Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH)

« »

LASA, MIKEL

(1938)
Iñigo Barbancho

Mikel Lasa Getarian jaio zen 1938ko irailaren 1ean. Ume zela Getariara joan zen bizitzera eta bertan eman zituen lehen urteak. Ikasketak La Salle ikastetxean burutu ostean, Salamancako Unibertsitatean Filosofia eta Teologia ikasi zuen lehendabizi. Ondoren, karrera erlijiosoa bertan behera utzita, Ekonomia eta Informatika ikasi zituen. Ikastolen irakaskuntza programazioaren arduradun izan da, eta Lenizeko bailarako zenbait ekintzen sustatzaile. 1965. urtean euskaltzain urgazle izendatu zuten.

Bizitza publikoa, ospea eta komunikabideak saihesten erruz saiatu den aldetik, ezer gutxi gehiago esan daiteke Lasaren bizitzari buruz. Gizon isila, diskretoa eta hitz gutxikoa da, batetik, eta obra laburreko idazlea, bestetik. Bere eragina, ordea, handia izan da, literaturaren historiagileei begiratuz gero. Jorge Oteizak Gabriel Aresti, Juan San Martin eta Joxe Azurmendirekin batera euskal poesiaren modernitatearen aitzindaritzat zuen Mikel Lasa, eta Mirande eta Iratzederren (baita Blas de Otero eta Celayaren) oinordeko aldi berean. Ibon Sarasolak eta Jon Juaristik, beren aldetik, Lasa aparteko poeta dela pentsatzen dute, bide berriak urratu zituena (Maraña 1993: 335-336). Lasa euskal tradiziotik aldendu zela ere batek baino gehiagok aipatzen du, Gabriel Arestiren poesia sozialetik bereizi baitzen: “Lasaren poesiaren pertsonaia ez da kokatzen Arestirena bezala gizarte konprometituan, baizik eta gizon bakoitzaren problematikaren inguruan dabil, gizon desustraituaren gatazkaren inguruan dabil: gizonaren bakardadea, ezereztasuna, maitasun-nahia eta eza, bizitzaren tristura…” (Zabala 1979).

Aipatu berri ditudan gai horiek jorratu izanagatik, zein heriotza, denboraren igarotzea edo oinazea jorratzeagatik, Lasa existentzialismoarekin erlazionatu izan da. Felipe Juaristiren ustetan, aitzitik, existentzialismoarekin baino humanismoarekin lotu beharko litzateke poeta donostiarra: “Mikel Lasa no ha sido ni fue un existencialista en el sentido correcto de la palabra (…). Mikel Lasa es ante todo un humanista que da gran importancia al hombre y a todos los sentimientos que le rodean, que sitúa al hombre en el centro de su mirada, que vibra, tiembla y llora con los avatares del hombre” (1993: 12).

Mikel Lasaren poesiaren iturriak, alde batetik, sinbolismoan daude, Charles Baudelaire eta Arthur Rimbaud poetetan. Azken horrekin konparaketa egitea ia derrigorrezkoa da ez bakarrik Denboraldi bat infernuan poema sorta euskaratu zuelako Lasak, edo frantsesaren antzera obra labur bat burutu ostean isiltasunean murgildu zelako, ez bada haren ildoa jarraituz euskal literatura tradizionalaren moldeak hausten saiatu zelako, surrealismoaren zenbait teknika eta errimarik gabeko bertsoa darabilen poesia sortuz (Aulestia 2000: 26). Sarasolak aipatzen duenez, Lasaren “dohain nagusia frasean datza, sintaxiaren lege elementalenak maisuki hautsirik lortzen duen bizitasun autonomo eta ritmo uhaintsuan” (1971: 70).

Baudelaireren eragina estiloan eta aukeratutako gaietan ikus daiteke, bidaia, katuen presentzia, nostalgia, malenkonia, galdutako amodioa edo spleen-a bai Baudelerek eta baita Lasak ere oso maite baitituzte. “Horixe da Mikel Lasak aukeratu duen bidearen hasiera eta era berean amaiera; bide hori, Baudelaireren gisan esateko, gaizkiaren bidea da. Desolamendua. Bakardadea. Lehen gizonak eta lehen emakumeak beren haragi-hezurretan itsatsirik ikusi zuten sentimendua, paradisutik bidaliak izan zirenez geroztik” (Juaristi 1993: 20).

Baudelaire eta Rimbaudez aparte, Albert Camus eta Simon Weilen eragina aipatu behar dugu. Lehenengoarekin gizabanako errebeldearen gaiak lotzen du Lasa. Egan-en Camusen L’homme revolté entseguaren inguruan idatzitako artikulu batean, idazle frantsesa maisutzat ez, anai eta laguntzat hartzen duela dio Lasak. Simne Weil ekin, aldiz, giza ekintzen traszendentziaren ideiak lotzen du.

Mikel Lasaren obrari dagokionez, lehen ere esan dugu laburra dela: behin baino gehiagotan eta forma ezberdinetan argitaratutako poema sorta batek, hego-amerikar literaturari buruzko entsegu batek eta zenbait itzulpen eta artikuluk osatzen dute.

Poesian, lehen lanak 1963tik aurrera kaleratu zituen hainbat aldizkaritan. 1971n poema horiek guztiak elkartu eta arreba Amaiarekin batera Poema bilduma izenburudun liburua argitaratu zuen Herri Gogoa argitaletxean. 1984an liburu haren edizio berri bat egin zuen, Erein argitaletxean, egile kiderik gabe. Ordukoan, poema berri batzuk erantsi zituen, eta baita eskuz egindako zenbait ilustrazio. 1993an Euskal Herriko Unibertsitateak hirugarren aldiz eman zuen argitara Lasaren poema sorta, Memory Dump –“memoria hustuketa” esan nahi duen termino informatikoa– izenburupean. Bi poema berri gehitu zituzten edizio horretako arduradunek: “Bien artean”, Olerti aldizkarian 1965. urtean argitaratua, eta “Hemen datza Popeye”, Gabriel Arestiren omenez 1978. urtean idatzia. Horrez gain, argitaragabeko testu bilduma bat, “Osagarriak”, erantsi zuten.

Lasaren poesiaren bereizgarritasunak hauek lirateke, Xabier Mendiguren eta Koldo Izagirreren ustez: “Besteak beste, hitzen aukeraketa sotil, zehatza; nostalgiaz zipriztindutako jarrera malenkoniatsua; sentsualtasun fin bat, moraltasunaren zama astunaz gabetua; errealitate hurbil eta konkretua, gauzak berak hartzea gaitzat; kulturalismoa, Europako joera eta jarrera berriak txertatzea gure literaturan” (1998).

Entseguari dagokionez, 1972an Nobela berria Hego Amerikan literatur kritikako liburua argitaratu zuen, koloniar garaitik 1970era bitarteko Hego Amerikako eleberriaren garapenaren azterketa du. Liburuan errealismo soziala eta magikoa, intimismo lirikoa, abangoardismoa, errealitatea eta fantasiaren arteko mugak eta beste zenbait gai jorratzen ditu Lasak, García Márquez, Vargas-Llosa, Borges edo Cortázar idazleen obrak kontutan hartuz.

Itzulpenez denaz bezainbatean, Lasak Alfonso Sastreren Historia de una muñeca abandonada Bazterrean utzitako panpinaren ixtorioa (1984)– antzerkia, Marcel Schowben MimeMimoak (1985)– ipuin sorta, Michel Tournieren Vendredi ou la vie sauvageOstirale edo bizitza basatia (1986)– nobela, Arthur Rimbauden Une saison en enferDenboraldi bat infernuan (1991)– poema-librua eta Gabriel Celayaren zenbait poema euskaratu ditu Gaviota. Antología esencial (1988) libururako.

Azkenik, Egan, Olerti, Yakin, Argia, Literatura Gaztea eta Porrot aldizkarietan eta El Diario Vasco egunkariko “Zabalik” eranskinean hainbat artikulu idatzi ditu gai anitzei buruzkoak denak, hala nola, existentzialismoa, Gabriel Arestiren Harri eta Herri lanari buruzko gogoeta, Bitoriano Gandiagaren poesia, edo ekonomia eta politika internazionala.

BIBLIOGRAFIA

AULESTIA, Gorka (2001): “Un siglo de literatura vasca (IV). Mikel Lasa”. Sancho el sabio: Revista de cultura e investigación vasca. 15.

IZAGIRRE, Koldo (2000-2002): XX. mendeko poesia kaierak. Susa. Zarautz. http://zubitegia.armiarma.com/aipa/kai/00101.htm

JUARISTI, Felipe (1993): “Mikel Lasa: Parábola del extraño”. Memory Dump (1969-1990). Euskal Herriko Unibertsitatea. Leioa. 1993. 9-16.

_____________ (1993): “Ibai berak garamatza”. Memory Dump (1969-1990). Euskal Herriko Unibertsitatea. Leioa. 17-22.

MARAÑA, Félix (1993): “Noticia –y bibliografía– del discreto”. Memory Dump (1969-1990). Euskal Herriko Unibertsitatea. Leioa. 335-338.

MENDIGUREN, Xabier/ IZAGIRRE, Koldo (1998): Euskal literaturaren antologia. Elkar. http://zubitegia.armiarma.com/aipa/men/00101.htm

SARASOLA, Ibon (1971): Euskal literaturaren historia. Lur. Donostia. http://zubitegia.armiarma.com/aipa/sar/00101.htm

ZABALA, Enrique (1979): Euskal literatura alfabetatzeko. Pax. 1979. http://zubitegia.armiarma.com/aipa/zab/00101.htm

 

« »
Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus