Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

LEKUONA, JUAN MARI

(Oiartzun, 1927-Donostia 2005)
Jon Kortazar

Juan Mari Lekuona (1927-2005) Oiartzunen jaio zen 1927ko azaroaren 11n. Kaleko semea bazen ere, baserrikoak zituen gurasoak, herri kultura handi baten jabeak. Lau neba-arreba izan zituen Juan Mari Lekuonak: Primi (1924), Jose Luis (1925), Andoni (1932), eta Julen (1938) (Perez, Toledo, Zulaika 2005, 1).

Adar biko heziketa izan zuen Juan Mari Lekuona gazteak. Batetik monjeen eskolan gaztelera ikasi zuen, baina, bestetik, amonaren eraginez, bertsolaritzara zaletu zen; gerra garaian amonaren baserrian bizi izan omen zen familia osoa, eta hark bertsoak kantatzen eta irakurtzen zizkien haurrei. Gainera, osaba bi zituzten apaiz. On Manuel, Lekuona zaharra, eta On Martin. Martinek latina irakatsi zien neba-arreba nagusiei. Ondoren, On Manuelen itzala hasi zen, bera izango zen nagusi gainera, Juan Mari Lekuonaren bizitza intelektualean (Goikoetxea 2006, 14-15).

Jakina denez, gerra piztu zen garaian, tragedia heldu zitzaien lekuonatarrei. Juan Mari Lekuonaren osaba Julian lotu eta desagerrarazi egin zuten. On Martin ere 1936ko urriaren 8an fusilatu zuten Hernanin. On Manuelek, Frantziara ihes egiteko asmoarekin zela, Lasarten moja brijidatarren komentuan eman zituen bost urte ezkutaturik.

Apaiz bizitza

1941-1942an amaitu ditu ikasketak Juan Mari Lekuonak eta 1943an Gasteizen hasi zituen apaizgorako ikasketak. Handik gutxira hasi zen poemak idazten eta argitaratzen: “Or zaude Jesus aldarean” (Egan, 1950) bai eta lehiaketetan parte hartzen ere. “Educación y descanso” Falangearen menpeko erakundeak poesia lehiaketak eratu zituen, eta bitan gertatu zen saridun Juan Mari: 1950ean eta 1951n urteetan, “Izadi abestia” eta “Ama” poemen bidez. Geroago, bere poesiaren berri ematen duenean, Juan Mari Lekuonak “Zazpi poema” deiturapean bilduko ditu poemok.

Lehen urte horien oroitzapena Xabier Letek jaso du orain gutxi (Lete 2008, 18), eta etxe hartan bizi zen giro txeratsua azpimarratu du bere artikuluan: “Bai, Lekuonatarren etxean sosegu handia zegoen, eta diskrezio berdina. Eta ez zen izango haserretuta eta liskartuta bizitzeko motiborik ez zutelako.Lekuonatarren bi osaba izan ziren afusilatuak”.

1953ko ekainaren 29an apaiztu zen Juan Mari Lekuona eta handik Erromara joan zen Teologia izpirituala ikastera. Hiru ikasturtetan lortu zuen Teologian lizentzia. Portugaleko fraide baten pentsakizuna hartu zuen tesigai moduan. Hori zela eta, Coimbrara jo zuen tesirako dokumentuen bila (1955-56). Erroman eta Coimbran, bietan idatzi zituen poemak eta Eganen argitara eman. Muga beroak liburuan bilduko zituen Triptikoen ideia, adibidez, Erroman Vatikanoko Museoa ikusten ari zela etorri zitzaion. Tesiaren fruitu da Ideario Ascético-Pastoral de Fray Bartolomé de los Mártires, O.P. (1514-1590) liburua.

Juan Mari Lekuonak ibilbide luzea egin zuen pastoralgintzan. 1956-1959 urteen artean Añorgako parrokian izango zen, eta bertan idatzi zuen Mi diario en Añorga (argitaragabea). Pastoralgintzak bultzaturik, garaiko hainbat kantu euskaratu zituen, bertsoak idatzi, parrokiarako kantuak egokitu… 1959-1960 tartean, Erroman izan zen berriz. Handik itzulitakoan, Saturrarango Seminarioan eman zituen hiru urte (1960-63). Euskaltzain urgazle eta Donostiako Seminario nagusiko irakasle izendatu zuten 1963an. Berriro itzuli zen Erromara, baina, tesiko azken lanak bukatzera.

Anjel Lertxundik (2008, 66) ekarri zuen lumara urte haietan Juan Mari lekuonak bizi izandako giroa: latza batzuetan, Saturraranen, adibidez, oso gaizki pasatu omen zuen Lekuonak; goxoa besteetan, Donostian bizi izandako giroa, kasurako: “Lekuonak –inoiz berak ere aipatu duen kontua da– desterruan sentitzen zuen bere burua Saturraranen […] desterrutzat zeukala hamaika hamabi urteko mutilekin jardutea ere. Hura ez zen bere egitekoa, ez zegoen bere tokian”

Unibertsitateko Irakaslea

1978tik 1997ra Deustuko Unibertsitateak Donostian zuen Euskal Filologiako karreran euskal literatura irakaslea izan zen Juan Mari Lekuona. Ordukoa da Ahozko euskal literatura (1982), literatura tradizionala ezagutzeko oinarrizko liburua.

1987an izendatu zuten Euskaltzain oso, eta sarrera hitzaldia Oiartzunen egin zuen, 1988ko uztailaren 30ean. Erakundearen barnean “Herri literatura” batzordeko bultzatzailea izan zen baita “Literatura ikerketa” batzordeko eragile eta buru ere. 1989an EIZIEko –Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien Elkarteko– lehendakari izendatu zuten, eta 2002an erakundeko ohorezko bazkide. Gorka Aulestiari (2008) esker ditugu garai haietako berri zehatzak.

Juan Mari Lekuonaren poesia hiru adar nagusiren inguruan biltzen da, adar horien bidez, definitu dezakegu poesiaren izaera nagusia.

Lekuonak poesia sinbolista, idealista, egina da, non XIX. mendean zabaldu zen poesia sinbolistaren ildotik, mundua eta errealitatea bitan bananduta ikusten baititu: badago hemengo mundua, begiz ikusten duguna, agerian dena, eta bada beste mundua bat ere, ikusten ez dena, ezkutukoa, ideala… poetaren zeregina beste mundu hori adieraztea litzateke. Mundu ideal horren iturburuak dira izadia –Juan Mari Lekuonaren poesian izadiak ikaragarrizko garrantzia izango du–, artea, –poesiaren eta beste arteen arteko elkarrizketa garrantzi handikoa da bere poesian–, eta Jainkoaren eta izpiritualtasunaren irudia.

Bestalde, Juan Mari Lekuonak ibilbide jarraitu bat eman nahi zion bere poesiari; ez zuen alperrik deitu Ibilbidea bere poesia osoa biltzen zuen liburua. Jarraibidearen lehen zantzua formala da; poemak ez dira bakanak bere testuetan, osotasunaren ideia poliedrikoa balira bezala, multzoka eta taldeka ematen baititu poemak Juan Mari Lekuonak. Lehen liburua alde batera utzita, jada bigarrenean, Mindura gaur deiturikoan, triptikoak osatzen ditu. Muga beroak liburuan harekin batera agertu zen Hondarrean idatzia poema bilduman lau poemaz osaturiko batasunak agertu zituen. Bost poemako osotasunak eman zituen hirugarrenean Ilargiaren eskolan deiturikoan, eta seikoak bildu zituen Mimodramak eta ikonoak liburu ezagunean. Heriotzak bukatzen utzi ez zion Ibaiak basamortuan liburuan zazpiko multzoak eratzen ari zen. Lekuona kronologikoki ere adierazita dago jarraibide eta ibilbide hori, eta hamarkadaka osaturik daude bere poema liburuak: Mindura gaur 1960ko hamarkadako existentzialismo eta gizarte arazoak sorturiko zantzuei egindako erantzuna da; Hondarrean idatziak liburuan beste aurrerapen estetiko bat egin nahi du eta 1970eko hamarkadako zantzuei erantzun. Ilargiaren eskolan liburuak garaiko joera estetikoekin egin nahi du lotura: estetizismoan 1990. hamarkadarako idatzitakoa da Mimodramak eta ikonoak. Agian mende berriko kezken erantzuna zen, neurri batean, Ibaiak basamortuan.

Jarraibide poetikoak, baina, ez du albo batera uzten Juan Mari Lekuonak buruan zuen proiektu nagusia: bere poesiak erantzuna eman nahi zien gizartearen kezkei, barne diseinuaren joera ere bazelarik. Kristautasunari buruzko hausnarketa dago Lekuonaren poesian, gero eta pertsonalagoa dena erlijioaren gaian. Existentzialismotik hasi bazen, eta materia eta izpirituaren tenkatik igaro eta estetika nagusia besarkatu bazuen, Mimodramak eta ikonoak liburuak Euskal Herriko esperientzia erlijiosoa laburtu nahi zuen, eta mistizismora, Jainkoaren ideia sotildura, heldu zen poeta Ibaiak basamortuan liburuan. Neurri batean, isiltasunera, Jainkoaren ideiara hurbilduz joan zen ibilbidea da Juan Mari Lekuonarena: gizartearen bidez, izadiaren bidez, artearen bidez, historiaren bidez, helburu bat zuen bukaeran jarraibide poetikoak: desertuaren esperientzia, Jainkoaren misterioari buruzko hausnarketa.

Muga beroak (1973) liburuak Juan Mari Lekuonak ordura arte idatzitakoaren bilduma dugu. Bertan hiru aro, eta hiru saiakera poetiko desberdin biltzen dira.

Juan Mari Lekuonaren lehen aldiko poemak ez dute osatu proiektu poetiko hertsi bat. Horregatik, bilduma gisa ematen dira “Eusko Olerkarien” eraginpean idatzitako “Ubel”, “Aixe errota” edo “Zergatik aitona?” deituriko poemak. Erromantizismoan eta sinbolismoari asko zor diote testuok. Baina poema solteak dira, kutsu estetiko berekoak, poema liburuaren osotasuna lortzen ez dutenak. Hona hemen poetak nola ikusten zuen bere burua poeta gisa garai hartan. “Erroman ikasitakoak dira gaur “Nuevo mester de clerecía” antologian aipatzen diren zenbait izen. Haiekin genbiltzen Erroman: Cobodevilla, Descalzo…” (Otaegi 2008, 146).

1966an, Donostiako Seminariora itzulia zela, hasi zen bere poesia liburu gisa argitaratzen. Mindura gaur liburua aurkeztu zuen Agora Sarira, eta aipamen berezia lortu. Seminarioan bertan argitaratu zen ziklostilean.

Mindura gaur liburua existentzialismoaren bidean kokatu zuen Lekuonak. Gabriel Arestiren poesiaren ildotik gizartean eta bere sufrikarioan jarri zituen begiak poetak, eta eguneroko esperientzia baliaturik idatzi zuen liburua. Olerkarien joerarekin apurtuta egiten eta herri literaturaren espresio mundura hurbildu zen poeta. Añorgako parrokian bizi izandako esperientziarekin egiten du bat liburuak eta horrela lotu zuen Lekuonak kristau existentzialismoa eta gizarte arazoa liburuan. Elizaren ikuspegitik, mundu laikoa ulertzeko ahalegin berezia da liburua. Hiru arlo nagusi azpimarratu zituen poetak: Poesia engaiatua, existentzialismoaren espresio moldeetan, eta lotura min dutenekin.

Surrealismoaren eraginez sortu zen Mindura gaur liburuak duen hirugarren poema bilduma, autoreak Hondarrean idatzia deitu zuena. Izadiaren ikuspegi metafisikoa eskaini nahi izan zuela dirudi: “Eta hemen gauza sakonago bat bilatu nahi da, transfisika baten ispilatze estetikoa, pakea sortuz eta ulerkuntza sakona, existenztia baina harantzago doan ikuspegia eskainiz” (Otaegi 2008, 153).

Poema luzeak idatzi zituen ordukoan Juan Mari Lekuonak, bide propioari hasiera emanez, idazkera poetikoa landu eta hornituz, beti ere mundu sinboliko pertsonalaren bidez. Materiaren eta izpirituaren tenka da izadiaren irakurketa den ahalegin hori. Hausnarketaren munduan sakontze prozesua gertatu zen bidean eta kontenplazioa eta esperientzia poetikoa lotuz joan zen poeta.

Seminarioko egotaldia 1966tik 1978ra arte luzatu zen. Orduan hasi zen euskal kultura munduan sona hartzen. Liturgia euskaratu zuen Lekuonak, bertsolaritza mundua ezagutzen eta bultzatzen, ahaleginak egin, poesian sakondu zuen… (Muga beroak, 1973).

Ilargiaren eskolan da Lekuonaren hirugarren poema liburua, 1979an argitaratua. Liburuaren barnean atal oso desberdinak daude. Lehen atala “Oihu ilunak espiralean” deitzen da, bigarrena “Liburuen karroxa”. Poema bildumari ari garenean, batez ere lehen zatiari gagozkio, horixe delako hain zuzen ere, Lekuonaren poetikari erantzun dion atala, hortaz, autorearen ibilbidearen barnean kokatu dena. Bigarrenak, aldiz, ez du tokirik izaten deskribapenetan, Juan Mari Lekuonaren txantxa gisa idatzitako atala delako: “karroxak” dira, euskal literaturaren edizioa eta plazaratzea aldatzen ari zen unean, euskal kultura eta literatura militante batetik eginak, ezen normalizazio –eta kontsumo– prozeduretara aldatzeko unean zenean euskal mundua, argitalpen munduan oso egoera bereziak gertatu ziren, batez ere liburu argitalpen dotoreak zabaldu zirelako. Giro baten kritika da “Liburuen karroxa” hori, subentzionaturiko kultura bati eginiko txantxa mingotsa.

“Oihu ilunak espiralean”, ostera, Juan Mari Lekuonaren poesiaren aurrerapausu galanta da. Gorputzaren esanahiekin eraturiko elkarrizketa da liburua. Ezaguna denez, Bergman-en Gritos y susurros filmean oinarrituriko liburua da. Emakumeen munduan egindako barne ikuspegia da filma, eta haren sekuentzietan oinarrituz, gorputzaren irakurketa poetikoa eskaintzen du lehen mailan Lekuonak. Baina bere poema liburuetan gertatzen den bezala ezin utzi alde batera hausnarketa eta zeinu sinbolo bihurtzeko joera. Txillida eta Gandiaga ditu bidelagun emakumeen gorputzetan egindako esplorazio estetiko horretan.

Espiralaren keinuan tenkatuz, Juan Mari Lekuonak zehaztasunetik sinbolora egiten du bidaia, deskribapenetik abstrakziora, gai beraren ikuspegi desberdinak eman ditu liburuan:

“Gaiak hiru emanaldi ditu: 1.– filmaren inguru, lau pertsonaiak poetika figuratiboagoz azalduz; 2.– sinboloaren inguru, pertsonaiak ezkutatuz eta sinboloaren esanahia beste irudi poetikoak sintetizatuz ematen delarik; eta 3.– gauzaren inguru, bostetatik lau herri literaturaren teknikaz baliaturik ematen direla, bere estilizaziora jotzen delarik” (Otaegi 2008, 158).

1990ean Mimodramak eta ikonoak poema liburua argitaratu zuen Lekuonak eta Euskadi saria merezimendu handiz jaso.

Euskal kultura egindako bidaia irudikatu nahi du poetak liburu aberats horretan zehar, Euskal Herriko sentipen erlijiosotik egindako bidaia da, arpeetatik hasi eta Joxe Miguel Barandiarenek emandako gaur eguneko ikuspegiraino. Juan Mari Lekuonak historia du liburuan hausnartzeko gai. Hala ere, inon baino lotuago agertu du poesian berrikuntza estetikoa eta gaiaren adierazpena. San Buenaventuraren aingeruaren 12 hegoak inspirazio iturritzat hartuta, sei hegoko poema liburua osatu zuen. Gaueko irudi munduak agintzen du liburuaren lehen atalean; bigarrenean, ordea, eguneko sinbologiak. Soneto hautsien gisa, poema bakoitza gaiaren definizio sorta da, eta definizio bakoitzaren barnean, Lekuonak gaiaren metafora berritzailea agertzen du. Arte munduarekin oso loturik, testua inguru guztietara begira dagoen hiztegi poetikoa da Lekuonarena, hausnarketaren sakontasunaren sakontasunean mundu ikuskera erlijiosoa azaltzen duelarik.

Heriotzaren ondoren –2005eko abenduaren 5ean hil zen– hasi dira argitaratzen lan argitaragabeak, hala nola, Ibaiak Basamortuan (2008) poema-liburu bukagabearen argitalpen faksimila.

Liburu horren abiaburua Juan Mari Lekuonak itzulitako Erdi Aroko mistiko holandarren lana dago. Haiengandik hartzen ditu egitura, gaia eta zenbait poemen izenburuak. Zazpi poemez osaturiko zazpi ataletan egituratu zuen poema liburua, baina lehendabiziko atala (ondoren bigarrena izango zela erabaki zuena) baino ez zuen idatzi. Poema liburua, azken batean, desertuko esperientziaz ari da, munduan dagoen baina Jainkoarengana heldu nahi duen izakiaren ibilbidea. Exodo baten adierazpena da, nolabait esateko. Juan Mari Lekuonaren libururik mistikoena eta erlijiosoena da, agian.

Aipatu beharrekoak dira, azkenik, Juan Mari Lekuonaren lanak biltzen dituzten liburu bi. Bata, Deustuko Unibertsitatearen ahaleginez argitaratuak, bere emankizun akademikora hurbilketa da: Ikaskuntzak Euskal Literaturaz (1974-1996). Bestea, Lekuonaren poema-liburuen bilketa: Ibilaldia / Itinerario (1950-1990), Euskal Herriko Unibertsitateak bultzaturiko argitalpena

BIBLIOGRAFIA

AULESTIA, Gorka (1993): “Juan Mari Lekuona: entre la poesía culta y la literatura popular”. Mundaiz. 45. 37-48.

AULESTIA, Gorka (2008): “Juan Mari Lekuona gogoan” in OTAEGI; Lourdes (koord): Juan Mari Lekuona hurbiletik (1927-2005). Oiartzungo Udala-Euskaltzaindia. Oiartzun. 35-59.

AYERBE, Enrike: “Naturaren eta paisaiaren poetika” in AYERBE, Enrike (koord.): Geografia sinbolikoa. Espazioen kultura. Etor-Ostoa. Lasarte-Oria. 1999. 112-125.

GOIKOETXEA, Arkaitz (2006): “Juan Mari Lekuona”. In ELKAR LANEAN: 2005. urte beltza. Bertsolari Liburuak. Donostia. 12-29.

ITURBIDE, Amaia (2002): Mimodramak eta ikonoak gidari, estetika barrena. Arabako Foru Aldundia. Gasteiz.

KORTAZAR, Jon (1989): “Juan Mari Lekuonaren olerkigintza bideak” in Laberintoaren oroimena. Gure garaiko olerkigintzaz. Baroja. Donostia. 171-201.

KORTAZAR, Jon; KORTAZAR, Paulo (2008): “Juan Mari Lekuonaren Ibaiak Basamortuan. Poesia liburu baten historia” in

LEKUONA, Juan Mari: Ibaiak Basamortuan. UPV-EHU Argitalpen Zerbitzua. Leioa. 9-51.

LEKUONA, Juan Mari (1996): Ibilaldia/ Itinerario (1950-1990). Argitalpen Zerbitzua. Euskal Herriko Unibertsitatea. Leioa.

LEKUONA, Juan Mari (2008): “Ene mundu estetikoaz” in OTAEGI; Lourdes (koord): Juan Mari Lekuona hurbiletik (1927-2005). Oiartzungo Udala-Euskaltzaindia. Oiartzun. 143-161.

LERTXUNDI; Anjel (2008): “Juan Mariren eskolan”. OTAEGI; Lourdes (koord): Juan Mari Lekuona hurbiletik (1927-2005). Oiartzungo Udala-Euskaltzaindia. Oiartzun. 63-76.

LETE; Xabier (2008): ” Juan Mari Lekuona, maisu eta lagun”. OTAEGI; Lourdes (koord): Juan Mari Lekuona hurbiletik (1927-2005). Oiartzungo Udala-Euskaltzaindia. Oiartzun. 17-33.

OTAEGI; Lourdes (koord) (2008): Juan Mari Lekuona hurbiletik (1927-2005). Oiartzungo Udala-Euskaltzaindia. Oiartzun.

PEREZ GAZTELU, Elixabete; TOLEDO LEZETA, Ana; ZULAIKA IJURKO, Esther (2005): Juan Mari Lekuona (1927). Bidegileak. Eusko Jaurlaritza. Gasteiz.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus