« MENDIBURU, SEBASTIAN | MIKOLETA, RAFAEL » |
MENDIGUREN ELIZEGI, XABIER
Xabier Mendiguren Elizegi Beasainen jaio zen 1964an. Euskal Filologia ikasi zuen Gasteizen (EHU) eta Hispaniar Filologia UNEDen. Gaztetarik hasi zen zenbait literatur aldizkaritan lantxoak argitaratzen, eta 1980ko hamarkadaren erdialdetik Elkar argitaletxeko editore da.
Egun euskal literaturan dagoen egile oparoenetarikoa da: azken urtean ia urtero kaleratu du lanen bat, eta literatur jenero gehienak jorratu ditu: ipuingintza, nobela, haur-literatura, autobiografia, antzerkia, blog-artikulugintza, eta abar.
Hainbat literatur sari irabazi ditu, hala nola, honakoak: Telesforo Monzon, Lizardi, Toribio Alzaga, Bizenta Mogel, Tene Mujila, Donostia Hiria eta Pedro Inazio Barrutia.
1980ko hamarkadaren erdialdetik 1990ekoaren erdialdera idatzi zituen idazle-editore honek antzerki-lan gehienak: Kanpotarrak maisu-Kultur ministrariak ez digu errukirik (Susa, 1987), Publikoari gorroto (Euskaltzaindia, 1987), Pernando, bizirik hago oraindio (Euskaltzaindia, 1989), Ankerki (Elkar, 1993), Garai(a) da Euskadi (Kutxa Fundazioa, 1993) eta Hilerri itxia (Euskaltzaindia, 1995). Produkzio nabarmen horren ostean hamar urteko isilaldia egin zuen beasaindarrak, harik eta Telesforo ez da Bogart (Kutxa Fundazioa, 2003) eta Heroien gaua / Amodioaren ziega (Artezblai, 2004) argitaratu zituen arte. Zalantzarik gabe Euskal Herrian antzerki-lanek bizi duten egoera penagarriak izango zuen eraginik eten horretan; izan ere, antzerki-irakurleak oso gutxi izateaz gain, antzerki-lanak taularatzeko arazoak ere handiak izan ohi dira, ikusleak ere oso gutxi direla gogoan hartuta. Publikoari gorroto antzerki-lana egileak berak aurkeztu zuen, literatur iruzkinei gordetako atalean, Argia aldizkarian. Honakoa zioen testuaren hasierak: “Gogor xamarra norberak idatzi duen liburu bat komentatu beharra, baina beste guztiak aipatzen ditugunez, ezin alde batera utzi honako hau. Beraz, aurkezpentxo bat egingo dizuet, eritzitan ez sartzeko ahaleginak eginez.” (Mendiguren, 1988).
Telesforo ez da Bogart kaleratu zenean, bestalde, penaz mintzatu zen Igor Estankona: “Gurago nuke oker egon, baina inoiz antzeztuko ez den obra bat irakurtzeak ematen duen tristezia xamurra sortu dit “Telesforo ez da Bogart”ek” (Deia, 2003). Guk dakigula, behintzat, Bizkaiko Mungialdeko antzerki-talde batek antzeztu zuen, Mungian, 2009an.
Haur- eta gazte-literaturan oso eroso mugitzen dela sarri erakutsi du, bestalde, Mendigurenek: hainbat dira argitaratutako liburuak, eta aipatzekoa da horietako zenbaitek ume eta gazteen artean lortutako arrakasta; kasurako, 1980ko hamarkadan jaio eta euskaraz ikasi duten ume gehienek ezagutzen dituzte Joxeme pertsonaiaren abenturak. 1987an Estitxuk pirata izan nahi du (Elkar) kaleratu zuen, eta ordutik haur eta gazteentzako hogei bat liburu kaleratu ditu, hala nola, honakoak: Tangoak ez du amaierarik (Elkar, 1988), Harrika (Elkar, 1990), Joxemeren ohelikopteroa (Elkar, 1988), Negu gorriko lagun berriak (1988), Joxemeren ohelikopteroa eta kupel artomikoa (Elkar, 1989), Josemevski astronauta (Elkar, 1990), Joseme eta eroen ohelikopteroa (Elkar, 1991), Puxkin (Elkar, 1991), Telejoxeme (1992), Joxeme ezkirol (Elkar, 1997), Zergatik kantatzen du txantxangorriak? (Elkar, 1997), Obsexuen kluba (Elkar, 1997), Kanibalen kaiola (1998), Txakurraren alaba (Elkar, 2000), Kosk egiten dut (Elkar, 2001) edo Karakolaren barruan (Elkar, 2005).
Beasaindarraren ipuingintza dela eta, Sei ipuin amodiozko (Susa, 1986) bilduma laburra izan zen kaleratutako lehenengo lana, eta izenburuak berak ezin hobeto laburbiltzen du zein den obraren edukia: sei ipuinek osatzen dute, eta ipuinak uztartzen dituen haria amodioa da; alabaina, ipuinotan ageri den amodioa ez da, oro har, irakurleak espero zezakeen “amodio arrunta” (“makabrotasunerako joera nabari zaio hor beasaindarrari” idatzi zuen Mikel Antzak Susa aldizkarian eginiko iruzkinean). Ipuinetan ageri diren ikuspegi eta egiturei dagokienez, ipuin guztiak dira ezberdinak, aniztasuna da nagusi. Lehenengo ipuina (“22 ebaki”), orduko kritikarien iritziz liburuko biribilena, Susa aldizkariaren 9. alean argitaratu zen aurretik. Gerora honakoa azaldu zuen Mendigurenek:
“Liburuko gainerako bost ipuinak 1985ean idatzi nituen: lau udan, eta azkena udazkenean. Sariketaren bat edo beste eskuratu nuen haietako batzuei esker, baina, liburua osatzeko asmoarekin sortu nituelako edo neure lehen liburua plazaratzeko presa nuelako, ez zuten izan liburuaz kanpoko argitalpenik” (2002, 226).
Aipatzekoa da narrazioetan zehar eta, batik bat amaiera aldean, egileak irakurlea harritzeko daukan trebezia, obra honetan ez ezik, hurrengoetan ere.
Handik sei urtera argitaratu zuen ildo bereko hamalau ipuinez osatutako Hamalau (Elkar, 1992) bilduma simetrikoa: bi zati nagusi ditu; hortaz, horietako bakoitzean zazpi ipuin biltzen dira. Egunerokotasunari loturik daude ipuinok, eta, esan bezala, jada aurreko ipuin-liburuan ikusten ziren zenbait ezaugarri ageri dira horretan ere: ironia, egoera irrigarri edota patetikoak, tentsioa, narrazio bizia…
1990eko hamarkadaren erdialdean beste bi ipuin-liburu kaleratu zituen Mendigurenek: Opor ezberdinak (Susa, 1996) eta Ene dama maite hori (Elkar, 1996). Alabaina, ez zuten aurrekoek bestelako arrakastarik izan. Jada XXI. mendean, bere literatur hastapenetara itzulita, 16 ipuin amodiozko (Susa, 2002) kaleratu zuen, Markos Zapiainen hitzaurre eta egilearen beraren hitz-atzearekin. Liburuak lau atal ditu, eta lau atal horien izenburuak bata bestearen atzean jarrita, edukia ondo laburbilduta geratzen da: “Sei ipuin amodiozko”, “Beste sei perbertsio”, “Pastitxe bat” eta “Eta hiru voyeur istorio”. Bada, 1986an argitaratutako bilduma laburraren bertsio zuzendu eta luzatua dela esan genezake, eta orduko zenbait joera eta molde errepikatzen dira, hala nola, ipuinen heterogeneotasuna gaiei heltzeko moduan edo irakurlea harritzeko joera. Liburuko ipuin gehienak 1980 eta 1990ko hamarkadan idatzi zituen Mendigurenek, aldizkarietan argitaratu nahiz literatur lehiaketetara aurkezteko. Gaiez denaz bezainbatean, “Gizon portatu” izenburudun hitzaurrean Markos Zapiainek idatzitako lehenengo lerroak argigarriak dira:
“Amodiorako Mendigurenen dohain bereziez gozatzeko zoriona izan dugunontzat, ez da ezustekoa liburu hau, batik bat “perbertsio” deituriko moldeez ari dadin: mutilazioa, voyeurismoa, fetitxismoa, intzestu orokorra, bikote-trukatzea baserrian, melodrama, masokismoak…; ipuin hauek guztiok animalien antzera maitatzeari ukoa erakusten dute, edo animaliek bezala maitatzeko ezina” (Mendiguren, 2002, 7).
Azkenik, esan bezala, liburuak badu hitz-atze bat, non egileak ipuin bakoitzaren jatorriari buruzko informazioa ematen baitu.
Errautsen distira (Elkar, 2002) bestelako ipuin-bilduma da: lau ipuin luze biltzen ditu, eta guztiak lotzen dituen haria Euskal Herriko azken mendeko historia da. Guztien oinarrian dagoen istorioa egiazkoa dela adierazi zuen egileak, gainera: “Bestela irudi badezake ere, gutxi idatzi dugu euskaldunok 36ko gerrari buruz, oraintsu arte bederen (…) Liburu honetako lau ipuinek ahozko kontakizunak dauzkate oinarrian, eta hauen atzean, berriz, egiazko pasadizoak daude” (Mendiguren, 2002: 7-8). Kontakizunak nori zor dizkion ere zehazten du Mendigurenek, bai eta oinarri horiekin nolabait jolastu dela ere, itxuraldatu egin duela bere beharrizan literarioetarako. “Lau ipuin, lau sinbolo: miliziano galdua, abade maltzurra, PNVko gezurtia, eta bere izaera –bere aita– zein den jakin ez dakien euskaldunaren bizitza. Irakurketa alegorikorako aukera handia ematen du Xabier Mendigurenen liburuak.” (Kortazar, El PaĆs, 2002).
2005ean maitasun-kontuak berreskuratu zituen Mendigurenek Bihotz gosetien kluba (Elkar) ipuin-bildumarekin. Bost narrazio luze-laburrek osatzen dute liburua, eta esan liteke bosten oinarrian elementu bera dagoela: euren bihotzak ase ezin dituzten pertsona bakartiak: ase-ezintasun hori da bost istorioon eragilea. Istorio hurbilak dira, gutariko edonori gertatzetik urrunegi ez daudenak, beharbada, baina abiapuntua abiapuntu eta izenburua izenburu, liburua ez da tristeziaz eta saminez jositako lana; izan ere, aurretik ere erakutsia zuen umorea eta trufarako zaletasuna baliatu zuen beasaindarrak lan honetan ere, sarri pertsonaiak eurak barregarri utzita.
Handik urtebetera argitaratu zen Arima enkoniatuak (Elkar, 2006): lau ipuinek osatzen dute, eta Bihotz gosetien kluba laneko oihartzunak entzun daitezke irakurri ahala, nahiz eta ezberdintasunak ere badiren: ipuinen amaiera, esaterako, irakurlearen esku geratzen zen aurreko liburuan, oso irekia baitzen; azken horretan, berriz, kontrakoa izan da egilearen jokabidea. Ezin esan dezakegu maitasuna bera agertzen denik (zer esanik ez, are gutxiago maitasun gauzatua), batik bat harreman-mailak direlako garrantzitsu ipuin-bilduma honetan.
Azken urteotan argitaratuko ipuin-liburuak dira Bizitza homeopatikoak (Susa, 2008), Lurmentzean (Gero-Mensajero, 2009) eta Vikingoen sorterrira (Elkar, 2010). Lehenengoak bi ipuin luze biltzen ditu: lehenengoak liburu-saltzaile euskaldun bat du protagonista, eta bigarrenak Bruselako parlamentuan itzultzaile-lanak egiten dituen emakumea. Formari eta batasunari dagokienez, honakoa azaldu zuen Javier Rojok: “Tonuaren eta teknikaren aldetik guztiz desberdinak dira bi narrazioak, baina, edonola ere, badago biak lotzen dituen ideia orokor bat. Biak dira bizitzak aldez edo moldez lortu behar duen orekaren adibide.” (El Correo, 2008).
Lurmentzean ipuinarekin IV. Peru Abarka album-lehiaketa irabazi zuen, eta testuarekin batera Nuria Hernandezen irudiak ageri ziren. Vikingoen sorterrira lanean testu hutsa sartu zuen Mendigurenek; hots, Hernandezen irudirik gabe. Hain zuzen ere, Vikingoen sorterrira da beasaindarrak argitaratutako azken ipuin-liburua, bai eta mardulena ere, orotara 300 orrialde inguru baititu. Sei ipuin luze ageri dira, eta
“ipuinak muturreko gertaera edo argumentuen bueltan harilkatzen dira: istripuz sei hilabeteko umea autoz harrapatzen duen gizonaren istorioa; amak alabari urte luzez barnean gorderiko ezkutuko maitasun istorioa idazten dionekoa; anai-arreben arteko obsesio eta intzestu harreman korapilatsua; buruz atzeratuak diren bi pertsonaiaren bitartez euskal gatazkaren nolabaiteko alegoria egiten den istorioa… Baina, bereziki, gertakizun zehatzen aurre-atzeak narratzen dira orriotan, azalpen eta iruzkin xeheekin, denbora tarte luzeak zein istorioaren ertz guztiak kontatuz.” (Ayerbe, Berria, 2010)
Badira, ordea, sei ipuinek partekatzen dituzten zenbait ezaugarri, eta horiek ematen diote batasuna lanari. Aipatzekoa da, esate baterako, ipuinak herri handi edo hiri txiki postindustrialetan gertatzea, orain arte gure literaturan ez delako horrelako lekuak hautatzeko joera handiegirik egon.
Xabier Mendiguren Elizegiren nobelagintza dela eta, idatzitako eleberriak ez dira ipuin-liburuak bezainbat, baina kritikak nahiz irakurleek ondo hartu izan dituzte, oro har. 1990ko hamarkadan hasi zen beasaindarra nobelak idazten, eta 2011n argitaratu du azkena.
1994an Txomin Agirre nobela saria irabazi zuen Bekatuaren itzala lanarekin. Protagonista herri txiki bateko abade izendatu berria da, eta serorak nahiz bere alabak sortzen dioten erakartasun sexualari aurre egin behar die, haragizko bekatuaren aurkako borroka etengabea burutuz. Borroka horren berri abadeak lagun bati idazten dizkion gutunen bidez daukagu; hortaz, “genero epistolarrean barneratuko genuke lan hau” (Olaziregi, 2002: 137).
Handik bi urtera Berriro igo nauzu, (Elkar, 1997) kaleratu zuen beasaindarrak, eta bere nobelagintzako mugarrietako bat da. Izenburua Lizardiren poema batetik hartu zuen autoreak, eta eleberriak kartzelan hamazortzi urte egin ostean Joxe Garmendia “Marmitte” etakidea etxera itzuli osteko lehenengo egunetako istorioa kontatzen du, bai eta bere oroitzapen eta sentipen kontrajarriak azaleratzen ere. Hiru egunean bi igoera egiten ditu protagonistak (bere baserrira lehenengoa eta Gipuzkoako Txindoki mendira, gauez, bigarrena), eta hortik liburuaren izenburua. Olaziregiren esanetan:
“Euskal gizartearen irudi eta erretratu izan daitekeen honetan, gatazka politikoa, baserriko bizimoduaren gainbehera, herri txikietako bizimodua… azaleratuz doaz, eta jarrera politiko desberdinen arteko amildegia begitantze. Edonola ere, tesi-nobela izan gabe (…) ezin ukatuzkoa da testuaren alderdi ideologikoaren esplizitazioa” (op.cit., 138).
Literatur kritikariek, gainera, Mendigurenek narrazioan bigarren pertsona erabili izana nabarmendu zuten testuaren aldeko ezaugarri bereizgarritzat:
“Kartzelako presoen izaeraren eta kanpoko egoeraren arteko kontrastea Anjel Lertxundik landu zuen bere hasierako narrazioetan, baina Xabier Mendigurenen lanak beste bide batzuk aukeratzen ditu: pertsonaiaren gainean jarrita fokoa, bigarren pertsona behin eta berriro erabiliz, gaurko ikuspegira hurbilduz” (Kortazar, 2003, 281).
Ziur aski beasaindarraren nobela anbiziotsuena da Berriro igo nauzu, eta kritikak nahiz irakurleek harrera ona egin zioten, salbuespenen bat salbuespen. Egotzitako akatsen artean, istorioa ezker abertzaleari eta bere ikuspegiari gehiegi lotu izana aipatu zuen Javier Rojok: “Bestaldetik, argumentuak hausnarketarako beta ematen bazuen ere, ezker abertzalean behin eta berriro errepikatzen diren gaiak (kaleko istiluak; presoaren familia; ertzainak…) bata bestearen atzetik jartzeak aukera hori baztertzen du” (El Correo, 1997).
1998an nobela labur baina interesgarria kaleratu zuen Mendigurenek: Gure barrioa 1975 (Elkar). Interesgarria da beasaindarraren obran bide berria zabaldu zuelako: gazte-denborako oroitzapenei eta, zenbaitetan, autobiografiari lotutako bidea. Mendigurenen lanetan ohi bezala, izenburuak ondo laburbiltzen du edukia; izan ere, 1975ean kale-giroko herri batean bizi den 11 urteko gazteak (data-lekuak ikusita badirudi Mendiguren bera eta Beasain daudela oinarrian) kontatzen ditu eleberria gorpuzten duten gertaerak: barrioko jendea eta barrioa bera, mutiko eta neskatoen arteko harremanak, sasoiko egoera politikoa (1975. urtea hautatu izana ez da kasualitatea, noski), etab ageri dira.
Liburuak Andoni EgaƱa bertsolariaren sarrera dauka, eta honako esaldiak bat datoz esandakoarekin: “Eta hori da niri, irakurle honi, interesatzen zaidana. Ez Xabier Mendigurenek txikitan zer egiten zuen eta nolakoa zen, Xabier Mendigurenek ordukoaz gogoan zer duen eta nola kontatu nahi digun baizik. Gauza berdintsuak egiten genituela jakinekotzat jotzen dut.” (Mendiguren, 1998: 9-10).
Ume- eta gazte-sasoiko oroitzapenei tiraka kaleratu zuen hurrengo eleberria ere beasaindarrak: Uda betiko balitz (Elkar, 2003). Eleberriak hiru atal ditu: protagonistak 12 urte zituenekoa (1976), 14 zituenekoa (1978) eta 16 zituenekoa (1980); hots, datak bat datoz, berriro ere, Mendigurenen datu biografikoekin.
Eleberrian apurka-apurka nagusitzen den ume batek udalekuetan igarotzen dituen hiru uda ageri dira. Bada, kronologia hori hautatu izana ez da badaezpadakoa: udak igaro ahala, protagonistaren garapena erakusten digu idazleak: 1976an bihurrikeriatan zebiltzan umeak begirale dira 1980an, eta bihurrikeriatan dabiltzan umeen atzetik ibili behar dute.
Garaia ere ez da nolanahikoa: 1970ko hamarkadako azken urteak, trantsizio politikoa Espainia eta Hego Euskal Herrian, eta horrek, egilea azalean geratu bazen ere, badu islarik eleberrian.
Protagonistaren garapena dela eta, udalekuetatik etxera igortzen dituen gutunen bidez ere azaldu nahi izan zuen Mendigurenek: lehenengo gutunak etxeko euskaran daude idatzita; alabaina, denborak aurrera egiten duen heinean, protagonistaren heltze-prozesuaren erakusgarri, etxeko hizkera horretatik aldendu eta euskara baturantz lerratzen dira bere idatziak.
Uda betiko balitz argitaratu eta urtebetera kaleratu zen Nerabearen biluzia (Elkar, 1999), non egileak eduki autobiografikoa erabat indartu baitzuen. Aurreko lanetan fikzioak zuen edo izan zezakeen pisua arinduta, Mendiguren 14-18 (1978-1982) urte zituen garaira itzuli zen, esan bezala, autobiografiari indar nabarmen handiagoa, erabatekoa, emanda. Garai jada urrun hartan egileak nahiz bere inguruko gazteek zeukaten mundu-ikuskerak, kezkek (maitasuna, erlijioa, literatura, eta abarri lotutakoak) eta aurkikuntzek hezur-mamitzen dute liburua.
Jada XXI. mendean, autobiografiaren eremuko beste bi lan interesgarri kaleratu zituen: Errekarteko koadernoa (Elkar, 2001) eta Arbelaren gainean (Elkar, 2004). Autobiografia, eleberria eta nobelaren arteko lanak dira, ezinezko zaigu hiru eremu horietariko bakar batean kokatzea. Alabaina, liburu horiek zenbait aldaketa ere ekarri zuten aurreko kutsu autobiografikodun liburuekiko.
Errekarteko koadernoan haurtzarora jo zuen Mendigurenek, baina ez bere haurtzaroa kontatzeko, aurretik egin bezala, ez bada bere aitona (aitaren sendikoa) eta haren bizileku Errekarte Haundia baserria gogoratzeko. Bada, oroitzapenak hainbat gairi buruzko gogoeta pertsonalak, ideia orokorrak nahiz testuak harilkatzeko baliatu zituen egileak: aitona ia ezezaguna “aitzakia” da ia egileak aiton hark ezagututako munduari, sustraiei nahiz nortasuna bezalako gaiei buruzko hausnarketa egin dezan. Halaber, liburuaren beraren idazketa-prozesuaren gorabeherak eta argi-ilunak azaleratu egiten dira orrialdeak igaro ahala.
Arbelaren gainean eleberrian ere bide horri eutsi zion Mendigurenek, amaren familiaren iraganean barneratu baitzen. Gaitza da, zinez, eleberriko gai edo hari nagusia zein den esatea, egileak etengabe harilkatzen baititu gai, istorio, hausnarketa eta iruzkin berriak. Itsasondokoa zen beasaindarraren ama, eta Itsasondo da liburuan barrena ageri diren pertsonaia esanguratsuen (Eustakio Mendizabal “Txikia”, “Lotsati” poeta, Kruz-Lete, Ibai-Ertz, etab.) topagunea. Eleberriaren izenburua ere Gipuzkoako herri horri dago lotuta; izan ere, arbel-harrobiak zeuden bertan. Aipatzekoa da, bestalde, zenbat literatur testu ageri diren liburuan, egileak esaten dituenen erakusgarri nahiz abiapuntu legez. Aurreko liburuarekin gertatu bezala, ezinezkoa da obra hau literatur genero bakar baten mugetan sartzea (autobiografia? eleberria? saiakera?), eta horrek interesgarri bihurtzen du, genero-hibridazioak ematen dituen aukerak aztertze eta garatze aldera.
Elvis hil zen urtean (Elkar, 2007) izan zen Mendigurenek kaleratutako hurrengo nobela, eta oroitzapenak baliatu zituen horretan ere: 1977ra itzuli zen beasaindarra, urte hartako udara, zehazki, 15 urteko Jose Inazio Etxezarreta gaztearen bizipenak kontatzeko. Kontakizunean lehenengo pertsona erabiltzeak, nolabaiteko egia-antzekotasuna ematen dio istorioan. Etxezarreta gaztea, ordea, adiskidetasunari buruzko nobela idazteko bidea baino ez da, hori delako, izan, eleberriaren ardatza: horren gaineko aipuarekin hasi eta horren gaineko gogoetarekin amaitzen da, nolabaiteko biribiltasuna emanda.
Aurreko nobeletan erabilitako gaiak alde batera utzita, gazteentzako 1.002. gaua (Pamiela) eleberri laburra kaleratu zuen beasaindarrak 2010ean. Historian atzera egiten du egileak bertan, XVI. mendera, Chiara Veneziako dogoaren alabaren abenturak kontatzeko, ezer izatekoan, honakoa abentura-nobela baita. Gurasoek antolatutako ezkontzako ezkongaiak dira Chiara bera eta Dalmaziako printzearen seme Simeon. Bada, ezkondu ostean Chiarak senarra uste ez bezalakoa dela ikusten hasten da, eta ihes egiten du. Alabaina, piratek bahitu eta Afrika aldera daramate.
Orain artean Xabier Mendigurenek argitaratutako azken eleberria Sakoneta (Elkar, 2011) da. Argitalpen-prozesua dela eta, aipatzekoa da lehendabizi interneten kaleratu zela, Sustatu.com-en. Argitalpena egunean-egunean egin zen, eta irakurleen eta egilearen arteko hartu-emana ahalbidetu zuen argitalpen-formatuak, atal bakoitzaren amaieran iruzkinak egiteko aukera baitzegoen. Bada, bertako artikuluak batuta kaleratu berri du Mendigurenek paperezko bertsioa.
Eleberria baserri batean hasten da, Abiadura Handiko Trena (AHT) egiteko eraitsi beharko den baserrian. Bizilekua, ordea, ez dago hutsik, “Marmitte” bizi baita hor; esan nahi baita, Mendigurenen Berriro igo nauzu eleberriko protagonista, espetxean hamazortzi urte igaro ostean etxera itzulitako etakide ohia. Eta “Marmitte”, noski, ez dago baserria uzteko prest. Egun puri-purian dagoen gaia baliatu du beasaindarrak, bada, berez hogeita lau orduko kontakizuna biltzen duen liburu honetan.
XXI. mendeko joerekin bat eginda, zenbait urtez interneten ia egunero plazaratu zituen artikuluak idazle-editoreak, blogen bidez. Alabaina, euskarri digitalaz gaindi, bere blogean argitaratutako artikuluekin bi artikulu-bilduma atondu zituen: Egunen harian (Elea, 2005) eta Paperjalearen dieta (Elea, 2006).
Koldo Izagirrerekin batera Euskal Literaturaren Antologia (Elkar, 1998) ikasleentzako liburua prestatu zuen, bestalde.
Amaitze aldera, esan dezagun Xabier Mendiguren Elizegik estilo arina eta sinplea baliatu izan duela bere obretan (sinpletasuna, baina ez sinplekeria). Euskara aberatsaren jabe da, erregistroak arazorik gabe darabiltza eta zeharo ondo kudeatzen du hizkuntza ustiatzeko daukan ahalmena: irakurketa inongo oztoporik egin gabe burutzen du irakurleak, eta elkarrizketei bizitasuna darie aldioro. Estilo horri esker, hain zuzen, edozeinek irakurtzeko moduko liburuak dira beasaindarrarenak, eta arintasun eta irakurterraztasun horrek bere lanen alde egin du gehienetan.
BIBLIOGRAFIA
ANTZA, Mikel (1986): “Sei ipuin amodiozko“. Susa-11.
AYERBE, Mikel (2010): “Vikingoen sorterrira. Gutxirekin asko edo askorekin gutxi”. Berria. 2010-03-21.
ESTANKONA, Igor (2003): “Telesforo ez da Bogart. Zorakeria ederra”. Deia. 2003-07-01.
KORTAZAR, Jon (2002): “Errautsen distira“. El PaĆs. 2002-07-29.
___, (2003): Euskal literatura XX. mendean. Prames. Zaragoza.
MENDIGUREN ELIZEGI, Xabier (1988): “Publikoari gorroto. Errealista eta orekatua (batzutan)”. Argia. 1988-02-21.
___, (1998): Gure barrioa 1975. Elkar. Donostia.
___, (2002): 16 ipuin amodiozko. Susa. Zarautz.
___, (2002): Errautsen distira. Elkar. Donostia.
OLAZIREGI, Mari Jose (2002): Euskal eleberriaren historia. Labayru Ikastegia & Amorebieta-Etxanoko Udala. Bilbo.
ROJO, Javier (1997): “Berriro igo nauzu. Etxeratzean”. El Correo. 1997-12-31.
___, (2008): “Vikingoen sorterrira. Bestearen begirada”. El Correo. 2010-05-29.
Sakoneta nobela Sustatu.com-en: http://zubitegia.armiarma.com/?i=99 [Azken kontsulta: 2011-04-19].
« MENDIBURU, SEBASTIAN | MIKOLETA, RAFAEL » |