« MITXELENA, SALBATORE | MOGEL, JUAN ANTONIO » |
MOGEL, BIZENTA
Bizenta Antonia Mogel Elgezabal Azkoitian jaio zen 1782an, han aita sendagile baitzebilen. Gaztea zela aita hil zitzaiola, bera eta Juan Jose neba Markinara joan ziren osaba Juan Antonio apaiz idazlearengana. Ikasketak egin zituen osabarekin, latina irakatsi zion eta idaztera animatu zuen; irakasle ibili zen Adiskideen Elkartean. Eleuterio Basozabalekin ezkondu zen eta Abandon hil zen 1854an.
Euskaraz idatzi zuen lehen emakumetzat hartua izan da, eta hain zuzen emakume idazlea eta ikasia izateagatik azalpenak eman behar izan zituen.
Bizenta Mogelen idazlanik ezagunena Ipui onac (1804) da, baina beste lanik ere egin zuen: Gabonetaco cantia Bizkaitar guztientzat (1819) izeneko kantuaren egilea izan zen, Mahn-en antologian jasoa; Espaiña-ko Gotzai-buruaren Artzai idazkia (1820) euskaratu zuen; eta Ulibarri arabarraren testuak orrazten ere lagundu zuen.
Ipui onac liburua Esoporen berrogeita hamar alegiaren itzulpena da, hitz lauz, eta liburuaren amaieran osabaren beste zortzi alegia jaso zituen, neurtitzetan emanak. Alegiez gain, beste zenbait testu biltzen dira, hala nola, sarrera gisa “Don Victor Munibe ta Aranguren-gori” egindako eskaintza eta “Iracurle euscaldunari” egindako hitzaurrea. Osabaren alegien aurretik, berriz, “Adigarria” izeneko oharra dago. Gainera, liburuak hiztegia dakar amaieran, bi ataletan zatitua: Bizentaren alegiei dagokiena, bata, eta osabaren alegiei dagokioena, bestea. Liburuak oso harrera ona izan zuen eta berrargitarapen ugari ezagutu ditu; gainera, alegia batzuk argitaratu ziren Manterolaren Cancionero delakoan eta zenbait aldizkaritan.
Alegien berreskuratzea batera etorri zen denboran Elizak ipuin tradizionalak arbuiatzearekin. Alegiak baitziren irakaskuntzarako eta hezibiderako material egokiak, moralaren aldetik. Bizentak gai horri buruz hitz egiten du hitzaurrean, dioela: “Umeago nintzanean berriz entzun oi nituen, zoro zororik, ta pocez erotuta, atso ipuiac. Sinisten nituen eguia andi batzuec becela. Peru ta Mariaren ipui farragarri ta sustrai gabeac (…) Orain, bada, ¿ondoric, ta ondorengo onic ez cecarten ipui eroac ambat atseguin ematen bacidaten, nere adinaren arguiabarretan sartu baño leenago, zenbat eztituco ez zan nere biotza irakurri nituenean guerora ipui onac?”. Beraz, XIX. mendearekin batera, alegiak iritsi ziren Euskal Herrira, haurrak eta nekazariak egoki hezitzeko tresna gisa, eta Bizenta Mogelen alegiak izan ziren tradizio berri horretako lehen katebegia.
Xabier Etxanizen iritziz, Bizenta Mogelen Ipui onac euskaraz haurrentzat idatzitako lehen obra didaktikoa izan zen, Europan zehar oso zabaldua zegoen “irakatsi atsegin emanez” korrontearen barruan. Gaineratzen du Mogel ez zela mugatu itzulpenera, eta zenbait alegiatan bere iritzia ere ematen duela alegien helburu didaktiko eta morala argiago utziz.
Beldarrainek dioenez, Bizentak ez du inon esaten ez latinetik ez grekotik euskaratu zituenik alegiak, baina latinari egin zion aipamen batek alegien iturriari buruzko nahasmena sortu du. Gaineratzen du González de Záratek Juan Hurus-ek 1489an Zaragozan argitaratu zuen La vida de Esopo con sus fábulas historiadas delakoa jotzen duela Ipui onac obraren iturritzat. Hala ere, Beldarrainen beraren ikerketaren ondorioz jakin dezakegu gaur Bizentak itzulpenerako baliatu zuen iturria bere garaian argitaratutako Isopete bat izan zela, hau da, Esoporen alegien gaztelaniazko bildumetariko bat.
BIBLIOGRAFIA
BELDARRAIN AGIRRE, Josune (2010). Alegia klasikoak euskaraz: Isopeteko, La Fontaineren eta Samaniegoren alegien berridazketen azterketa. EHUko Doktorego Tesia. Argitaratu gabe.
ETXANIZ, Xabier (1997). Euskal haur eta gazte literaturaren historia. Pamiela. Iruñea.
Kaltzakorta, Xabier (1992): Bizenta Mogel. Eusko Jaurlaritza. Vitoria-Gasteiz.
« MITXELENA, SALBATORE | MOGEL, JUAN ANTONIO » |