Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

AGUSTIN ANABITARTE

(1891-1981)
Fco. Javier Rojo Cobos

Agustin Anabitarte (1891-1981) Donostia hiriari lotutako idazlea da, bere bizitza eta literatura hiri horrekin erlazionatuta agertzen baitira beti.

Lehenengo ikasketak eta merkataritza-ikasketak burutu ondoren Gipuzkoako Aurrezki Kutxan lan egiten hasi zen. Hiru zaletasun agertzen dira bere bizitzan (Egia 2006), itsasoa, idazketa eta bidaiak, eta hiru zaletasun horiek nolabait batuta agertzen dira bere literatur ibilbidean.

Mota askotariko idazlanak argitaratu zituen, nobelak, bidaia liburuak, eta bestelako idazki batzuk ere, euskaraz eta noizean behin ere gazteleraz. 1986.ean idazle honen euskal idazlan garrantzitsuenak liburu batean bilduta agertu ziren, Agustin Anabitarteren idaz lanak izenburuarekin eta Juan San Martinen hitzaurrea zuelarik. Edonola ere, liburu horretan agertzen diren idazlanak ez dira bere lan guztiak. Euskaraz liburu formatuan agertutakoak biltzen dira liburu honetan eta hauei gaineratu zaie kirolen inguruan plazaratu artikulu segida bat. Horiek alde batera utzita, hainbat euskal artikulu (Euskal-Esnalea aldizkarian adibidez) eta gaztelerazko libururen bat ere (itsasketari buruzko eskuliburua) ere plazaratu zituen Anabitartek.

Edonola ere, Agustin Anabitarteren idaz lanak izenburuko bilduman idazleak literaturaren alorrean plazaratutako idazlan garrantzitsuak azaltzen zaizkigu:

  • Usauri (1931, liburu moduan): Itsas giroko nobela da, kostaldeko herri baten bizimoduaren berri ematen duena, garbizalekeriaren eraginetik urrun dagoen idazkera herrikoi batean idatzita.
  • Donostia (1932): Izenburuak adierazten duen moduan, Gipuzkoako hiriburua du ardatz liburu honek eta bertako bizimoduaren berri eskaini nahi du, hango ohiturak-eta erakutsiz.
  • Poli (1958): Gerra Zibilak, beste idazle askori bezala, etenaldi bat suposatu zuen idazle honen ibilbidean. Gerra amaitu eta hogei urtera argitaratu zuen nobela hau, Donostiako kaian bizi den umezurtz baten bizitza kontatzen duena.
  • Aprika-ko basamortuan (1961): Afrikako iparraldean zehar egindako bidaia baten kronika eskaintzen du liburu honetan.

Hauek dira literaturaren alorrean eman dituen idazlanik garrantzitsuenak: ohiturazko literaturarekin erlazionatutako bi nobela, abenturetara lerratzen den istorio bat, haur bat protagonistatzat duena, eta bidaia baten kronika.

Hauez gainera, bestelako idazlan batzuk ere agertzen dira liburu horretan bilduta:

  • Nesk-mutileri dirua aurreratzen erakusteko (1923): Aurrezki kutxan zuen lanbidearekin erlazionatutako idazlantxo bat da.
  • Antziñako olinpiar jolasak (1925): Idazleak Olinpiar Jokoei buruz emandako hitzaldietan oinarrituta gaia irakurleen artean zabaldu nahi zuen dibulgazioko liburu bat.
  • Kirolak: Izenburu honen azpian biltzen dira idazleak igeriketaren inguruan argitaratu zituen zenbait artikulu.

Literaturari dagokionez, modernoa eta hiritarra izan nahi duen idazle baten presentzia nabaritzen da bere idazlanetan. Ohiturazko nobelagintzaren oinarrietan finkatu bazen ere, beraiek nolabait gainditzen saiatu zen idazlea. Kostaldeko herri txikia edota baserria, ohiturazko literaturan ohikoak ziren inguru idilikoak, agertu beharrean, hiria da kontakizunaren esparru naturala, eta errealitate tipikoa erakusten duen arren, problematizazioaren aztarnak agertzen dira bere idazlanetan.

Literatura egiteko modua, bestaldetik, Pío Barojak egiten zuenarekin konparatu izan da (San Martin 1986), baina Barojaren presentzia baztertu ez arren, batez ere bere azken nobelan bestelako eraginak ikusi izan dira: Gerrak suposatu zuen isilaldiaren ondoren argitaratutako nobelan (Poli izenburukoan alegia), alderdi dickenstarra ikusi izan da (Egia 2006). Ohiturazko osagaiari (Donostiako kaian egiten den bizimodua) umezurtzaren presentzia gaineratzea (honek inplikatzen duenarekin, errealitate gordin baten agerpena alegia) eragin horren argitan azal liteke.

BIBLIOGRAFIA

ALDEKOA, Iñaki (2004): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia. 124-125. orr.

ANABITARTE, Agustin (1986): Agustin Anabitarteren idaz lanak. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa. Donostia.

EGIA, Gotzon (2006): Bidegileak. Agustin Anabitarte (1891-1981). Eusko Jaurlaritza. Gasteiz.

KORTAZAR, Jon (1990): Literatura vasca. Siglo XX. Etor. Donostia. 95-97. orr.

OLAZIREGI, Mari Jose (2002): Euskal eleberriaren historia. Labayru Ikastegia, Amorebieta-Etxanoko Udala. Bilbo. 60-61. orr.

SAN MARTIN, Juan (1986): “Hitzaurrea”. In Anabitarte 1986: 9-11.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus