Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

MOGEL, JUAN ANTONIO

(Eibar, 1745; Markina-Xemein, 1804)
Alvaro Rabelli

Juan Antonio Mogel eibarren jaio bazen ere, markinarra dugu izatez. Nafarroatik etorritako mediku-familia bateko ondorengoa zen. Markinan bertan apaiz izan zen jardunbidez. Juan Antonio Mogelek Calatayudeko jesuitetan ikasi zuen, eta beste jesuita bati, Larramendiri alegia, jarraitu zion bere lanaren ildo teorikoa ezartzeko. Ondoren euskal letren eremuan segida hartuko zuten Jose Antonio Mogelen eta Bizenta Mogelen osaba izan zen; hain zuzen ere, haien heziketaz arduratu zen. Bestalde, Mogel ospetsu bihurtu zen garaiko euskal kulturan, eta harreman handiak izan zituen bai Euskal Herriko bai kanpoko idazleekin eta ikertzaileekin. Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteko bazkide izan zen, Humboldten lagun eta lankide, AƱibarro, Astarloa eta Agirre Asteasukoaren adiskide, Azpitarteren lankide haren hiztegian… Bada, harremanok ondo erakusten dute Mogelen ahalegin intelektuala zein izan zen garai hartako kultur testuinguruan.

Juan Antonio Mogelek Kardaberazen eta Mendiburu idazle gipuzkoarren eredua jaso zuen bere prosa lanak ontzeko; izan ere, Mogel lehendabizi gipuzkeraz idazten hasi zen, eta gipuzkeraz egin zuen bere lehen liburua: Confesio ta comunioco sacramentuen gaƱean eracasteac edo cembat gauzac lagundu bear die confesio ta comunioari ondo eguiƱac izateko (Ezkerro, 1800). Gerora, bizkaieraz idazten zuten idazleek akuilaturik edo, bizkaieraz idazteari ekin zion, eta bizkaiera, Markinako eredua alegia, maila literario jasora eraman zuen. Esan bezala, Larramendirengandik ere hainbat ikuspuntu jaso zuen ildo teorikoa finkatzeko, batez ere hizkuntza garbizaletasunari dagokionez, hala ere, Mogel ez zen agertu Andoaingo jakintsua bezain neologismo zale. Bizkaiera literarioaren eredu klasiko nagusitzat hartuta, Mogelen lanaren emaitzaz den bezainbatean, esan dezakegu, batetik, bat egiten zuela gipuzkerazko sasoiko prosa erlijiosoaren tradizioarekin, baina inolako berrikuntzarik ekarri gabe; bestetik, ordea, Mogelek urrats bat egin zuen prosa erlijiosotik aldentzeko, Peru Abarka lanaren bidez alegia, eta geroko alegi moralizatzaileentzako eta didaktikoentzako bidea zabaldu zuen. Horregatik guztiagatik esan daiteke Mogelekin euskal literaturak literatura neoklasikoa landu zuela. Garaiko Ilustraziotik zetozen hainbat ideiekin bat egiteak, literaturaren autonomiaren ordez irakurleen heziketa bilatzen literatura moldea lantzeak eta Mogelen lanetan eragin errenazentistak antzemateak bete-betean kokatzen dute egilea neoklasizismoan.

Mogelen lan argitaratu eta argitaragabeen artean hiru-lau motatako lanak ditugu.

Batetik, apaiz idazleari dagozkion erlijio-heziketara zuzendutako lanak ditugu (asko itzulpenak dira): Confesino Ona (1803), Asteteren itzulpena den Cristinaubaren jaquividea (1805), Pascalen gogamenak (1899) eta Cristaubaren Icasbidea edo Doctrina Cristiania (1987). Confesio ta comunioco sacramentuen gaƱean eracasteac edo cembat gauzac lagundu bear die confesio ta comunioari ondo eguiƱac izateko (1800, Ezkerro) eta Cristau Eracasle Euscalduna (1993) gipuzkeraz idatziak dira.

Bestetik, euskaren aldeko lan apologetikoak eta gramatika lanak ditugu: Versiones bascongadas (Fracisco de la Lama, 1802), Historia y geografĆ­a ilustrada por el idioma bascuence, Nomenclatura de las voces guipuzcoanas, sus correspondientes vizcaĆ­nas y castellanas, para que se puedan entender ambos dialectos (1925ean eta 1935an Euskara aldizkarian zatika argitaratuak), eta Cartas y disertaciones de don Juan Antonio sobre la lengua vascongada (1854).

Hizkuntza kontuetan jantzia eta zalea izanda, Humboldt zientzialari alemaniarrarekin eta Larramendirekin berarekin bat zetorren basko-iberismoaren teoriarekin; teoria horren arabera, Iberiar penintsula osoko hizkuntza zaharra euskara da.

Azkenik, lan didaktikoak ditugu: Peru Abarka (1881) ospetsua, hitz-lauz egina, eta bizi zen artean argitaratu gabe utzitako alegia-sorta, bertsoz egina, gerora iloba Bizenta Mogelek argitaratuko zuena.

Edozein modutan ere, dudarik gabe Mogelek erdietsitako ospea Peru Abarka lanak emandakoa izan da. Mogelek idatzitako lan gehienekin gertatu zen bezala, hori ere egilea hil ostean argitaratu zen, 1802rako dagoeneko idatzita zegoen arren. Lehendabizi Bilboko Beti Bat aldizkari karlistan eman zen argitara, atalka, 1880an, eta, azkenez, 1881ean liburu gisa agertu zen Durangon. Harrezkero, oso liburu ezaguna izan da gure artean. Seguru asko hain berandu argitaratu izanak garaiko euskal literaturan eragina izatea oztopatu zuen. Gaur egun, berriz, lanak euskal literaturari eta hizkuntzari berari egindako ekarpen handia onartzen dugu. Dakigunez, bi menderen artean kokatzen den lan horretan, narratiba alorreko lana izanda, euskal eleberriaren sorrera eta hastapena ikusi izan dute batzuek. Hala ere, lanaren erdarazko izenburu luzeari erreparatzea baino ez dago elkarrizketa generoaren aurrean gaudela konturatzeko; beraz, Peru Abarka ez da eleberria; are gehiago: El Doctor Peru Abarca, catedrĆ”tico de la lengua bascongada en la Universidad de Basarte o DiĆ”logos entre un rĆŗstico solitario bascongado y un barbero callejero llamado Maisu Juan horretan lanaren gako eta helburu nagusiak ditugu, hau da, didaktikotasuna, euskararen gorazarrea eta bertute zaharren defentsa. Hori dela eta, esan genezake Peru Abarka XVIII. mendetik zetorren neoklasizismoaren eta erromantizismoaren artean datzala, bertan agertutako zenbait ikuspegi geroko erromantizismoak bere egingo ziteen neurrian. Luis Vivesen Dialogos Latinos gogora dakarren molde narratiboa da Peru Abarka eta Maisu Juan protagonisten arteko elkarrizketenen bidezkoa. Bada, horixe baliatu zuen Mogelek hizkuntza ikuspegia, baita ideologikoa ere, ezagutzera emateko. Horrela, Peru Abarka laneko elkarrizketak bitarteko pedagogikotzat har ditzakegu, egilearen helburuak lortze aldera.

BIBLIOGRAFIA

BIDADOR, Joxemiel (1998): “Mogelen aurrekoei buruz hitz labur bi: Milagroko lokia”. Euskaldunon Egunkaria. 1998-4-17.

KORTAZAR, J.(1997): Euskal literaturaren historia txikia. Erein. Donostia.

MENDIGUREN, X./IZAGIRRE, K. (1998): Euskal literaturaren antologia. Elkar Donostia.

MITXELENA, Koldo (1960): Historia de la literatura vasca. Minotauro. Madrid.

ONAINDIA, Santi (1973): Euskal literatura II. Etor. Donostia.

RABELLI, Alvaro (2008): “Peru Abarka “. Euskal Literaturaren Hiztegia. EHU-Euskara Institutua.

SALABERRI, Patxi (2002): Iraupena eta lekukotasuna. Elkar. Donostia.

SARASOLA, Ibon (1971): Euskal literaturaren historia. Lur. Donostia.

ZARATE, Mikel (1970): Bizkaiko euskal idazleak. Derioko Seminario-Ikastetxea. Bilbo.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus