« KARDABERAZ, AGUSTIN | LANDA, MARIASUN » |
KEREJETA, MARIA JOSE
Euskal Filologia ikasi zuen goierritar honek poesia liburu bakarra kaleratudu: Ezezagun baten kuadernoa (1988). Obra horrekin Irun Hiria literatura saria irabazi zuen aurreko urtean, hain zuzen ere.
Erreferentzia bakar horrekin, bistakoa da, zaila dugu bere “ibilbideaz” gauza askorik esatea, edo bere ekoizpen literarioaren barnean lan hau nola kokatzen den azaltzea.
Zalantzarik gabe kontuan hartzeko liburua delarik, eta edizio bakarra izan zuenez gero, bibliofiloentzat produktu interesgarria bihurtu da. Bere misterioa areagotzen duen beste gertaera bat dugu ondokoa: egilea bera literaturaren mundutxotik aparte bizi nahi izan duela, eta bere poemak antologietan agertzea ez duela gustuko. Liburua argitaratu zuenetik ez du literaturaren eremuan bestelako sartu-irtenik, horrek dakartzan galdera-ikur guztiekin.
Aurreko literatur lanen erreferentziarik ezak izenburuan arreta jartzera garamatza lehenengo eta behin. Azkeneko hitza, “koadernoa”, ebokatzailea da: euskal literatura pixka bat ezagutuz gero, Sarrionandiaren bidaia-koadernoa edo kaiera etorriko zaio baten bati burura. Izan ere, liburua bidaiatzat ere irakur daiteke “Dibortzio tramitazioa” iragartzen denetik, oroimenetik erreskatatutako lekuetan barna (Venezia, Grezia, Istambul, Sarajevo, Lesbos, Paris…) norberaren baitara (berriro ere) ailegatu arte. Eta bidaia horretan fikziozko ni baten ahotsa dugu gidari. Ni hori, baina, ezezagun zaie beste bidaiariei, eta ezezagun zaio, agian, Mari Jose Kerejetari ere.
Aitortza batek markatzen du poesia-liburu osoako berbaldia: maitasuna zoriontasuna delako ustea ustel bilakatu zaio poemetako “ezezagunari”. Maitasunaren esperientzia iruzurtiak mikaztuta utzi du poesia-liburu honen tonua, eta esperientziaren poesiaren eremura eraman du lana.
Kanpoko elementuei erreparatzen jarraituta, liburuaren egiturari ironia puntu bat antzematen zaio. Hiru zati edo partetan dago banaturik. Hasierako parteak “Sarrera labur gisa (aurretik)” dauka izena. Gero liburuari izena ematen dion zatia dator gero: “Ezezagun baten kuadernoa”. Azkenik, eta kurioski, beste sarrera bat ageri da: “Bigarren sarrera (atzetik)”. Zati bakoitzari tonu desberdin bana egokitzen zaiola ematen du. Esperientzia eta exotismoa, maitasuna eta ahaztura, eta bestelako binomioak zatitan banatzen dira parteotan.
Biografiak gainezka egiten dio poesiari eta, agian horregatik, Kerejetaren berbaldi poetikoak surrealismoari ez dio lekurik uzten. Esperientziaren komunikazio horren berri ematean irakurleari ez zaio traba handirik jartzen. Are gehiago, ulermena erraztu egiten zaio. Ondo zaindutako hizkera eta irudiak darabiltza maitasunean beharrezkoa den “zu” bati eskainitako bertsoetan, baita erotikotasunaren bueltan ere. “Zu” hori poesiazko maitalea izan daiteke, maitasun iruzurtiaren konplizea, errugabea, agian, patuaren morroia. Jada “ezagunegia” bilakatu baita bere “solas loreduna”. Maitasunaren hasierako ilusioari, “haragiaren betearen” ostean, komunikazio eza jarraitu zaio: “[…] nik begietara begiratzen dizut, eta zuk / besteekin hizketan jarraituz, ez duzu ezer ulertzen”. Emakumearen intuizio eta hitzik gabeko komunikazioarekin tupust egiten du gizonezkoak bere pentsaera lineal eta kontzeptualegiarekin, esperientziatik urrunegi, sarritan. Denbora eta espazioa (urruntasuna) maitasunaren kontrario bihurtzen dira, edo hasierako “dibortzio” poetikoaren notario mingotsa, ilusio eta bizipozen ehorzle.
Ilusioak ilusio, ez dirudi berriro ere poesia idazteko grina handirik izan duenik azken hamarkadotan, bestelako lanik ez baitu argitaratu genero horretan. Koldo Mitxelenak proiektaturiko Orotariko Euskal Hiztegian, ostera, bai, lanean aritu da. Horrek, jakina, “erraztasuna eman dio euskalki guztiak, zubereratik bizkaieraraino, ezagutzeko eta hizkuntza aberasteko”, nahiz eta aberastasun hori bestelako poesia lanetan ez duen isuri.
BIBLIOGRAFIA
ARANO, Jon (1989): “M. Jose Kerejeta: Askotan, adierazterakoan, egokiena ez da ohizko literatur tresneria” in Argia. 1989-02-05. 1231.
KORTAZAR, Jon (1997): Luma eta lurra. Labayru Ikastegia. Bilbao Bizkaia Kutxa. Bilbo.
MARKULETA, Gerardo (1995): “Ezezagun baten koaderno ahaztua (artikulu-edo interaktiboa)”. Hegats. 1995-11.
« KARDABERAZ, AGUSTIN | LANDA, MARIASUN » |