« MONTOIA, XABIER | MUGURUZA, JABIER » |
MONZON, TELESFORO
Telesforo Monzon Bergarako Olaso etxean jaio zen 1904ko abenduaren 1ean familia burges karlista batean. Idazle gisa baino, politikari gisa egin zen ezagun, eta gaztetarik izan zituen politikarako eta kulturekiko kezkak. Madrilen Zuzenbidea ikasi zuen eta handik itzultzean jabetu omen zen bere nortasun politikoaz. Euskara herdoiltzen ari zitzaiola ikusirik, Tolosara joan zen hizkuntza hobetzera, Euskaltzaleak kultur elkarte ezaguneko kide izan zen eta 30eko hamarkadatik aurrera arin egin zuen gora EAJn nahiz euskal politikagintzaren egituretan.
EAJ alderdian izena eman zuen, eta 1931ko hauteskunde historikoetan Bergarako zinegotzi hautatu zuten. Handik gutxira, Espainiako legebiltzarkide ere izan zen birritan (1933 eta 1936), baita Gipuzkoa Buru Batzarreko lehendakari eta Euskadi Buru Batzarreko kide ere. Monzonen erretorika erakargarri, suhar, sakon eta zuzenari esker, erraz erakartzen eta bereganatzen zuen jendea, eta, horren ondorioz, oso jendetsuak izaten ziren bere hitzaldiak.
1936ko uztailean, Francoren altxamendua baieztatu eta Eusko Jaurlaritza Errepublikarekin lerratu zenean, Defentsa Batzordeko kide izendatu zuten, baina handik gutxira kargua utzi zuen, bere usteak eta oinarriak ez zetozelako bat fusilamendu-politikarekin. Dimisioak ez zuen, dena dela, Monzon bazterreratu. 1936an bertan, lehenbiziko Eusko Jaurlaritza eratu zenean, gobernazio-kontseilari eta barne-sailburu izendatu zuten, eta bera izan zen Ertzaintza sortu berriaren koordinatzailea eta Euzko Gudarostearen antolatzaileetako bat (Monzon arduratu zen, besteak beste, gudarientzat Europatik armak ekartzeaz). Kargu horiek estutasunak eta une larriak ekarri zizkioten, hala nola, 1937ko urtarrilean nazionalek Bilbo bonbardatu ondoren gudariek mendekua kartzeletan hartu zutenean edo Gernikako bonbardaketaren ondoren laguntza-lanetan ibili zenean. Azkenik, 1937ko abuztuaren 23an, Agirre lehendakariarekin batera egin zuen ihes, Santanderretik abiatuta eta hegazkinez, Frantziara, non iheslariei laguntza emateaz arduratu baitzen. Frantziako Marsellan itsasontzia hartuta Mexikora abiatu zen, eta handik behin Bigarren Mundu Gerra (1939-1945) amaituta itzuli zen Parisera erbesteko Eusko Jaurlaritzarekin batera.
Esan daiteke Parisko garai hartatik aurrera EAJtik aldentzen hasi zela, aldentzea apurka-apurka egin zuen arren. 1952an alderdiaren aliantza-politika zela eta, kultura-sailburu kargutik dimititu zuen, nahiz eta EAJri atxikirik jarraitu. Garai hartarako bere burua belaunaldi abertzale gazteagoen ideietatik hurbilago zekusan, hots, lehenbizi EKIN eta gerora ETA sortu zuten gazteengandik hurbilago. Hala ere, esan bezala, horrek ez zuen EAJrekin harremanak haustea ekarri, eta Agirre lehendakariaren gorpuari, esaterako, Monzonen Donibane Lohitzuneko etxean egin zitzaion gaubeilatzea 1960an.
60ko hamarkadetan, “Anai Artea” elkartea sortu zen Donibane Lohitzunen, Euskal Herritiko iheslari eta errefuxiatuei laguntza emateko, eta Monzon izendatu zuten bertako lehendakari. Hamarkadaren amaiera hartan sortu zituen Franco hil ondoko trantsizio-garaian Euskal Herrian hain ezagun egin ziren eta oraindik ere entzuten diren “Lepoan hartu”, “Batasuna”, “Bai euskarari”, “Itziarren semea” edo “Ikastoletako ereserkia” eta antzeko kantak. Ordurako ETAren borroka armatuarekin erabat lerraturik zegoen (bereak dira “gerra ez da oraindik amaitu” eta “gaur egungo gudariak lehengo gudarien jarraipena dira” esaldiak); are gehiago, kanta horietako batzuetan borrokarako edo borrokan jarraitzeko deia egin zuen.
Jada 70eko hamarkadan, ezker abertzalearekin egin zuen bat. 1979ko hauteskundeetan zenbait alderdik Herri Batasuna koalizioa sortu zuten, eta bertako zerrendetan joan zen independente gisa. Gipuzkoatik diputatu hautatu zuten, eta urte hartan prozesatu zuten terrorismoa goratu omen zuelako. 1980an dimisioa aurkeztu zuen, Gasteizko Legebiltzarrean eserlekua lortu zuelako; alabaina han ere ez zuen denbora askorik egin. 1981eko martxoaren 9an hil zen Baionan.
Arestian esan dugun bezala, Monzon politikariak Monzon idazlea ostendu zuen, ia erabat. Olerkiak, kantak, antzerki-lanak eta artikuluak idatzi zituen batik bat, baina guztiekin ez zuen arrakasta bera lortu.
Gerraosteko Ipar Euskal Herriko nahiz erbesteko aldizkarietan hainbat lan kaleratu zituen “Olaso” ezizenarekin, hala nola, Gure Herria edo Euzko Gogoan, eta 70eko hamarkadaren amaieran usu agertu ziren bere artikuluak Egin bezalako egunkari abertzaleetan.
Olerkiez denaz bezainbatean, Urrundik. Bake-oroi (Mexiko, 1945) izan zen Monzonen lehenbiziko liburua, baita euskaraz Espainiako Gerra Zibilaren ondoren kaleratutako lehenengo liburua ere. Aldekoaren ustez, Zaitegi eta Monzon “[son] deudores ambos del idilio romántico que dominó la poesÃa euskérica del primer tercio de siglo” (2004, 152).
Arrazoi politikoak direla eta Euskal Herria utzi eta erbestera doan euskalduna ageri da Urrundik obran , herriminak eta saminak jota. Gerra aurreko eta gerrako oroitzapenak nagusi dira olerkietan. Jon Kortazarren esanei jarraiki, “oinarri erromantikoetatik –Bakartasuna– abiatu bazen ere, ohiturazko literatura ironiatsuan barneratu zen geroago, egilea sinbolismoaren ondorengo joeran barneratu baitzen” (2003, 121). Liburuak, baina, ahultasun handiak ditu.
Handik bi urtera, berriz, Gudarien eginak (Donibane Lohitzune, 1947) olerki-liburu berria argitaratu zuen. Kritikagile gehienak bat datoz bi liburuen arteko aldea nabarmentzean eta bigarrenaren maila hobea dela adieraztean. Idealizazioak indarra galtzen du eta errealismoak irabazi egiten du. Hala ere, “Manikeismoa nagusi da eta neurri handiagoan edo txikiagoan gertakari heroikoak deskribatzeak eta kronikari-lana egiteko duen gurariak, gerra-poesia tipikoa izatea dakar” (Kortazar, 2003, 122). Aldekoaren hitzak berreskuratuz, “La literatura vasca de posguerra necesitaba continuidad, y esto fue lo que aportaron las obras que acabamos de ver” (2004, 152).
50 eta 60ko hamarkadetan idatzitako antzerki-lanekin, bestalde, arrakasta nabarmena lortu zuen Monzonek jendartean. Baserri- edo landa-giroko komediak taxutu zituen, konplexutasun handirik gabeak eta jendeari barrea eragiteko egindakoak. Besteak beste, Lau kantari eta xori bat (1956), Menditarrak (1956), Gure behia hil da (1960) edo Eneko Bizkai eta Maria Lorka (1966) aipa daitezke.
Monzon hil ostean bilduma ezberdinak atondu dira bere idatziekin. Mardulenak Hitzak eta idazkiak dauka izena, Koldo Izagirre arduratu zen prestatzeaz, 80ko hamarkadaren erdialdean kaleratu zen eta bergararraren idazki gehienak biltzen ditu sei liburukitan. 1995ean, bestalde, Langosta baten inguruan testu-bilduma argitaratu zuen Elkar argitaletxeak Koldo Izagirreren hitzaurrearekin. Azken urteotan Telesforo Monzon hitzeko gizona (1993), Lo que Monzón nos dejó. Idatziak eta abestiak (CDa barne) (Gara egunkariarekin batera zabaldua, 2004) eta Monzonen antzerki kaierak (Hiria, 2011) bildumak kaleratu dira.
BIBLIOGRAFIA
ALDEKOA, Iñaki (2004): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia.
IZAGIRRE, Koldo (arg.) (1986): Telesforo Monzon. Hitzak eta idazkiak. Jaizkibel. Donostia. 6 liburuki.
_______, (1999): Bidegileak. Telesforo Monzon. Eusko Jaurlaritza. Vitoria-Gasteiz.
KORTAZAR, Jon, 2003, Euskal Literatura XX. Mendean. Pramés. Zaragoza.
MITXELENA, Koldo, 1979, “En torno a Monzón”. Muga 2. Donostia.
« MONTOIA, XABIER | MUGURUZA, JABIER » |