Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

KOLDO MITXELENA

(1915-1987)
Fco. Javier Rojo Cobos

Zaila da Koldo Mitxelena bezalako funtsezko pertsona baten ibilbidea lerro gutxi batzuetan laburtzea, berak erdiguneko tokia betetzen baitu euskal kulturari dagokionez. Hizkuntzalaria, euskal kulturaren kritikari zorrotza, euskara batuaren bultzatzailetako bat, euskal unibertsitatearen sustatzaile garrantzitsua, euskal idazlea… alderdi asko biltzen dira pertsona honengan.

1915.ean jaio zen Errenterian. Txikitan oinean zuen tumore batengatik gaixorik egon zelarik irakurtzen zaletu zen berehala. 1935.ean batxilergoa amaitu zuen. Gerra Zibila piztu zelarik, gudari joan zen eta gerra ostean errepresioa jasan behar izan zuen, eta kartzelan ere hainbat urte pasatu zituen. Hor zegoela euskal ikasketak aldatuko zituen ideia bat izan zuen: Menéndez Pidal-en Gramática histórica española irakurri zuelarik, pentsatu zuen halako zerbait egin behar zuela euskararen inguruan. Horren ondorioz sortuko zen Fonética histórica vasca izenburuko idazlana, bere doktore tesia izango zena. 1951.ean Filologia Klasikoan lizentziatu zen Madrilen eta 1959.ean doktore bihurtu, aipatutako tesiarekin. 1967.ean Salamancan dago irakasle eta Franco hil ondoren Euskal Herriko Unibertsitatearen hasieretan Gasteizeko fakultatera aldatu zen.

Hauek izango lirateke bere bizitzaren momentu garrantzitsu batzuk.

Baina gehiago daude. 1952.ean euskaltzain osoa izendatu zuten eta handi bi urtera, euskal literaturarako funtsezkoa izango zen beste gertakari bat protagonizatu zuen: 1954.etik Egan aldizkariaren zuzendaria izan zen. Bere zuzendaritzapean aldizkari hau modernizatu egin zen eta euskal literaturan agertzen ziren joera berrien hedatzaile bihurtu.

Arlo desberdinetan aritu zen, lehen esan den bezala: hizkuntzalari ezaguna izan zen; euskal literatura aztertu zuen; euskal filologia modernoaren oinarriak jarri zituen; euskara batua bultzatu zuen… baina topiko bihurtu zen euskaraz gutxi idatzitako pertsona izan zela. 1988.ean argi geratu zen topiko honek ez zuela inolako oinarririk, urte horretan argitaratu baitzen berak euskaraz idatzitako lan guztien bilduma: Euskal idazlan guztiak izenburuarekin agertu zen lan hori eta bederatzi liburukitan Mitxelenak hor-hemenka argitaratutako lanak agertzen ziren, euskararen ikertzailea ez ezik euskal idazle bikaina ere bazela erakutsiz.

Bere ibilbide pertsonalean eta euskaraz zein beste hizkuntzetan agertutako idazkietan, zein ere den gaia, ezaugarri batzuk nabarmentzen dira:

  • Idazle honen jarrera kritikoa.
  • Euskal ikasketetan inguruko hizkuntzen ikerketetan erabiltzen ziren estandar zientifiko berberak erabiltzea.
  • Pragmatismoa.

Azken hau zela-eta, esan behar da Mitxelena beti izan zen kontzientea momentu bakoitzean zer lortu zitekeen eta zer ez, bai politikaren alorrean bai euskal kulturari dagokionez, eta jarrera maximalistetatik urrunduz, egoera zailetan ere aurrerapausoak emateko aukera egon zitekeela erakutsi zuen.

BIBLIOGRAFIA

ALTZIBAR, Xabier (2000): “El ensayo del XX”. In Urkizu 2000: 589-627.

ASKOREN ARTEAN (1987): K. MITXELENA. Gizona eta Hizkuntza. Egan XL (Ale berezia). Maiatza-Abendua 1987.

IBARZABAL, Eugenio (2001): Koldo Mitxelena. Erein. Donostia.

JIMÉNEZ DE ABERASTURI, Juan Carlos; KNÖRR, Endrike (1997): Koldo Mitxelena Elissalt (1915-1987). Gipuzkoako Foru Aldundia. Donostia.

KNÖRR, Henrike; HARITSCHELHAR, Jean; UGALDE, Mikel (1994): Bidegileak. Koldo Mitxelena (1915-1987). Eusko Jaurlaritza. Gasteiz.

KORTAZAR, Jon (1990): Literatura vasca. Siglo XX. Etor. Bilbo. 118-119. orr.

URKIZU, Patri (ed.) (2000): Historia de la literatura vasca. UNED. Madril.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus