nola besterenak.
Muguruzaren musikari egotzi zaizkion ezaugarri horiek berak aurki daitezke haren literatur ibilbidean ere: eguneroko bizitza arruntaz idazteko joera, gertaera txikiak abiapuntu hartzea eta musika eta literaturaren arteko lotura. Emak Bakia literatur klubeko lagunek bultzatu zuten Muguruza literaturara, tartean ziren Bernardo Atxaga, Ruper Ordorika edo Iñaki Irazu. 1992 eta 1994 artean klubak argitaratutako Garziarena aldizkari literarioan egin zituen literaturgintzan lehenengo urratsak irundarrak. Ez da oparoegia, edonola ere, musika-ibilbidearen aldean, Muguruzaren helduentzako literatur produkzioa, bi lan baititu egundaino publikatuak: Bizitza pusketak (Erein, 1996) eta Laura kanpoan da (Erein, 2000).
Adierazgarria da helduentzako lehen liburuaren titulua: Bizitza pusketak; hein batean Muguruzaren testuen poetika bat biltzen du tituluak bere laburrean. Pertsonaia arrunten eguneroko bizitzako gertaerak eta haiek pertsonaiengan eragiten dituzten arrakala txikiak dira gai nagusia. Irundarraren lehenengo literatur lan horrek zortzi narrazio biltzen ditu, pertsonaia banaren inguruan eraikiak dira zortziak, eta izenburutzat protagonistaren izena daramate. Javier Rojoren arabera, egitura bertsua dute narraziok:
“Guztiek antzeko egitura daukate: inolako berezitasun nabarmenik ez daukan pertsonaia bati zerbait berezia gertatzen zaio, bizitza horren monotonia nolabait apurtzen duena. Baina gertatzen zaion hori ere zeharo arrunta izanik, nekez merezi du abenturaren izena, zeren bizitzaren linealtasuna piska bat okertzen duten gertaera xumeak besterik ez baitira” (Rojo, 1996)
Edonola ere, gertaera txiki, ñimiño horiek pertsonaien bizitzan funtsezkoak dira, eta zerbait errotik mugiarazten die. Auto stopean jasotako neskak gizon gidariari egiten dion inarrosia, emaztea bera baino lehenago hil zaion alargun harrituaren aurkikuntza ustekabea, kantuekiko obsesioak muturrera daraman gizona ditu, besteren artean, Muguruzak kontagai. Guztietan ere tonu malenkoniatsua, hitsa, da nagusi, eta bakardadea da liburuko narrazioak batzen dituen ardatz tematikoetako bat. Halaber, musikarekiko lotura ere batasun-hari garrantzitsua da, pertsonaia askoren musika-zaletasuna tarteko (Nick Drake, Edith Piaf, Chavela Vargas…). Errealitate pusketa horietan gertakari xumeek pertsonaiengan eragindako astindu txikiak dira, beraz, Muguruzaren narratibaren ardatz, eta horregatik lotu izan du kritikak irundarraren literatura errealismo zikinarekin (Kortazar, 2000).
Lau urte beranduago, bi narrazio luzez osatutako liburua plazaratu zuen Muguruzak: Laura kanpoan da. Bizitza pusketak aurreko laneko poetikatik gehiegi urruntzen ez den lana da. Bidaia bana dute abiapuntu bi narrazioek. “Laura kanpoan da” izenekoan Markosek, emaztea kanpoan dela-eta, anaiarekin eta haren rock taldearekin Vigorako bidaia egiten du, bidaia horretan gaztetasuna eta bitalismoa berreskuratzen ditu egun batzuez, eta matrimonioarekiko zalantzak sorrarazten zaizkio, bi bizimoduen arteko talka bistaratuz. “Mont de Marsan” deituriko bigarren narrazioan, berriz, Nestorrek piano-jole gisa lan bila Mont-de-Marsan hirira eginiko bidaia da kontagai, bada, zailtasunak, ekonomia-egoera larria eta barne-gatazkak azaleratuko zaizkio harako bidean.
Bi kontakizunetan etxetik urrun kokatu ditu pertsonaiak Muguruzak, eta horrek ematen dio aitzakia bakardadeaz, ezinegonaz eta zalantzez hausnartzeko. Inguruaren behaketa fina eta pertsonaien prozesu psikologikoetan barneratzeko trebetasuna erakusten ditu berriz ere egileak. Giro hitsa eta malenkoniatsua da nagusi liburuan, baina ironiarako eta umorerako zirrikiturik ere uzten du Muguruzak, kontakizunak desdramatizatzen baititu. Bestalde, musikaren oihartzunak ere ez dira falta.
Helduentzako narrazio-bilduma horiez gain, baina, urte luzetako ibilbidea osatu du Muguruzak haur eta gazte literaturaren esparruan. Bere lehenengo liburua, izan ere, haurrei zuzendutako Sei lagun, sei sekretu (Erein, 1994) lana izan zen, sekretuak seiren artean partekatzeko klub bat sortzen duten haurren inguruko kontakizuna, hain zuzen. Urtebete beranduago plazaratu zuen Gabon Guanito narrazioa, bi hilabetez ohean, gogogabeturik, den Juanito Galvezen istorioa. Bat-batean lagun berezi baten bisitak bizitzara bueltarazten du Juanito Galvez.
2001ean heldu zion berriro Muguruzak haur eta gazte literaturari, Sebas leihotik begira plazaratuta. Bakardade ia erabatekoan, leihotik begira orduak pasatzen dituen mutikoa du protagonista kontakizunak, pintura eta fantasia baliatzen dituena bizitza grisari kolorea eman ahal izateko. Amapola oporretan (2002) lanarekin irakurle gazteagoengana hurbildu zen: aurreko lanak 8-10 urteko irakurleei zuzendutakoak ziren, azken horrek, ostera, 4-7 urte bitarteko irakurleak ditu xede. Adin-tarte bertsuko irakurleei zuzenduta dago Zubi misteriotsuan (Erein, 2005), ingurumenaren inguruko balioak helarazi nahi dituen lana. Jon eta zaldiak (Erein, 2009), azkenik, 8-10 urteko haurrei zuzendutako kontakizuna da, aita alargunarekin eta hazten dituzten zaldiekin bizi den Jon haurraren istorio tristea da, larritasun ekonomikoak tarteko. Haurrei zuzendutako kontakizun gehienetan, beraz, Muguruzaren obran konstanteak diren gaiak eta tonuak aurkitzen dira: bakardadea, malenkonia, egunerokotasuna, adiskidetasuna, tristezia eta baita ironia fina ere.
Literatura ez ezik, musika ere konposatu du Muguruzak haurrentzat. Egilearen lehenengo diskoa ez ezik, Nire gorputza (2005) grabazioa ere entzule gazteentzat atondua zuen, Juan Kruz Igerabideren poemak abiapuntu hartuta. Diskoak Mara mara diskoetxean ikusi zuen argia, hots, Muguruzak berak haurrentzako musika argitaratzeko abian jarritako zigiluan. Halaber, haurrentzako Groau antzezlan musikalerako doinuak ere konposatu zituen Muguruzak 2004an. Geroztik, helduentzako hainbat antzezlanetarako musika ere idatzi du: Sommer jaunaren istorioa, Zeta eta Aitarekin bidaian obretarako, hain zuzen.
Literatur ikuskizun zenbaitetan ere parte hartu zuen Muguruzak 1997an, Bernardo Atxagaren testuak musikatuz Itzultzaile bat Parisen eta Groenlandiako lezioa irakurraldietan.
BIBLIOGRAFIA
ALDEKOA, Iñaki (2004): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia.
KORTAZAR, Jon (2000): Euskal literatura XX. mendean. Prames. Zaragoza.
ROJO, Javier (1996): “Bakartasunaren aurpegiak”. El Correo. 1996-12-26
Badok.info: http://badok.info/artista.php?id_artista=111&markatu=muguruza [Kontsulta: 2011-07-07]
Literaturaren zubitegia: “Muguruza, Jabier” http://zubitegia.armiarma.com/?i=104 [Kontsulta: 2011-07-07]
« MONZON, TELESFORO | MUJIKA IRAOLA, INAZIO » |