Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

LEIZARRAGA, JOANES

(Beskoitze, 1506?-????)
Eneko Zuloaga

Hainbat egile zaharrekin gertatu bezala, ezer gutxi dakigu Joanes Leizarragaren bizitzaz: bere jaiotza- eta heriotza-datak ez dira ziurrak, baina badirudi 1506an jaio zela Beskoitzen (Lapurdi). Bere sendiari buruzko daturik ere ez daukagu, eta protestante egin aurretik apaiz katolikoa izen bide zen, nahiz eta ez dakigun ez non, ez noiz apaiztu zen. Jakin badakigu, ordea, euskaraz argitaratu zuen lehenengo prosa-idazlea eta itzultzailea izan zela.

1559an Eliza Katolikoa utzi zuen kalbinistekin bat egiteko, eta espetxeratu egin zuten. Bada, garai hartan zabaltzen ari ziren Luteroren ideia eta aldarrikapenak, eta Joana Albretekoa Nafarroako erreginak, alemaniarraren ideiei jarraiki, katolizismoa ukatu eta protestante bihurtu zen. Erlijio-ideiak herriarengan hedatu eta sustraituko baziren, Euskal Herrian, bederen, euskara zen sasoi hartan erabili beharreko hizkuntza, hura zelako herritarren hizkuntza. 1563ko martxoan Pauen lehenengo sinodioa egin zuten kalbinistek, eta Joanes Leizarraga jakintsua gonbidatu zuten. Hain zuzen ere, orduan eman zioten Testamentu Berria eta zenbait otoitz kalbindar itzultzeko agindua.

Badirudi Leizarragak bizpahiru urtean burutu zituela itzulpenak; izan ere, 1565ean lau laguntzaile euskaldun izendatu zituen Olorongo biltzarrak Leizarragak egindako lana gainbegiratu eta zuzentzeko: Piarres Landetcheverry eta Sanz de Tartas zuberotarrak, Joannes Etcheverry lapurtarra eta Tardets izeneko bastidartua.

1566an Nayko sinodoan Leizarragak egindako lana goraipatu zuten, eta handik urtebetera Paueko sinodoak ministro izendatu eta Bastidara (Nafarroa Behera) bidali zuen. 1571an, beskoiztarraren lana argitaratu zen urtean, elkartu ziren Leizarraga bera eta Joana Albretekoa.

1573an Pabeko biltzarrak Bastidara bidali zuen, atzera ere, Leizarraga, eta handik urtebetera hiru ministroren semeak agindu zituen beskoiztarrarenera, euskara ikas zezaten. Ordutik aurrera oso eskasak dira Leizarragaren gaineko datuak: 1577 eta 1579ko protestanteen bileretan egon zela badakigu, baina ez 1594 eta 1596koetan, ziur aski, makalik zegoelako jada.

1582an Jacobo Augusto de Thou frantses politikari eta historialaria Leizarragarekin egon zen, eta azken horrek bere Testamentu Berriaren itzulpenaren ale bat oparitu zion. 1601ean ez dago lehenbiziko euskal itzultzaileari buruzko daturik, eta biltzarrak ondorengoa izendatu zuela badakigu; hortaz, 1600 inguruan hil zela esan genezake, hots, laurogeita hamabost bat urterekin.

Joanes Leizarragaren lan nagusiak hiru dira, eta hirurak 1571n Roxelan kaleratu ziren: Iesus Christ gure Iaunaren Testamentu Berria (itzulpen-lan nagusia), Kalendrera eta ABC, edo Christinoen Instructionea.

Lehenengoan, hots, Testamentu Berriaren itzulpenean, itzulpen nagusiaz gain badaude beste zenbait testu ere: alde batetik, obraren hasieran eta amaieran Leizarragak berak sortutakoak daude, hots: erreginari zuzendutako gutuna (“Gucizco Andre noble Ioanna Albrete Naffarroaco Reguina Bearnoco Andre guehiénic, denari…), “Heuscalduney” atala, hau da, obraren benetako hitzaurrea eta “Çuberoaco herrian usançatan ezdiraden hitz bakoitz batzu hango ançora itzuliac” izenekoa. Beste alde batetik, “kalbindar elizak agintzen zuenari segituz burutu ziren” (Salaberri, 2010a: 121) testuak daude, hau da, beste itzulpen-, moldapen- eta egokitzapen-lan txikiago batzuk, hala nola: “Testamentu Berrico hitz eta minçatzeco manera difficil bakoitz batzu bere declarationéquin”, “Batbederec iaquiteco, eta maiz iracurtzeco duen Advertimendua nola Iesus Christ den Iaincoaren Leguearen fina, eta gure salvatzeco moien bakoitza”, “Testamentu Çaharrac eta berriac iracasten draucuten guciaren sommarioa”, “Testamentu Berrico liburuën icenac”, “Testamentu Berrico materien erideiteco Taulá” nahiz “Testamentu Berrian diraden icen propri Hebraico eta Greco batzuen declarationea”.

Testamentu Nagusiaren itzulpena dela eta, zenbait ikertzaile jatorrizko lana zein izan daitekeen argitu nahian aritu dira. Luzaroan uste izan da beskoiztarrak Olivétan-en frantsesezko bertsioa, grezierazkoa eta Vulgata baliatu zituela; alabaina, azken urteotako ikerketek baztertu egin dute uste hori:

“Are gehiago (…) egun bidezkoago dirudi Leizarragaren eredu nagusia 1559ko urritik 1563ra bitartean frantsesez argitaratu Nouveau Testament izenekoren bat izan zela pentsatzeak, eta ez 1564koa, Lafonek proposatu zuen bezala (…) hala izan balitz, besteak beste, Leizarragak ez baitzukeen urte bat besterik izan berea burutzeko (…) Eta zalantzarik geratuko balitz, aski luke edonork Bonne-foyren ardurapeko Le Nouveau Testamentaren izenburu osoa eta hasierako gutuna irakurtzea. Argi uzten da bertan behar bezala zuzendua eta finkatua zela frantsesezko bertsio kanonikoa, “behin betiko” ikuskatze-lanak Kalbinek berak eta Theodore de Bèze teologoak eginak zirelarik” (Salaberri, 2010a: 112-113).

Kalendrera, bestalde, bere izenak dioen bezala, 16 orrialdeko egutegi soila da, erlijio-egutegia: “ezin ahantz daiteke jai mugikorrak, pazkoa, ilargi berria eta beste zenbait gauza noiz diren jakiteko egutegia baino ez dela eta ez duela balio berezirik. Ezaguna denez, horrelako egutegien xedea herritarren bizimodua parametro erlijiosoen barnean finko mantenaraztea ohi zen, besterik gabe” (Salaberri, 2002: 62).

ABC, edo Christinoen instructionea othoitz eguiteco formarequin, azkenik, haur eta gazteak gogoan hartuta egindako liburua da: “Haur eta gazteak ikusmiran izatearen aitzakiak emanarazi zion liburuari ezaugarri duen formatu didaktikoa eta arina, atal laburrez osatua eta, ia oso-osorik, buruz ikasteko eta erraz oroitzeko modukoa.” (Salaberri, 2010b: 111). Salaberriren hitzei jarraiki, honela bana daiteke Leizarragaren itzulpen hau: “Egiturak egitura, liburutto hau gaien arabera desglosaturik aurkeztuko balitz (…) lau bat atal nagusi nabarmendu beharko lirateke, hots, hitzaurre modukoa den atala, atal gramatikala edo dei daitekeena, atal artimetikoa eta, funtsezkoena dena, atal doktrinala” (2010b: 119). Badirudi Leizarragaren ABCa Lyonen 1555an argitaratutako eredu kalbindarrari jarraiki egin zuela.

Leizarragak bere lana amaitu zuenetik Roxelan argitaratu zenera arte sei bat urte igaro ziren. Bada, Joana Albretekoa erregina 1572an hil zen, eta handik bi urtera (1574) eman zuten lana banatzeko baimena; hortaz, izan daiteke erreginak berak itzulpenak ikusi ez izana. Obren inguruko zalantzak ez dira hor amaitzen, ordea: Vinson ikertzaileak 40 bat aleko tirada egin zela esan zuen, baina ale batzuen eta besteen arteko aldea nabarmena da, idazkeran bertan. Adibide bakarra hautatzearren, ale batean arthalde dena besteren batean arthegui da, hots, nahita egindako aldaketa nabarmenak daude. Txandaketa horiek ikusita, Lacombek lanak baten baino gehiagotan argitaratu zirela proposatu zuen, baina Vinsonek kontrako argudioa eman zuen, inprimatu ahala Leizarragak berak proposaturiko aldaketak izan zitezkeela esanda.

Lanak sasoiz amaitu eta kaleratu ziren arren, hots, argia ikusi zuten arren, protestanteen asmoen porrotak Leizarragaren itzulpenek euren helburua bete ezin izatea eragin zuen. Joana Albretekoa hil zenean Enrike III.a Nafarroako erregeak (Enrike IV.a Frantziakoa) erlijio katolikoa berrezarri zuen, bai eta kultu protestantea debekatu ere. 1589an Frantziako errege izendatu zuten, eta katolizismora bihurtu zen. Handik sei urtera Rex Christianissimus izendatu zuten, eta hortik bere esaldi ezaguna: “Merezi du Parisek meza bat”. Ondoko mendeetako euskal idazleak, gainera, indarrez sartu ziren, eta bestelako ereduak sendotu zituzten. Hori horrela, Leizarragaren lanak ez ziren XIX. mendera arte berrargitaratu, euskal ikertzaileen eskutik batik bat, eta zatika.

1831n S. Mattheuren 5, 6 eta 7. atalak kaleratu ziren euskaraz eta grekeraz. 1868an, Bonaparte printzearen aginduz, S. Ioanen Ebanjelioa. 1874an S. Marcen Ebanjelioa eta Leizarragak erreginari idatzitako gutuna euskaraz eta frantsesez. 1877an S. Matheuren Ebanjelioa eta 1889 eta 1894 artean Dogsonek zenbait pasarte solte argitaratu zituen. 1900. urtean, baina, berrargitalpenen egoera ere aldatu egin zen; izan ere, Schuchardt-ek eta Linschmann-ek beskoiztarraren obra osoaren berrargitalpen faximila prestatu zuten, bai eta hitzaurre gogoangarria gehitu ere alemanez. 1970ko hamarkadan Hordago argitaletxeak 1900eko obraren faximila kaleratu zuen, eta 1990ean Euskaltzaindiak beste horrenbeste egin zuen. Azken urteotan bi argitalpen berri egin dira: Nafarroako Aurrezki Kutxak Testamentu Berriaren edizio faxilima argitaratu zuen 2007an, Fernando Pérez Ollo, Xabier Kintana, Henrike Knörr eta Txomin Peillenen testu argigarriekin. Euskaltzaindiak, bestalde, Kalendrera argitaratu zuen 2009an (Xabier Kintanaren edizioa).

Itzulpenak itzulpen, edizioak edizio eta iturriak iturri, Leizarragaren hizkerak edo, hobeki esanda, Leizarragak hautaturiko hizkerak ematen die atentzioa egungo ikertzaileei, batik bat. Zalantzarik gabe lan handi, sakon eta zaila egin behar izan zuen beskoiztarrak agindutako lana gauzatzeko; izan ere, hizkuntza-eredu bat hautatzeaz gain, sortu egin behar izan zuela uste dute ikertzaile gehienek. Ezaguna da Leizarragaren beraren honako esana: “Gaineracoaz den becembatean, batbederac daqui heuscal herrian quasi etche batetic bercera-ere minçatzeco manerán cer differentiá eta diuersitatea den”. Mitxelenak esan bezala:

“El traductor era plenamente consciente de las dificultades de su tarea (…) Construir la prosa de una lengua sin cultivo precisamente en la traducción de unos textos de carácter muchas veces nada apropiado y a los que se debía la más estricta fidelidad, escoger entre distintos usos lingüísticos, de suerte que el resultado de la selección no restringiera automáticamente el número de posibles lectores, no era ciertamente una empresa sencilla” (1960: 49-50).

Hotsei eta morfologiari dagokienez, eredu zinez arkaikoa da Leizarragarena. Lexikoaz den bezainbatean, bestalde, latinerako daukan joera nabarmena da edozein pasarte irakurri orduko: “[era un] culterano desenfrenado” (Mitxelena, op.cit.: 50). Hainbatek esan legez, zalantzarik gabe jatorrizko testuetatik (gehiegi) aldendu behar ez izateak izango zuen eragin zuzenik latinarekiko “zaletasun” horretan; hots, eredutik hurbil idatzi beharra, jatorrizko testuek esaten zutena albait berdinen islatu beharra, izan daiteke egilea latinera hainbeste hurbiltzeko arrazoietako bat. Eta ideia horren alde egiten du itzulpenak ez diren testuetan, gutxi izan arren, egilearen joera hori “lasaitzea”, nolabait esatearren.

Arkaismora, bestalde, jende gehiagorengana heltzeko jotzen zuela uste zuen Mitxelenak: “Fue con seguridad la necesidad de que su versión resultara asequible para el mayor número posible de vascos lo que le llevó al arcaismo, dando de lado todo aquello que, sobre todo en los sonidos, era reciente y diferenciad”r” (op.cit.: 51). Usteak uste eta hipotesiak hipotesi, oraindik ere egiteke dago Leizarragaren hizkeraren azterketa dialektologiko zehatza, hots, neurtzeke dago, neur daitekeen neurrian, zer puntura arte baliatu zuen beskoiztarrak bere inguruko euskara edo beste ereduren bat.

BIBLIOGRAFIA

ALDEKOA, Iñaki (2004): Historia de la literatura vasca. Erein. Donostia.

MITXELENA, Koldo (1960): Historia de la literatura vasca. Minotauro. Madrid.

SALABERRI, Patxi (2002): Iraupena eta lekukotasuna. Euskal literatura idatzia 1900 arte. Elkar. Donostia.

___, (2010a): “Iturri urdinen bila (Leizarragaren Testamentu berria eta hari erantsitakoak). Egan. 2010-1/2. 109-149. or.

___, (2010b): “ABC, edo christinoen instructionea (1571). Egan. 2010-3/4. 111-138. or.

___, (2010c): “Leizarragaren Kalendrera: ariera eta korapiloak”. Sancho El Sabio. 32. 117-141. or.

VILLASANTE, Luis (1961): Historia de la literatura vasca. Sendo. Oñati.

XARRITON, Piarres (2009): “Leizarraga”. Egan. 2009-1/2. 155-98. or.

ZULAIKA, Esther (1998): Ioanes Leizarragaren aditza. Deustuko Unibertsitatea. Donostia.

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus