Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

MOGEL, JUAN JOSE

(Deba, 1781-Markina-Xemein, 1849)
Alvaro Rabelli

Juan Jose Mogel Elgezabal Deban jaio zen 1781ean, Juan Antonio Mogel idazle entzutetsuaren iloba eta Bizenta Mogel idazlearen neba ere izan zen. Neba-arreba biak gazte-gazterik umezurtz geldituta osabaren abaroan gelditu ziren. Lehenengo eliz ikasketak osabarekin ere egin zituen Juan Josek, ondoren Oñatiko unibertsitatean jarraitu zituen. 1803an apaiztu zen. 1811. urtetik hil zen arte Markinako parrokoa izan zen. Lehenengo gerrate karlistan Bizkaiko diputazio karlistaren ahaldun nagusia izan zen. Hori dela eta, behin gerra amaituta, erbestera jo behar izan zuen. Osabarengandik ere euskaltzaletasuna jaso eta hainbat lan idatzi zituen, den-denak erlijio ingurukoak. Bere lanik esanguratsuena, dudarik gabe, Basserritar nequezaleentzaco escolia (Bilbo, 1816) deitutakoa dugu. Berau, hala ere, ezagunagoa bilakatu zen 1845ean Gasteizen Basserritaar jaquitunaren echeco escolia izenburupean berrargitaratu zenean. Esan genezake liburu honek, hein batean, bat egiten duela osabak idatzitako Peru Abarka liburuarekin. Hura bezala, Juan Joseren lana, erlijioari dagokion didaktismoa ildotzat hartuta, elkarrizketa generoan oinarritzen zen. Baina Juan Joseren lana ez da heltzen, urrundik ere, osabaren liburuaren maila literariora. Horrela, guztizko ikuspegi zurruneko erlijio ikasbide multzoa baino ez dakar liburu honek. Bestalde, Juan Jose Mogelek aldarrikatu zuen behar bezalako euskarazko erlijio prestakuntzaren emaitza Eguneroco lan eta erregubac meza santuba ondo enzuteco(…) (Bilbo, 1820) eta Mayatz-illeraco berba aldijac (Tolosa, 1885) lanak ondu zituen, aurrekoa baino apalagoak diren lanak. Bere lanek literatura arloan inolako berritasunik ekarri ez bazuten ere, bizkaiera literarioa finkatzen lagundu zuten egileen artean kokatu beharrean gaude.

BIBLIOGRAFIA

BIDADOR, Joxemiel (1998): “Mogelen aurrekoei buruz hitz labur bi: Milagroko lokia”. Euskaldunon Egunkaria. 1998-4-17.

ONAINDIA, Santi (1973): “Juan Jose Mogel eta Elgezabal (1781-1849). Euskal literatura II. Etor. Donostia.

RABELLI, Alvaro (2008): “Baserritar nequezaleentzaco escolia “. Euskal Literaturaren Hiztegia. EHU-Euskara Institutua.

SALABERRI, Patxi (2002): “Juan Jose Mogel”. Iraupena eta lekukotasuna. Elkar. Donostia.

ZARATE, Mikel (1970): “Juan Jose Mogel”. Bizkaiko euskal idazleak. Derioko Seminario-Ikastetxea. Bilbo.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus