Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

PELLO LIZARRALDE

(1956-)
Fco. Javier Rojo Cobos

Pello Lizarralde zarata handirik egin gabe bihurtzen ari da erreferentzia puntu garrantzitsua euskal literaturan. Polemiketan eta hika-miketan sartu gabe, idazketa sendo baten jabe egin da, argitaratzen dituen liburu guztietan frogatzen duen bezala. 80ko hamarkadaren hasieratik bost urtean behin gutxi gora-behera, euskal literaturan plazaratzen da idazlan berri batekin.

Pello Lizarraldek narratzaile moduan lortu du irakurleen onerizpena, baina bere literatur ibilbidearen hasieran poema liburu bat aurkitzen dugu. Hauxe da idazleak argitara eman dituen liburu guztien zerrenda, generoka banatua:

Poesia:

  • Hilargiaren hotzikarak (1978)

Narrazioak:

  • Sargori (1994)
  • Un ange passe –isilaldietan– (1998)

Eleberria:

  • E pericoloso sporgersi. Zuri beltzean (1984)
  • Hatza mapa gainean (1988)
  • Larrepetit (2002)
  • Iragaitzaz –ilunbistan– (2008)
  • Orbanak (2012)

Nobelak nabarmentzen dira bere produkzioan eta nobela hauen artean bi azpimarratu behar balira horiek Larrepetit eta Orbanak izango lirateke, hauetan era ikusgarri batean agertzen baitira bere literatura definitzen duten ezaugarriak.

Alde batetik, arreta erakartzen duen lehenengo osagaia idazkera bera da. Idazle honek beti lortzen du hitz egokia aurkitzea, zehaztasuna baita bere araua. Batzuetan bere idazkera zaila suerta daiteke baina zailtasun honen arrazoia irakurleak halako literaturan ohituta ez egotean aurkitu behar da gehiago, idazkeraren berezko zailtasun batean baino.

Pertsonaien izaera berezia idazle honen literaturaren bigarren ezaugarria da. Pello Lizarralderen narrazioetan pertsonaiak mugan aurkitzen dira, eta iheslari moduan aurkezten zaizkio irakurleari. Jokatzen dute orainaldi absolutu batean arituko balira bezala, lehenaldirik eta geroaldirik gabe, eta beraien artean dauden enkontruak kasualitatezkoak izaten dira gehienetan. Jokaeraren aldetik mugan dauden pertsonaiak dira, baina geografiaren aldetik ere pertsonaia hauek muga bat zeharkatzea dute helburu, muga fisiko horren beste aldera pasatzerakoan haien ihesaldia burutu ahalko balute bezala. Dena dela, ihesaldia ezinezkoa suertatzen zaie gehienetan.

Lizarralderen narrazioetan pertsonaiek (askotan izengabekoak dira) oso gutxitan hitz egiten diote elkarri, beraien arteko komunikazioa ezinezkoa izango balitz bezala. Hitzen ordez, keinuak erabiltzen dira. Eta narratzaileak batez ere pertsonaia hauek sentitzen dutena kontatzen du, bestelako komentariorik edo interpretaziorik egin gabe, irakurlea bera sentsazio horietan inplikatuta.

Ezaugarri hauek dituzte orokorrean Lizarralderen idazlanek eta halaxe ikusten da nabarmen gorago aipatutako bi nobela horietan, Larrepetit eta Orbanak.

Lehenengoari dagokionez, nobela horretan bi iheslari eta hauei laguntzen dien pertsonaia dira protagonistak. Paisaiak eta eguraldiak zedarritzen duten inguru batean iheslariek muga zeharkatzea dute helburu eta hara hurbiltzen dira, bidez bide. Lehenaldirik eta geroaldirik gabe, pertsonaia hauek ihesa markatzen duten gertaeren orainaldian harrapatuta daude, zergatik ihes egiten duten oso argi azaltzen ez delarik, ihesa bera baita garrantzitsuena. Idazleak orainaldi horretan gertatzen direnak, ikusten direnak, sentitzen direnak zehaztasun eta xehetasun osoz azaltzen ditu, interpretazioei edota sentimenduei leku handirik uzten ez dien begirada baten azpian.

Orbanak izenburuko liburua da idazle honek orain arte argitara eman duen azkena eta bertan erarik perfektuenean azaltzen dira bere literaturaren ezaugarriak. Aurreko liburuetan ohikoak ziren osagaiak, idazlearen literatur mundu pertsonala osatzen dutenak, hemen ere aurki daitezke, momentu batzuetan nobelagintza beltza gogora ekartzen duen argumentu baten eskutik. Basoan agertu den emakume baten gorpua; ihesean dabilela dirudien gizon orbanduna; udaletxean denetariko lanak egitera ohituta dagoen aguazila; eta naturaleza, gertakarien markoa izateaz gain, pertsonaia baten indarrarekin bere presentzia nonahi inposatzen duena: osagai hauekin idazleak narrazioa aurrera eramatea lortu du. Kontaera bi maila desberdinetan ematen da. Alde batetik, ihesean dabilen orbandunarengan zentratuta dauden atalak agertzen dira, non naturalezaren presentziak era itogarrian dena estutzen duen. Lizarralderen literaturan ohikoa den bezala, atal hauetan kontaera objektiboa nabarmentzen da eta zentzumenek izugarrizko garrantzian hartzen dute. Sentimenduak, ordea, alde batera uzten dira. Hirugarren pertsonan kontatutako atal hauen ondoan, aguazilaren narrazioa agertzen da, lehenengo pertsonan, subjektiboa. Eta atalok liburuan tartekatzen dira, bi narrazio maila horiek txirikordatuz. Iheslaria eta aguazila naturalezak menperatzen duen mundu basa batean elkarrengandik gero eta hurbilago daudelarik, ehizi eta ehiztari bihurtuko dira. Intriga dago nobelan, baina jakin-mina pizten duen intriga hori idazlearen mundu pertsonala erakusten duen nobela-diskurtsoa egiteko abiapuntua da, eta azkenean irakurlearen esku geldituko da intriga horri amaiera ematea, hala egin nahi badu behintzat, narrazioaren idazketa bera baita Lizarralderen literaturan benetan garrantzia duena.

BIBLIOGRAFIA

ALDEKOA, Iñaki (2004): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia.

ROJO, Javier (2002a): “Narrativa vasca actual: canon y diversidad”. Cuadernos de Alzate. 26. zenb. 95-108. orr.

ROJO, Javier (2002b): “La narración de las sensaciones: en torno a Larrepetit, de Pello Lizarralde”. Cuadernos de Alzate. 27. zenb. 263-267. orr.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus