« JAUREGI, KOLDOBIKA – “JAUTARKOL” | BAZILIO JOANATEGI » |
JIMENEZ, EDORTA
Edorta Jimenez Mundakan jaio zen 1953ko azaroaren 8an. Eskola ikasketak sorterrian egin zituen 1957tik 1964ra artean. Gero, Lanbide Heziketa jaso zuen Bilboko Salesianoetan, 1964-1971 bitartean. Magisteritza ikasketak egin zituen Bilbon 1980ko hamarkadako lehen urteetan, Euskal Filologia arloan. Bermeoko Itsasketa Eskolan ere zenbait ikasketa egina da Jimenez, 1990ko hamarkadan.
Orotariko lanetan ibili izan da: literatura sorkuntzan, telebistako gidoigile, dokumentalen koordinatzaile zein Egin, Gara, Egunkaria edo Nabarra kazetetako artikulugile. Horrez gain, literatura ekimenen eragile ere bada, hala nola, Ahotsenea Sortzaileen Gunea (Durangoko Liburu eta Disko Azokan) delakoaren antolatzaileetakoa, Bermeoko asteburu erotikoen antolatzaile eta Irakurrieran (Bizkaia irratia) irratsaioko gidari Gotzon Barandiaranekin batera. Literatur ibilbideak prestatu eta gidatu izan ditu. Azken urteotan, Txalaparta argitaletxean Literatura bildumaren ardura darama.
Edorta Jimenez ezergatik ezaugarritu badaiteke, honako lau jokamoldeengatik da: produkzio ugaria (ia liburu bat urtean); darabilen hizkera (bizkaieraz aberastutako batuaren aldeko apustua egiten du); historian girotutako eleberri zein narrazioetarako egiten duen dokumentazio lan ugaria; eta izateko modu polemiko edo salatia, ezen, mihia beldurrik gabe astintzeko duen ahalmenak beti agertzen baitu literatur sistemarekin, sistema politikoarekin, gizartearen egiturarekin zein historiari begiratzeko dugun muduarekin desadostasunez.
Idazle legez poesiaren alorrean aritu zen hasieran, 1980ko hamarkadan, non Omar Nabarro ezizenaz sinatzen zuen. Aro horretako poema hautatuak ageri dira, Koldo Izagirrek sarrera egiten dielarik, 2001ean Susak argitaratutako XX. Mendeko poesia kaierak bildumako, Omar Nabarro alean. Halaxe dio bertan Izagirrek Jimenezen poesiari buruz:
“Badu Omar Nabarroren poesiak historikotasunaz sakonagoko elementu bat, gordeago edo nabarmenago etenik ez daukana bere poema liburu guztietan, hiriaren gogortasun fisiko eta espiritualari kontrajartzen zaiona: ura, euria, itsasoa, likidotasuna. Han-hemenka ageri dituen tanta, euri, itsas txori, marea, uhin ugariek ordezkatzen duten isuritasun horretan egin nahi du bat Nabarrok, horretan urtu.”
Baina ez omen zuten Jimenezen poesia liburuek oihartzunik ukan, edo ez zen egilea, behinik behin, ohiartzunaz ohartu. Aitortu digunez hero, gauza garrantzitsuago batez konturatu zen: “Halako batean poesia zer den eta zer ez den bereizteko gai ez nintzela, nire burua ez nuela errepikatu nahi eta prosak itzel tiratzen ninduela. Poesiaren bidea agorturik nuelakoan ekin nion prosari”.
Poesiaren aroa lagata, prosari ekin zion, eta urtero ia liburu banarekin etorri. Jimenezek berak azaldu digun legez, hiru ziklotan sailka daiteke bere lana:
Lehen zikloari Euskal Herria urbanoaren zikloa esaten dio, non bere poesia lanez gain (Itxastxorien bindikapena, 1985; Egutegi sentimentala, 1986; Gaua zulatzen duten ahausietan, 1987; eta Odoleko eskifaia, 1989) ondokoak sartzen dituen: Atoiuntzia, 1990 (narrazioa); Speed gauak, 1991 (Eleberria); Manhattan, 1994 (ipuin-bilduma) eta askoz berriagoa den Ispiluaren kalteak, 2008 (narrazioa). Zinea. Rock and Rolla, sexua, gaua, drogak… dituzte lanok berbagai eta hausnarketagai. Lan hauei buruz gaien gordintasuna aipatu izan da batez ere liburuak iruzkintzerako orduan.
Bigarren zikloaren helburutzat inguruko historia irudikatzea du Jimenezek. XVI-XVII mendeetan lekuturiko zikloa da. Piztien itsasoa deitu zuen thriller historikoaren trilogia (Baleen berbaroa, 1999; Sukar ustelaren urtea, 2004; Azeria eta lehoia, 2007) hemen sailkatu beharko genuke. 1571. urtean jaiotako Sebastian Zubiletaren historiatik abiaturik, baleen arrantza, inkisizioa, maitasun istorioak, Felipe II.aren armada… ekarriko dizkigu autoreak, dokumentazio lana ageri-agerian dagoelarik. Ziklo honetakoak dira, halaber, Urdaibaiko ipuin eta kondairak, (1996) eta Laudanoa eta sutautsa (1996) ipuin bildumetako ale batzuk.
Gerraren eta gerraondokoaren zikloa da Jimenezek berak emandako zikloetan azkena, hirugarrena. Kasu honetan, idazlearen zioa herriaren eta ingurukoen historia literaturizatuta ematea da. Autorearen beraren iritziz, ondokoak dira zikloaren bereizgarriak: testigantza, historiarekiko atxikimendua eta kazetaritzaren eragina. Zikloa Azken Fusila eleberriarekin (1993) hasi zen. Gerraondoan girotutako nobela da, “makien” giroa eta garaiko harremanak berpizten dituena.
2003an argitaratutako Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan saiakera lana izan zen gerraz idazteko lehen pausoa. Dokumentazio zabala bildu zuen lan horretarako eta soka luzea ekarri zuen: batetik, Ameriketan hasi zuelarik obra, Ameriketako euskaldunei emandako lanak, tartean 2006an argitaratutako Koioteren arrastoa kronika; eta bestetik, Robert Capa argazkilari famatuaren biografia zein haur eta gazteentzat idatzitako George L. Steer, Gernikan izan zen kazetaria. Gerrari buruzkoen gainean idazteko prest zegoela iritzita, 2003an Kilkerren hotsak eleberria etorri zen. Aipatu dokumentazio lanaz gain, badu eleberriak idazlearenetik, idatzi ahala backgrounda azaleratzen zitzaiola (familiaren historia eta bere bizipenak) sentitu baitzuen.
Nabarmendu beharrekoa da azken hori (idazleak, zuzenean edo zeharka, beretik ematea, bere iritziak azaltzea…) autorearen beste ezaugarri aipagarrietako bat dela. Jimenezen lanetan beti ageri da bere backgrounda han hemen, haren hausnarketak hauteman daitezke, sarri idazlea bera narratzaile izateraino. Eta hortik dator, beharbada, Jimenezek aipatu hiru zikloei gaineratu dakioken laugarren bat, berak “burufikzioa” esaten diona. Aro horretakoa da Stock 13 obra. Hamairu atalek osatzen dute obra eta autoreak bere burua biluzten du, haren maitasun eta sexu esperientziak kontatuz.
Bestelako lanak ere egin izan ditu, hala nola, 1995an argitara emandako Hemen datzana da narrazioa Julene Azpeitia saria ukan zuelarik Elkarrek bilduma batean kaleratua, edo 1997an argitaratutako Itzala itzuli zenekoa (Haur eta gazte literatura), Bermeoko Liburutegian idazleak egindako irakurtzaletasunari buruzko saio sortaren emaria. 2001ean, ostera, kronika liburua egin zuen Europako mugetan barrena izenekoa. Orotariko generoak landu ditu Edorta Jimenezek, baina Jon Kortazarren iritzian:
“Edorta Jimenezen lanek genero-literaturaren indarra agertzera erakusten badute ere, idazlea saiatzen da generoetatik urruntzen, eta pertsonaiak baino gehiago giroak osatzen eta gaiari berebiziko indarra ematen” (Kortazar 2003, 280. or.).
Hainbat hizkuntzatara itzuli izan dira Jimenezen obrak. Gaztelaniara ez eze Italierara (La voce delle balene, L’ultimo fucile) eta Alemanera (Der Lähm der Grillen). Halaber, laster izango dira kalean Baleeen berbaroa alemanieraz eta Sukar ustelaren urtea italieraz. Gaztelaniara egindako itzulpenen artean aipagarria da Argentinan aterako den El año del tifus, azken mende erdian bederen, euskaratik gaztelerara bertan itzuli eta bertako espainolez argitaratu den lehen liburua.
BIBLIOGRAFIA
ALDEKOA, Iñaki (2008): Euskal literaturaren historia. Erein. Donostia. IZAGIRRE, Koldo (2000): “Sarrera”. XX. Mendeko poesia kaierak, Omar Navaro., Susa. Donostia.
KORTAZAR, Jon (2003): Euskal Literatura XX. Mendean. Pramés-Las tres sorores. Zaragoza.
OLAZIREGI, Mari Jose (2002): Euskal Eleberriaren historia. Labayru ikastegia eta Amorebieta-Etxanoko udala.
« JAUREGI, KOLDOBIKA – “JAUTARKOL” | BAZILIO JOANATEGI » |