Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

ANSELMI, LUIGI

(Bilbo, 1954)
Jon Kortazar

Luigi Anselmi Joseba Sarrinandiaren ipuin bateko pertsonaiari kenduriko Luis Gutierrez Larrearen Bilboko poetaren goitizena da. Bilbon jaioa da, eta hiri horretako euskal akademia batean euskara eskolak emanez atera ohi du bizibidea.

Historia luzeko poeta dugu, nahiz eta ia isilpean geratu den. Bilboko artisten eta idazleen talde bateko partaide dugu, Txema Larrea, Jose Mari Garmendia edo J. Urrutia Capeau marrazkigile eta idazlea taldekideak izanik.

Luigi Anselmik orain arte ondoko poema-liburuak argitaratu ditu: Zoo ilogikoa (1985), Desirako alegiak (1988), Bacchabunda. Catulus-en omenez (1993), Gure ametsen gerizan (2000), Gau ertzekoak (2004), Bertzerenak (2006), Nola elurretan beleak (2008).

Garai batean beste poema liburu hauek argitaratu zituen gazteleraz: Cuando arde el agua (1988), Una botella al mar (1995) eta A la orilla del tiempo (1998).

Luigi Anselmiren poesiaren estetika hasiera hasieratik dago ondo taiutu eta definitua. Poesia sotil, leun eta txikia egin nahi du, pentsakizunean oinarritutakoa, irudi baten agerpenean mantendua. Inoiz ukitu klasikoa dauka bere joera nagusi legez, eta ironia nagusitzen da bai munduaren ikuskeran, bai mundua ikusteko joera ilogikoan.

Poesia ingelesa maite du, eta maiz aipatzen ditu bere obretan Emily Dickison, T.S. Eliot, Ezra Pound edo W.H. Davis poeta handiak. Euren lanen bat euskaratzera heldu da, hala nola, W. H. Davisen Nabarra poema.

Agian, irakurketa joera horregatik, Luigi Anselmiren poesiak badu esperientziatik, bizitzatik, hurbila izateko ahalegina eta gustua. Tonu minor batean emandako poesia dela esan dezakegu, baina beti ere irakurlea pentsakor utziko duena:

“IRAK

Mila eta bat gauetako

hiri xarmangarriak

(Samara, Ispahan,

Bagadag, Basora…)

gaur kiskaltzen dituen

su bortitzak,

gure ametsak ere

nahi dute erraustu?” (Nola elurretan beleak, Pamiela, 2008).

Poema horren gisara, Luigi Anselmik poema txikiak idazten ditu, pentsakizun, analogia, metafora zein gertakizun bakar batean oinarriturik, baina beti ere irakurlearen ezinegona piztuko duena.

Euskal Herrian hain erabilia ez den poesia klasikoaren jarraitzailea da Bilboko poeta. Bacchabunda. Catulus-en omenez liburua izango litzateke horren adibiderik garbiena, baina estetika ildo hori behin eta berriro erabili ohi du bere liburuetan eta hala ikusten da, kasurako: “Pro classico” deitzen den poeman (Nola elurretan beleak, Pamiela, 2008). Klasikotasunaren joera, batez ere, poemen egitura bikoiztuan eta simetrikoan agertuko litzateke, eta baita kontzeptuak definitzeko joeran ere:

“ZORIONTASUNA

txoriño ttipi bat

baizik ez da

haur baten esku

amultsuetan…

Zenbat eta maiteago,

hainbat eta lehenago

hilko da” (Nola elurretan beleak, Pamiela, 2008).

Poesian erakusten duen irrirako eta ironiarako joera klasikotasunari dion zaletasunaren adibidea besterik ez da.

BIBLIOGRAFIA

KORTAZAR, Jon (1997): Luma eta lurra. Euskal poesia 80ko hamarkadan. Labayru Ikastegia-Bilbao Bizkaia Kutxa. Bilbo. 569-584.

X.X. (2009) : “Luigi Anselmi”. Siete poetas vascos. Pamiela. Iruñea.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus