« JIMENEZ, EDORTA | JUARISTI, FELIPE » |
BAZILIO JOANATEGI
Bazilio Joanategi 1837. urtean jaio zen Isturitzen. 1862.ean apez egin zen eta 1880.ean Belloc-eko beneditarren etxean sartu zen. XX. mendearen hasieran Frantzian eliza eta estatuaren arteko tirabirak zirela-eta exiliatu behar izan zen (Belloc-eko beneditarrek 1903.ean alde egin zuten Frantziatik), Lazkaora. Bertan hil zen 1921.ean.
Euskal idazlea zen aldetik, erlijio liburuak eta sainduen bizitzak kontatzen dituzten idazlanen egilea izan zen, baina batez ere azken hauengatik izan da famatua euskal literaturan.
Hauxe da Bazilio Joanategiren liburuen zerrenda Villasantek ematen duena informazioaren arabera (Villasante 1978: 197-198):
- Ehun bat Sainduen bizitzea (1876)
- Zerurako biderik errexena (1887)
- San Benoaten bizitzea (1887)
- Sainduen Bizitzea (1890)
- Bihotz sakratuaren hilabetheko esku-liburua (1894)
- Sainduen Bizitzea, Bigarren Zatia (1900)
Sainduen bizitzak kontatzeko argitaratu zituen azken bi liburuetan (1890. eta 1900.ekoetan alegia) idazleak asmoa zuen urteko egun bakoitzeko saindu baten bizitza kontatzea, hain zuzen ere egunari zegokiona. 1890.eko liburuan urtearen lehenengo lau hilabetekoei zegozkien biografiatxoak argitaratu zituen, eta bigarren liburuan bi hilabete gehitu zizkion dagoeneko argitaratuta zeukan lanari. Dena dela, lan handi hura bertan behera utzi behar izan zuen, salmenta-faltagatik desanimatu eta egitasmoa baztertzea erabaki baitzuen.
Liburu hauek idaztean egin zuen lanaz gainera, 1891.etik Fedearen propagazioneko urtekaria aldizkariaren zuzendaria izan zen.
Bazilio Joanategi prosagile ona zelako ospea zuen bere garaian. Idazle honen idazkera erreza eta argia da, eta sainduen bizitzak kontatzeko narratzaile trebe moduan agertzen da. Bestaldetik, euskaldun arruntek irakur zezaten idazten zuenez, halako euskaldunek erabiltzen zuten hizkuntzara hurbiltzeko saioa egiten zuen bere idazlanetan
BIBLIOGRAFIA
MITXELENA, Koldo (2001): Historia de la literatur vasca. Erein. Donostia. 133. orr.
SALABERRI MUÑOA, Patxi (2002): Iraupena eta lekukotasuna. Euskal literatura idatzia 1900 arte. Elkar. Donostia. 193-194. orr.
URQUIZU, Patricio (dir.) (2000): Historia de la literatura vasca. UNED. Madril. 347. orr.
VILLASANTE, Luis (1979): Historia de la literatura vasca. Editorial Arantzazu. Oñati. 196-198. orr.
« JIMENEZ, EDORTA | JUARISTI, FELIPE » |