Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

MIKOLETA, RAFAEL

(Bilbo, 1611 - ????)
Alvaro Rabelli

Rafael Mikoleta eta Zamudio Bilbon jaio zen 1611ko azaroaren 19an, bertako familia aberats baten altzoan. Antza denez, merkataritzan ziharduen Bilboko Begoña inguruko familia zen. Letretakoa izanda, elizgizona, alegia, leinu aberats horri zegokion moduan, hainbat kargu bete zituen hirian bere bizitzan Mikoletak, hala nola, presbitero, hiriko kabildoko fiskal txiki eta, beharbada, fiskal nagusia eta priorea ere izatera heldu zen. Edonola ere, zeregin garrantzitsuak bete zituen garaiko Bilbon, eliza-estamentuan nahiz hiriko gobernuan. Ezin uka liteke, gainera, Mikoleta bere auzokideentzat oharkabean pasa zenik, jarri zioten “Amuko” izengoitiak salatzen duen bezala.

Dakigunez, Mikoletari zor diogu euskal gramatika bat egiteko lehenengo urratsa, urrats txikia inondik ere, baina, hala ere, garrantzitsua. Horrela, ezagutzen diogun lan bakarra 1653rako idatzi zuen Modo breve de aprender la lengua Vizcayna delakoa da. Londresko Britainiar Museora argitaratzeke heldu zen lan horren eskuizkribua, azkenik, 1880an argitaratu zen Bartzelonan, Revista de Ciencias Hístoricas aldizkarian. Harrezkero, oraindik edizio kritiko on baten faltan, lanaren hainbat argitalpen egin izan dira. Mikoletaren lana, gizarteko gaztelaniadun goiko mailei zuzendua, sei ataletan dugu banatuta. Atalotan gramatika txikia, hiztegi laburra, aditzen zerrenda, euskarazko elkarrizketa adibideak eta garaiko olerkigintzaren gaineko zenbait argigarri eta etsenplu dakarzkigu. Bestalde, liburua daukagun sasoi hartako bizkaieraren lekukotasun bakanetakoa da, Bilbon egin zitekeen hizkerarena, gainera.

Literaturari dagokionez, garaiko olerki-moldeez diharduen atala, laburtxoa bada ere, aski adierazgarria da. Izan ere, urriak dira sasoi hartan Hegoaldean erabiliko ziren olerki kultu edo literarioen adibideak. Horregatik, Mikoletaren azalpen eta etsenpluak aski garrantzitsuak dira garaiko olerkigintza ulertzeko.

BIBLIOGRAFIA

BIDADOR, Joxemiel (1998): “Rafael Mikoleta Zamudio “Amuko”-z gomuta”. Euskaldunon Egunkaria. 1998-9-18.

ETXENAGUSIA, Karmelo (1969): Euskal idazleen lorategia. Cinsa. Bilbo.

MITXELENA, Koldo (1960): Historia de la literatura vasca. Minotauro. Madrid.

ONAINDIA, Santi (1972): Euskal literatura I. Etor. Donostia.

RABELLI, Alvaro (2003): “Metodo breve de aprender la lengua Vizcayna (1653)”. Euskal Literaturaren Hiztegia. EHU-Euskara Institutua.

SALABERRI, Patxi (2002): Iraupena eta lekukotasuna. Elkar. Donostia.

ZARATE, Mikel (1970): Bizkaiko euskal idazleak. Derioko Seminario-Ikastetxea. Bilbo.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus